Patxi Zubizarreta: «Ikasgela munduaren laburpena da, eta ipuina ikasgelarena»

Ane Insausti Barandiaran

Ikasgela batean kokatuta dago ipuina. Nolakoa da?

Anitza: kolore, jatorri eta hizkuntza asko ditu. Baina, batez ere, ikasleek egindako hegazkin bat dauka barruan…

Aniztasun hori ezagutzeko tresna da gelazkina?

Euskaldunak diren arren, haurrek beren familien jatorriak dituzte gogoan, eta gogoko, eta haietara bidaiatzeko erabiltzen dute gelazkina, ikaskideek elkarren berri izan dezaten.

Baina Harmony desagertu egingo da, ezta?

Ikasgela munduaren laburpen bat da, eta ipuina ikasgelarena, gazi-gozo guztiekin. Harmonyk hegazkina Nigeriara eraman behar zuen, baina…

Haren bila, elkar hobeto ulertzen ikasiko dute?

Haurrek primeran ulertzen dute elkar, gehienetan arazoak nagusionak dira… Bidaia, oraingo honetan, Harmonyren bilaketa izango da, urrunera joan gabe.

Eta elkarrekin izen bat asmatuko dute: Munduketariak. Zer esan nahi du?

Haurrei utzi diegun mundua nahi baino okerrago dago, mundukeria gehiegi daude, baina hori konpontzeko daude munduketariak, horixe da liburuaren espiritua: alda dezagun eskola, herria, aldatu eta edertu dezagun mundua!

Nondik iritsi zaizue proposamena?

Ordiziako [Gipuzkoa] Urdaneta eskolako gurasoen elkartetik etorri zitzaigun, eta guk ez genuen zalantzarik izan. Prozesu honetan asko ikasi dugu, denentzat aberasgarria izan da. Ea hori irakurleek ere nabaritzen duten!

Ikastetxeko errealitatea islatzen saiatu zarete liburuan?

Haurrek helduoi amets egiten laguntzen digute, egoera desberdinak ulertzen, aintzat hartzen, mundua edertzen. Ordiziako Urdaneta eskola Erromako Zubiaren koloreekin ikusi dugu, eta espiritu horixe behar du gure gizarte petral honek ere.

Nolakoa izan da harremana gurasoekin eta ikastetxearekin?

Guraso konprometituak ezagutu ditugu, ilusio handikoak, eta hori guri ere kutsatu digute. Gainera, eskolan eta Herri Antzokian topaketak egitekoak gara, han hegaldatuko gara guztiok, Jokin eta biok, noski, baina baita Pello Ramirez musikaria eta Maddi Oihenart kantaria ere.

Jokin Mitxelenarekin lankidetzan aritu zara. Nolakoa izan da elkarlana?

Jokinekin lan egitea gelazkinean bidaiatzea bezalako zerbait da: koloretsua, dibertigarria… plazer hutsa!


FITXA

  • Izenburua: 'Munduketariak'.
  • Idazlea: Patxi Zubizarreta.
  • Marrazkiak: Jokin Mitxelena.
  • Orrialde kopurua: 72 orrialde.
  • Adina: 10-12 urte bitarteko haurrentzat.
  • Bilduma: Auskalo.
  • Argitaletxea: Erein.

top