Suhiltzaileak, etengabe adi
Ane Insausti Barandiaran
1. SUHILTZAILE IZAN NAHI?
Haur askorengan lilura sortzen du suhiltzaileen ofizioak; askoren ametsa izaten da handitan lanbide hori izatea. Suhiltzaileen zaindariaren eguna aitzakia hartuta, lanbidea ezagutzeko ekintzak antolatu dituzte azken asteetan Euskal Herriko hainbat tokitan: Donostiako suhiltzaileek ateak irekitzeko saioak egin zituzten, ofizioaren nondik norakoak azaltzeko eta haur zein helduei hainbat arriskuri aurre egiteko jarraibideak emateko. Arratzun (Bizkaia), berriz, ofizioa nola aldatu den azaldu dute erakusketa batean, lehengo suhiltzaileen arropak erakutsiz.
2. ZER EGITEN DUTE?
Suteak itzaltzeaz arduratzen diren langileak dira suhiltzaileak. Baina egiten dituzten lanen arteko bat baino ez da hori. Izan ere, bestelako larrialdietan ere lan egin behar izaten dute, Pablo Estensoro Donostiako suhiltzaile parkeko suhiltzaileak azaldu duenez: «2.400 irteera izaten ditugu urtean, eta horietatik seiehun inguru izaten dira suteak. Gainontzekoak ureko eta mendiko erreskateak izaten dira, edo istripuak... gauza pila bat egiten ditugu».
3. ZER IKASI BEHAR DA?
Gutxienez, 21 urte izan behar dira suhiltzaile izateko. Izan ere, lanbide horretan ezinbestekoa da kamioiak gidatzeko baimena edukitzea, eta adin horretara arte ezinezkoa da hori lortzea. Ondoren, oposizioak egitea ere beharrezkoa da: azterketa teoriko bat egin behar da lanbideari lotutako gai batzuekin; geografia proba ere izaten da, suhiltzaile izango diren tokiko errekak, kaleak eta abar ondo ezagutzeko; proba fisikoak eta psikoteknikoak ere pasatu behar dituzte.
4. ETENGABE AL DAUDE ADI?
Larrialdiaren alarmak jo zain egoten dira suhiltzaileak, esperoan. Alarma entzun orduko, ordea, bat-batean jaisten dira kamioira, barra bati eutsita. Estensorok, adibidez, Mantangorri-rako elkarrizketa egin bitartean entzun du alarma, eta elkarrizketa eten du une batez; zorionez, ez da larrialdi handia izan, etxe batean egin beharreko erreskate bat baita, eta Donostian dauden hamabi lagunetatik bost joango dira hara. Beraz, elkarrizketarekin jarraitu du.
5. DENEK EGITEN AL DUTE DENETARIK?
Leku batzuetan espezializazioaren arabera banatzen badira ere, Estensorok azaldu du Donostiako suhiltzaileek arrisku egoera guztietan lan egiteko moduan egon behar dutela. «Zaila da arlo guztiak ondo menderatzea», onartu du. Horregatik, etengabe aritzen dira ikastaroak egiten, eta saiatzen dira ere fisikoki indartsu mantentzen. «Askotan egoera berriak izaten dira, eta ez dakizu nola jokatu. Zortea baldin badaukazu eta egoera horretan zer egin baldin badakizu, ondo; baina, bestela, inprobisatu egin behar da, eta daukazun esperientzia baliatuta aurrera atera. Suhiltzaileak beti kristorena dagoenean joaten gara [barrez]».
6. NOLA EGIN AURRE ARRISKUEI?
Suhiltzaileen lanari lotutako ariketak egin dituzte ate irekietan: auto istripu batean maniobra bat; dorre garai batean erreskate bat, hura eskalatuz; lantoki batean argirik gabe nola irten larrialdi bat badago... Prebentzio eta larrialdi irizpideak ere azaldu dizkiete familiei, egoera batzuetan nola jokatu jakiteko.
Zartagina sutan: zartagin batek olioa gehiegi berotu delako su hartuz gero, jende askoren erreakzioa izaten da gainetik ura botatzea, hura itzaliko duelakoan. Kontrako efektua lortzen da, ordea: sugarra handitzen du bero dagoen suari ura botatzeak. Horrelako kasuetan, sua daukan zartagina estaltzea komeni da, ahal dela trapu heze batekin.
Gela bat sutan: etxe bateko gela batean sute bat gertatzen bada, eta keak hartuta badu, ateak eta leihoak itxi behar dira, keari bidea ixteko, oxigenoa baita haren bazka. Hala eginez gero, kea ez da gainerako geletara igaroko, eta bertan geratuko da. Horri esker, suak askoz ere kalte gutxiago eragingo ditu. Sutetik ihes egitea errazagoa baita, baina, keak harrapatuz gero, minutu bat nahikoa da zorabiatzeko eta erortzeko.
7. ZERGATIK DAUDE PROTESTAN?
Azken hilabeteetan, suhiltzaileen sektoreko hainbat langile irten dira protestara. Lan baldintza eskasak dituztela diote, eta inbertsioak behar direla herritarrei behar duten zerbitzuak eskaintzeko. Nafarroako baso suhiltzaileek, adibidez, agerraldia egin zuten, urte osoko kontratuak eskatzeko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere protestan dabiltza. Estensorok salatu du Donostian duela 30 urteko baldintzetan daudela zenbait kontutan, eta haien lanari ez diotela behar duen garrantzia ematen: «Zerbitzu profesionala eskaintzeko, dirua behar da administrazioaren aldetik. Badakigu garestia dela, badakigu ez garela produktiboak, baina inbertitu egin behar da dirua, denon segurtasuna dagoelako jokoan».