San Tomas, baserritik hirira
Ane Insausti Barandiaran
1. ZER DA SAN TOMAS EGUNA?
Eguberrien atarian, gaurko egunez, Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan ospatzen da San Tomas eguna. Donostian eta Bilbon izaten dira jairik jendetsuenak, baina beste hainbat lekutan ere ospatzen dute: Azpeitian (Gipuzkoa) eta Lekeition (Bizkaia), adibidez; Arrasaten (Gipuzkoa), berriz, egun bat geroago izaten da. Gainera, Bizkaiko hiriburuan festaren 75. urteurrena ospatuko dute aurten.
2. ZERGATIK OSPATZEN DA?
Garai batean baserritarrek abenduaren 21ean azoka bat antolatzen zutelako ospatzen da San Tomas eguna. Izan ere, baserritar asko eta asko errentan bizi ziren, eta, berez, San Martin egunerako ordaindu behar izaten zuten urteko errenta. Epe hori, ordea, abenduaren 21era arte luzatzen zuten askotan, eta, azkenean, abenduaren 21ean jaisten ziren baserritik hirira, baserrien jabeei errenta ordaintzera. Hirira jaitsi behar zutela aprobetxatuz, azoka bat egiten zuten, baserriko uzta saltzeko.
3. ZER EGITEN DA?
Azokak ezinbestekoa izateari utzi zion garraiobideak hobetu zirenean, eta hirien eta herrien arteko komunikazioa errazago bihurtu zenean. Dena den, jaia asko aldatu bada ere, eutsi egin zaio azoka antolatzeko ohiturari: baserritarrek beren uzta eramaten dute postuetara, eta bertatik bertara saltzen dizkiete produktuak herritarrei, aurrez aurre. Azokak, produktuak saltzeko ez ezik, garrantzitsuak dira hartu-eman hori izateko ere. Gainera, produktuak zuzenean saltzeko aukera ematen diete baserritarrei, bitartekaririk gabe. Bilbon, esate baterako, 121 ekoizlek ipiniko dituzte postuak.
4. ZER JATEN DA EGUN HORRETAN?
Txistor pintxoak jatea da ohitura nagusietako bat: ogi tartean, pintxo gisa edo talo barruan. Talo postu ugari egoten dira goizetik iluntzera arte; talogileak, arto irinarekin egindako orea hartu, eta talo oholei kolpeka aritzen dira egun osoan. Ilara luzeak izaten dira talo postuetan, urtez urte. Antzina, askok egunero jaten zuten taloa, beste ezer ere ez zutelako; gaur egun, berriz, ospakizunetako jakia bihurtu da.
5. NOLA JANZTEN DA JENDEA?
Baserritar jantziak armairutik ateratzeko eguna izaten da San Tomas eguna. Bada, hain zuzen ere, Donostiako Gero Axular dantza taldeak erakusketa bat antolatu du, euskal janzkera tradizionalak nolakoak ziren azaltzeko. San Jeronimo kaleko aretoan jarri dute erakusketa, eta han ikusgai daude dantza taldeak hogei urte hauetan diseinatu eta egindako jantzi tradizionalen 50 modelo.
6. NOR DA KASILDA?
Donostian, azoka bera ez ezik, animalia bat ere izaten da protagonista: txerria. Kasilda du izena aurtengoak. Konstituzio plazan egoten da, eta jende asko eta asko erakartzen du: etengabe aritzen dira hari argazkiak ateratzen. Diotenez, Kasildak 400 kilogramo inguru pisatuko ditu San Tomas egunerako.
7. ZER LEKU DU ELKARTASUNAK?
Baserritarren produktuak erosteko eta taloak dastatzeko aukera izateaz gain, elkartasunarentzako tokia ere izango da Bilbon. Izan ere, babarrun anoak zerbitzatuko dituzte. Lortutako diru guztia gizarteratzearen alde lanean diharduten lau elkarteri emango diete: minbizia duten haur eta nerabeen Aspanovas fundazioa, gorren inklusiorako Gregorio Ybarra elkartea, kulturarteko Norai elkartea eta Koop SF 34 mikroenpresa sozialen mintegia.