Ritxar Bacete: «Ez zegoen aitatasunari buruzko libururik»
Aita liburua euskaraz argitaratu berri du Baobab argitaletxeak. Ritxar Bacetek idatzi du.
Nola bururatu zitzaizun Aita liburua sortzea?
Ama liburua existitzen zelako, eta Aita ez zelako existitzen. Aitatasunari buruzko ikerketa bat egiten hasi nintzen 2015ean, eta zerbait baneukan landuta. Bi aukera nituen: saiakera bat egitea edo mundu guztiarentzako produktu bat egitea. Errazagoa den zerbait egitea erabaki nuen. Teoria guztia laburtu, eta hainbat erreferente aukeratu nituen.
Zergatik hausnartu nahi zenuen aitatasunari buruz?
Hutsune bat zegoelako. Konturatu nintzen ez zegoela aitatasunari buruz hausnartzen duen libururik. Aita naizenez, nire lehen alaba jaio zenean, ikusi nuen amatasunari buruzko liburu pila bat zeudela, baina ez zegoen aitatasun berdinzaleen inguruan hezteko edo hausnartzeko libururik, tresnak izateko. Titulu egoki baten bila ari nintzen, uste nuelako Aita hartuta egongo zela, baina ez zegoen. Ez diegu buelta bat eman aitatasunaren erronkei.
Baina aita izateko modua aukeratu egiten da?
Zuk uste duzu aita izateko modua zuk aukeratzen duzula, baina konturatzen zara historiako beste garaietan aita izateko eredu jakin bat dagoela, eta garai horretan indarrean dauden ereduak errepikatzen dituzu.
Aita mota ugari daudela azaldu duzu liburuan.
Guztiok nahi duguna izateko gai garela erakutsi nahi nuen. Arratsalde batean aita oso sinpatikoa eta irekia izan zaitezke, eta goizean barruan daukazun munstroa atera daiteke. Aita guztien biografian daude kontraesan horiek. Historian, eredu disidenteak edo irekiagoak egon dira. Eredu horien bila joan naiz.
Haurren ikuspuntutik begiratu diezu aita horiei. Zergatik?
Aiten ahotsak kontraesankorrak izan daitezke, edo ez hain aberatsak. Ume batek bere aitaren inguruan daukan ikuspegia askoz ere aberatsagoa da: aitaren beharra daukate, baina askoz ere argiagoak dira, zintzoagoak.
Nola uztartu dituzue testua eta ilustrazioak?
Ez genuen elkar ezagutzen; argitaletxearen proposamena izan zen. Jordi aita izan berri zen, eta hori ere nabaritzen da. Bera ni baino hotzagoa zen, eta ni, gozoagoa; erdibide bat lortu genuen.
Irakurleen feedbackik izan duzu?
Emakume heldu batzuek idatzi didate esanez uste zutela haurrentzat zela, baina irakurri ondoren negarrez hasi zirela. Lagun batzuek ere esan didate liburua toki berezi batean gorde dutela etxean. Sorpresa polita hartu dut horrekin.
LIBURUA
- Izenburua: Aita.
- Idazlea: Ritxar Bacete.
- Ilustratzailea: Jordi Solano.
- Itzultzailea: Mario Unamuno.
- Orrialde kopurua: 72 orrialde.
- Adina: 6 eta 8 urte bitarteko haurrentzat.
- Argitaletxea: Baobab.
- Prezioa: 15 euro.