Bideojokoei lotutako aholkuak

Ane Insausti Barandiaran

1. ZERGATIK GIDA?

Fortnite, Rocket language, Minecraft... Haur askok oso gustuko dituzte bideojokoak, baina gurasoek, kontrara, kezkaz bizi ohi dute hori sarritan. Hori ikusita, Game Erauntsia elkarteak bideojokoen gida bat kaleratu du, gidalerro batzuk emate aldera. «Beldur edo zalantza orokorrak izaten dituzte gurasoek, batez ere ezjakintasunetik etorrita, eta horiei erantzuna ematen saiatu gara», azaldu du Lander Unzuetak, Game Erauntsia elkarteko kide eta gidaren sortzaileak.

2. ZER DIOTE DATUEK?

«Bideojokoak luzaroko etorri dira», adierazi du Unzuetak. 2022an, UEMAk Euskal Herriko gazteen ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketa bat egin zuen, eta ondorioztatu zuen Euskal Herriko hiru gaztetik bi bideojokoetan aritzen direla egunero. Horietatik ia %26 ordu erdi baino gutxiago aritzen dira egunean; %17,5, ordu erdi eta ordubete artean, eta %13,5, ordubete eta bi ordu artean. Datuak «esanguratsuak» direnez, uste du komenigarria dela helduak informatzea.


3. ARRISKUTSUAK AL DIRA?

Pantailekiko mendekotasunak kezkatzen ditu guraso asko, baina, gauza guztiek bezala, bideojokoek aurkia eta ifrentzua dute. Hala esan du Unzuetak: «Askotan ikusten dugu gurasoak bideojokoetako indarkeriaren beldur direla: tiroak, odola... Baina ez dago hori bakarrik: bideojoko desberdin asko daude. Badaude sormena, kooperazioa edo enpatia lantzeko bideojokoak ere».

4. NOIZ, ZENBAT ETA NOLA?

Adituen arabera, 0-3 urte arteko haurrek ez lukete bideojokoetan sekula aritu behar, eta 7-8 urtetik aurrera gomendatzen dute bideojokoetan edo oro har pantailen aurrean ibiltzen hastea. Eta, noski, pixkanaka hastea da komenigarriena, gidan jaso dutenez: 10-15 minutuko partidekin, adibidez. 12 urtetik aurrera hasten dira haurrak teknologia berrien munduan buru-belarri, eskolan zein kalean, eta, ordutik aurrera, ez dago konponbide magikorik: gurasoei dagokie orduan neurria jartzea. Dena den, argi utzi du ez dela «arau zurrun bat», eta etxe bakoitzean neurtu eta antolatu behar dutela une oro nola mugatu denborak.


5. BADAGO EUSKARAZKO ESKAINTZARIK?

166. Horiexek dira Game Erauntsia taldeko kideek zenbatu eta zerrendatu dituzten euskarazko bideojokoak, eta beren webgunean dituzte ikusgai. «Egia da asko direla, baina, aldi berean, oso gutxi», esan du Unzuetak. Dena den, azken urteetan gorakada nabarmena izan dela ziurtatu du: «Duela hamar urte apenas zegoen bideojokorik euskaraz, edo zeudenak oso txikiak ziren». Game Erauntsiko kideek itzulpenak egiten dituzte, eta garatzaileekin ere hitz egiten dute, haien bideojokoak euskaraz ere merkaturatzeko eskatzeko.

LANDER UNZUETA: «Komunitate nahikoa sendoa eraikitzen ari garela uste dugu. Erakutsi nahi dugu edozein zaletasun gozatu daitekeela euskaraz».

6. EUSKARAZ JOKATZEKO BIDEOJOKO GOMENDAGARRIAK

MINECRAFT

Munduko bideojokorik arrakastatsuenetariko bat da Minecraft. Norbere pertsonaiarekin baliabideak biltzea, etxeak zein tresnak sortzea eta eraikitzea, eta beste hainbat erronka lortzea da jokoaren xedea. Horrez gain, sormena lantzeko modalitatea ere badauka, eta, bertan, mugarik gabeko baliabideekin lortu ditzake jokalariak bere helburuak.


A SHORT HIKE

Abentura bat proposatzen du bideojokoak; beste pertsonaia batzuekin hitz egiteko aukera ematen du. Hala, enpatia lantzeko jokoa da. Kolore ugari du, eta horrek ere erakartzen du jendea. «Batez ere etxeko txikienenentzat pentsatua dago, baina, egia esan, helduek ere goza dezakete», esan du.


TOWNSCAPER

Hiriak sortzeko bideojoko bat da; ez dago beste erronkarik, ez dago misiorik. «Besterik barik, sakelakoan edo tabletan laukitxoak sakatuz zoaz, eta hiriak sortuz». Hori ere oso aproposa da edozein adinetarako, Unzuetaren hitzetan: «Kristoren arrakasta izan du gazteen artean honek ere, eta euskaraz jokatzeko aukera dago, ofizialki».


PILE UP

Frantzian garatutako bideojoko bat da, baina bertako musikagilea, Anize Amestoy, euskalduna da, eta hark euskaratu zuen jokoa ofizialki. Super Mario-ren estiloko abentura joko bat da, baina elkarlana bultzatzea du helburu. Oso aproposa da edozein adinetarako, eta edonork jokatzeko modukoa da, Unzuetaren aburuz: «Egiten ditugun tailerretan sekulako arrakasta izaten du».


7. NOLA KENDU BELDURRA?

Beldurrak albo batera uzteko eta bideojokoen errealitatea ulertzeko, egokiena probatzea dela ziurtatu du Unzuetak. Ezezagunari beldurra galtzea hura ezagutuz, alegia: «Askotan haurrak aparte uzten ditugu, jolasean, eta, helduok ezagutzen ez dugunez, eurek gozatzen duten beste mundu bat da. Eta, inoiz, komeni da gu euregaz batera jesartzea, eta gozatzea, ikusteko zertan jolasten diren, zer agertzen den joko horretan... hori da garrantzitsuena beldurra kentzeko».

top