Traktoreak kaleak hartzen

Ane Insausti Barandiaran

1. ZER GERTATU DA?

Azken asteetan, nekazarien protestak ugaritu egin dira Europako zenbait hiriburutan: Berlinen, Bruselan, Parisen... Nekazariak traktoreetara igota kalera irten dira, eta errepide ugari blokeatu dituzte. Euskal Herrian ere izan dira protestak: Ipar Euskal Herrian izan zen lehen kolpea, duela bi aste. Azken bi asteetan, berriz, Hego Euskal Herrian izan dira protestak.


2. ZEIN DA NEKAZARIEN EGOERA?

Nekazariek beren lana duintzeko neurriak hartzeko eskatzen diete erakundeei, eta gaur egungo egoeran itotzen ari direla salatzen dute. Izan ere, geroz eta zailagoa egiten zaie haien ekoizpena modu duin batean saltzea, eta merkatuko prezioekin lehiatzea. Oztopo burokratikoak ere salatu dituzte, zehatz-mehatz adierazi behar izaten baitute beren jarduna, eta, horretarako, ordu asko eta asko pasatu behar izaten baitituzte ordenagailu aurrean eta administrazioetako leihatiletan.

3. ZER SALATZEN DUTE?

Nekazari bakoitzaren errealitatea oso desberdina denez, behar eta arazo desberdinak dituzte. Sindikatu bakoitzak ere oso ikuspegi desberdina du; batzuek bat egin dute nekazarien protestekin, eta beste batzuek, ez. Bakoitzak bere argudioak eta egiteko moduak dituen arren, hauek dira nekazarien eskari edo protestetarako arrazoi orokorretako batzuk:

- MERKATU LIBREKO AKORDIOAK

Europako Batasunaren merkataritza libreko itunak produktuen inportazioak edo esportazioak nahi adina eta edozein baldintzetan baimentzen ditu, hau da, inolako mugarik jarri gabe. Horrek esan nahi du, hemengo produktuek atzerritik ekarritakoekin lehiatu behar dutela. Nekazariek itun horiek «berehala etetea» eskatu dute.


- AGROINDUSTRIA

Agroindustriaren ereduak, ekoizpena azkartzeko, lursailen bereganatzea eta ongarri kimikoen erabilera bultzatzen ditu. Horrek ondorioak ditu ingurumenean: biodibertsitatearen galera, deforestazioa eta klima larrialdia areagotzen duen berotegi efektua, esate baterako. Nekazari batzuek pestiziden eta ongarri kimikoen erabilpena baimentzea eskatzen dute, eredu horretan lehiakor izan nahi dutelako. Beste batzuek, berriz, eredua aldatu behar dela diote, eta nekazaritza baserritarra indartu behar dela defendatzen dute.

- SUPERMERKATUEN PRESIOA

Prezio duinak ezartzea ere eskatu dute nekazari batzuek. Izan ere, salatu dute supermerkatuko prezioak apalegiak direla, haien kostuak baino merkeagoak baitira. Badakite ezin dutela prezio horretan saldu, baina, era berean, badakite bezeroek supermerkatuko produktuak erostera jo dezaketela, merkeagoa baita.

- INGURUMEN NEURRIAK

Europako Batasunak ingurumen arauak ezarri dizkiete nekazaritza produktuei, klima larrialdiari aurre egiteko. Neurri horien artean dago, esate baterako, pestiziden eta ongarrien erabilera murriztea. Nekazariek, ordea, neurri horiek «zorrotzegiak» direla salatu  dute. Gainera, kexu dira, inportatzen diren nekazaritza produktuei ez dizkietelako baldintza horiek exijitzen.

- GASOLIO PROFESIONALAREN PREZIOA

Hainbat gasolina mota daude merkatuan, eta B motako gasolina erabili ohi dute nekazaritzarako, baratzezaintzarako, basogintzarako edo abeltzaintzarako makinek. Hala nola traktoreek. Gasolina mota horrek hobariak ditu, baina, halere, horren prezioa garestiegia dela ere salatu dute nekazariek.


- EUROPAKO DIRU LAGUNTZAK

Europako Batasunak diru laguntzak ematen dizkie sektoreko langileei. Baina nekazariek diote ez direla nahikoa, kostuen azpitik saltzen ari direla, eta laguntza gutxiegi dituztela. Izan ere, urtez urte gutxituz joan dira haientzako diru laguntzak: esaterako, 1980. urtean aurrekontuaren %66 bideratu zuten nekazaritzara; azken aurrekontuan (2021-2027), berriz, % 31.

4. ZER ERANTZUN JASO DUTE?

Nekazariek nahi beste ez bada ere, eskariren bati men egin dio asteon Europak. Esate baterako, lugorrien araudia indargabetu egin du aurtengoz. Nekazariak lur batzuk landatu gabe uztera behartzen dituen legea da: lurren %4, hain justu ere. Horren ordez, hainbat lekale landatzeko baimena eman dute, besteak beste, ilarrak, dilistak edo babak.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, laguntzak sinplifikatzea eta otsoaren babesa murriztea proposatu du.

5. NOLA LAGUN DAKIEKE?

Nekazariei laguntzeko neurriak erakundeek hartzea beharrezkoa den arren, norbanakoei ere hainbat eskaera egin dizkiete: batetik, hemengo jakiak kontsumitzeko, ahal dela zuzenean baserritarrei erosita. Bestetik, supermerkatuetan erosten dituzten produktuak nondik datozen begiratzeko, eta hemengoa bertakoa lehenesteko. Supermerkatuei, berriz, tokiko produktuen salmenta sustatzeko eskatu diete.

top