Talibanengandik ihesi

1. NOR DA MALALA YOUSAFZAI?

Mingoran jaio zen Malala Yousafzai, Pakistango ipar mendebaldean, Swat izeneko bailaran, 1997. urtean. Hezkuntza eskubidearen eta berdintasunaren aldeko ekintzailea da, eta, besteak beste, Bakearen Nobel saria jaso duen pertsonarik gazteena. Haren bizitzari eta lanari buruzko erakusketa bat jarri du Asier Iturralde ilustratzaileak, Donostiako Aieteko kultur etxean, Giza Eskubideen Zinemaldiaren laguntzarekin. Ekainaren 11ra arte egongo da ikusgai.

2. NOLAKO HAURTZAROA IZAN ZUEN?

Haren familia lurraldeko hainbat eskolaren jabea zen, eta horietako batera joaten zen Malala umetan. Baina talibanak, muturrekoak diren musulmanen taldeko kideak, Swat bailaran nagusitu zirenean, mehatxu egin zieten neskak eskolara ez joateko. Gauero esaten zuten mikrofonoetatik: «Neskak ezin dira eskolara joan». 11 urterekin, BBCrentzat blog bat idatzi zuen, ezizen batekin sinatuta, haien errealitatea kontatu eta nesken hezkuntza eskubidea aldarrikatzeko; orduan hasi zen ezagun egiten. Urtebete geroago, The New York Times-ek dokumental bat grabatu zuen, bera protagonista zela. Azkenean, talibanek debekatu egin zieten neskei eskolara joatea.

3. ZER EGIN ZUEN ORDUAN?

Malalak eskolara joaten jarraitu zuen, debekuak debeku. 15 urterekin, heriotza mehatxuak jasotzen hasi zen. 2012ko urrian, Malala lagunekin kamioi batean eskolara bidean zihoala, Taliban bat armatuta sartu zen, Malalaren izena oihukatuz. Tirokatu egin zuen, eta zauri larriak egin zizkion. Malala Birminghameko (Erresuma Batua) Elizabeth Erreginaren erietxera eraman zuten. Handik astebetera esnatu zen, eta, zenbait ebakuntza egin ondoren, sendatu, eta ospitaletik irten zen. Harrez geroztik, Birminghamen bizi da.


4. ZER ONDORIO IZAN ZITUEN?

Eraso horrek oihartzun handia izan zuen nazioartean, Malala dagoeneko ezaguna baitzen. Ondorioz, 2015ean, Nazio Batuen Hezkuntza Globalerako Mandatari Bereziak eskaera bat abiarazi zuen Malalaren izenean, mundu osoko haurrak eskolara joan ahal izatea exijituz. Horrek lagundu egin zuen Pakistanen berriro ere izan zezaten hezkuntzarako eskubidea.

5. ZERTAN ARITZEN DA GAUR EGUN?

2020an, Oxfordeko unibertsitatean graduatu zen Malala, filosofian, politikan eta ekonomian. Malala.org izeneko fundazioa sortu zuen, eta, gaur egun, nesken hezkuntzaren eta berdintasunaren alde lanean jarraitzen du. Besteak beste, nesken eskolak sortu dituzte hainbat herrialdetan: Etiopian, Brasilen, Tanzanian, Pakistanen, Libanon, Bangladeshen, Nigerian... Nazio Batuen Erakundeko mezularia ere bada.

6. NOLA JAKIN HAREN BERRI?

Aieteko kultur etxeko erakusketa ekainaren 11ra arte egongo da ikusgai. Asier Iturralde sortzailearen arabera, umeentzat eta helduentzat da egokia, labur eta zehatz baitago azalduta haren historia. «Istorio gogorra zenez, hori kontatu nahi nuen, baina ezkortasunean edo morboan erori gabe. Baikortasun mezu bat bidali nahi nuen, eta hori saiatu naiz egiten», azaldu du sortzaileak. Koloreen bidez islatu ditu istorioaren bi aldeak: talibanena, gogorra, zuri-beltzean, eta, Malalarena, ausarta, berriz, koloretan. «Nabarmendu nahi nuen neska txikia izanik nola ausartu zen armada oso bati aurre egitera», esan du Asier Iturraldek.

7. ZER SARI JASO DITU?

Erasoaz geroztik, haurren eskubideen aldeko ekintzailea izan da Malala, eta kanpaina askoren aurpegia ere bai, mundu osoan. 2013ko uztailean, Nazio Batuen Erakundeak hitzaldi bat ematera gonbidatu zuen. Bertan esan zuen bere esaldi ezaguna: «Haur batek, irakasle batek, liburu batek, arkatz batek, mundua alda dezake». Handik urtebetera, urrian, Bakearen Nobel saria eman zioten. Gazteen Bakearen Sari Nazionala eta Suediako Haurren Munduko Saria ere jaso ditu.

top