Pedalkadaka, batetik bestera

150 urte bete ditu bizikletak aurten.

1. ZER DA BIZIKLETA?

Bi gurpilen gainean eta pedalei eraginez mugitzen den garraiobidea da bizikleta. Leku batetik bestera joateko balio du, eta kirola egiteko ere erabiltzen da. Garraiobide osasungarria da, gorputzak eraginda mugitzen denez, ariketa egitea eskatzen duelako. Horrez gain, ingurumenari ez dio kalterik egiten, ez duelako energia fosilik erabiltzen, eta, beraz, ez duelako kutsatzen.

2. ZER GARRANTZI IZAN DU?

Bizikletak irismen handia izan du, bai Euskal Herrian, eta baita beste herrialdeetan ere. Izan ere, hainbat lanbidetako garraiobidea zen: besteak beste, postariek, suhiltzaileek... erabiltzen zituzten. Donostiako San Telmo museoan bizikletei buruzko erakusketa bat jarri dute, bizikleta sortu zela 150 urte bete direlako. Amador Tolosa bizikletazale eta bildumagileak bildutako 80 pieza daude bertan ikusgai; tartean, lanbide horietako bizikleten adibideak. Erakusketa abuztuaren 6ra arte egongo da ikusgai.

3.  NORK ASMATU ZUEN?

Askotan gertatzen den bezala, hainbat teoria daude bizikletaren asmakuntzarekin lotuta. Dena den, Karl Freiherr von Drais alemaniarra jotzen da asmatzailetzat. 1817an sortu zuen bizikletaren aurrekaritzat hartzen den ibilgailua, eta Laufmaschine deitu zion (alemanez, makina ibiltaria esan nahi du). Egurrezkoa zen lehen bizikleta hori, eta ez dauka zer ikusirik gaur egungo bizikletekin: ez zeukan pedalik, eta haren gainean ibili nahi zutenek hankekin lurrean indar eginez egin behar zuten bultza.

4.  BIZIKLETAREN INDUSTRIA

Lehen Mundu Gerraren amaieran, Eibarko (Gipuzkoa) armagintzaren industria krisian sartu zen. Tailerrak eta biltegiak kanoiak egiteko lehengaiez lepo zeuden arren, eskaria jaitsi zen. Hortaz, Saint Etienneko teknikari frantziarrek aholkatu zieten armen ordez bizikleten koadro eta osagaiak ekoizten hasteko, eta norabide berri horretan murgildu ziren enpresa horietako batzuk. Hala, bizikletaren bueltan oso industria oparoa sortu zen. Orbea, BH Bikes eta GAC etxeak dira ezagunenetariko batzuk. Eibarren hasi zen bizikleten fabrikazioaren gorakada, eta, ondoren, Euskal Herriko beste hainbat herritara hedatu zen.


5.  ZER HERRIALDETAN ERABILTZEN DIRA EGUNEROKOAN?

Eguzkia, euria zein elurra egin, hainbat herrialdetan bizikletan joan ohi dira eskolara eta lanera: Txina, India, Herbehereak, Alemania, Belgika, Suitza, Danimarka... Errepideetan, autoekin batera ibiltzen dira, eta bizikletentzako prestatutako aparkaleku handiak izaten dituzte, kalean, ikastetxean, unibertsitatean, lantokian...

6.  ZER BIZIKLETA MOTA DAUDE?

  • Kaleko bizikletak: tarte ertain eta laburretan ibiltzeko prestatuta dauden bizikletak dira.
  • Errepideko bizikletak: errepideetan ibiltzeko bizikletak dira. Eskuleku kurbatuak eta gurpil finak izan ohi dituzte.
  • Mendiko bizikletak: errepide irregularretan barrena ibiltzeko prestatuta daude. Gurpil lodiagoak izaten dituzte.
  • Pistako bizikletak: belodromoetan edo zirkuituetan ibiltzeko bizikletak dira. Ez dute balaztarik izaten. Gurpilak beteta izaten dituzte.
  • Bizikleta elektrikoak: motor bat daukaten bizikletak dira. Aldapak igotzea, mendian ibiltzea edo besterik gabe, paseoko bidea errazten dute.
  • Eskuko bizikletak: Hankekin beharrean, eskuekin eragiten diete pedalei eskuko bizikleta erabiltzen dutenek. Normalean, hanketan edo gorputz enborrean desgaitasun fisikoren bat daukaten pertsonek erabiltzen dituzte.

7.  ZEINTZUK DIRA TXIRRINDULARI LASTERKETARIK GARRANTZITSUENAK?

Euskal Herriko lasterketarik garrantzitsuena Euskal Herriko Itzulia da. Gizonezkoena apirilaren hasieran jokatzen dute, eta emakumezkoena, berriz, maiatzaren hasieran. Bertan biltzen dira Euskal Herriko eta atzerriko txirrindulari ezagunak. Horrez gain, Frantziako Tourra, Italiako Giroa eta Espainiako Itzulia dira txirrindulariek egutegian gorriz markatuta izaten dituzten lasterketak.

8. ZEINTZUK DIRA EUSKAL HERRIKO TXIRRINDULARI EZAGUNAK?

Euskal Herrian oso kirol ezaguna izan da txirrindularitza, eta punta-puntako hainbat txirrindulari daude. Gainera, zaletasun handia dago.


top