Trump, berriro agintera

Ane Insausti Barandiaran

1. ITZULERA

Etzi hartuko du AEBetako presidente kargua Donald Trumpek (New York, AEB, 1946), bigarren aldiz. 2016ko bozak irabazi zituen, eta agintean izan zen 2021. urtera arte; lau urte geroago, boterera itzuliko da. Alderdi Errepublikanoko hautagaia da, eta hauteskundeetan nabarmen nagusitu zitzaion Kamala Harris Alderdi Demokratako hautagaiari, boto gehien eskuratu eta estatu erabakigarrietan gailenduta.


2. ZER IBILBIDE IZAN DU?

Trumpek enpresa munduan egin zituen lehenengo urratsak: Ekonomia ikasi ondoren, familiaren enpresan hasi zen lanean, Elizabeth Trump & Son izenekoan. Ondoren, Trump Organization izena hartu zuen. Hainbat urtez, AEBetako eta Unibertsoko missen edertasun lehiaketak finantzatu zituen. 2016. urtean aurkeztu zen Alderdi Errepublikanoko hautagai bihurtzeko hauteskunde primarioetara. Behin eta berriro promes egin du AEB Amerikako Estatu Batuak handi egingo dituela berriro, hori baita haren leloa: Make America great again.

3. NOIZ GALDU ZITUEN HAUTESKUNDEAK?

2021. urtean, Joe Biden Alderdi Demokratako hautagaia gailendu zitzaion. Trumpek ez zuen onartu emaitza, eta 2021eko urtarrilaren 6an, Washingtonen, Trumpen jarraitzaile batzuek, hark xaxatuta, indarrez hartu zuten Kapitolioa, Kongresua biltzen den lekua. Save America (salbatu Amerika) izeneko manifestazio batean parte hartzen ari ziren protestariak, eta Mike Pence orduko presidenteordeari eskatzen zioten Joe Bidenen garaipena ez onartzeko. Botoa emateko makinek okerrak egin zituztela zioten, nahiz eta ez den halakorik frogatu. Lehenago ez zen sekula halakorik gertatu AEBetan.


4. ZER MEZU ZABALTZEN DITU?

Gezurra zabaltzea izan da Trumpen ohiko estrategietako bat: adibidez, hauteskundeetan bozkatzaileak erakartzeko, esan zuen demokratek AEBetan sartzen uzten dietela migratzaileei; Bidenekin inoizko inflaziorik okerrena izan dutela ere esan zuen, beste urte batzuetan inflazio handiagoa izan bazen ere. Fake news edo albiste faltsu horiek, hain justu, oso erraz zabaltzen dira, eta jendeak sinesteko arriskua dago. Horregatik da garrantzitsua informazio iturri fidagarrietara jotzea, egiazko informazioa jasotzeko.

5. ZER JENDE EZAGUNEK BABESTEN DU?

Jende ezagun askok babestu du Trump: Kayne West rap kantariak, Mel Gibson aktoreak... Halere, Elon Musk da horien artean ezagunena. Muskek berrehun milioi dolarreko dohaintza egin zuen Trumpen hauteskunde kanpainarako. Tesla enpresaren sortzailea eta X sare sozialaren jabea da Musk, besteak beste, eta munduko pertsonarik boteretsu eta aberatsenetako bat.


6. ETORKINEN AURKAKO MEZUAK

Etorkinak jomugan ditu Trumpek, haien aurkako mezuak zabaldu izan ditu etengabe, eta baita haien aurkako hainbat neurri hartu ere. Hain zuzen, Trumpek aginduta hasi ziren Mexikoren eta AEBen arteko harresia eraikitzen —dena den, Joe Bidenek eraikitzen jarraitu zuen—. Hainbat mezu zentzugabe ere zabaldu izan ditu migratzaileen kontra: hauteskundeetako debatean, esate baterako, esan zuen migratzaileak katuak eta txakurrak jaten aritzen zirela Springfielden.

7. ZER NEURRI HARTUKO DITU?

Beldurra zabaltzeko hainbat mezu zabaldu ditu Trumpek kargua hartu aurreko azken asteetan. Besteak beste,  esan du Ekialde Hurbila «infernu» bilakatuko dela Hamasek bahituak askatzen ez baditu. Mexikoren eta AEBen arteko muga erabat itxiko duela ere agindu du, migratzaileei eta drogari bidea ixteko. Hainbat herrialde bereganatzeko asmoa ere adierazi du: Groenlandia eta Panamako kanala, esate baterako; Kanada AEBetako 51. estatua bilakatzeko asmoa ere ba omen du. Ikusteko dago iragarpen horiek guztiak beteko dituen ala ez.


8. ZERGATIK ZIGORTU DUTE?

Trump izango da delitu larri batengatik zigortutako AEBetako lehen presidentea, Stormy Daniels auzian erruduntzat jo baitzuten. 2016. urtean Stormy Daniels pornografia aktoreari dirua ordaindu izana egozten zioten, emakumeak ez zezan zabaldu 2006an harremanak izan zituztela. Halere, ez diote zigorrik ezarri Trumpi. Auzi horretaz gainera, beste hiru prozesu judizial ere zabalik dauzka: lehena, Georgian 2020ko bozak manipulatzeagatik; bigarrena, sekretupeko dokumentuak Miamiko bere etxean ezkutatzeagatik; eta hirugarrena, 2021ean AEBetako Kapitolioan izandako istiluengatik.

9. ZER IRITZI DU KLIMA LARRIALDIARI BURUZ?

Presidente hautatuak klima aldaketa ukatzen du. 2016. urtean, Parisko Itunari uko egin zion: NBE Nazio Batuen Erakundearen hitzarmen bat da, ingurumenarekin lotutakoa, eta 176 herrialdek babestu zuten. Besteak beste, karbono dioxido gutxiago isurtzea du helburu, berotegi efektuari aurre egiteko eta Lurraren tenperatura bi gradu baino gehiago ez igotzeko, eta, hala, planetaren orekari eusteko.

top