Ortzadar koloreko urratsak
1. HERRI URRATS
Bihar ospatuko dute Herri Urrats, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaia, Senpereko (Lapurdi) lakuaren bueltan. Iaz, euriteen eta uholdeen ondorioz, ia-ia bertan behera utzi zuten jaialdia. Beraz, biharkoa inoizko Herri Urrats festarik handiena izatea nahi dute antolatzaileek. Aurten bildutako dirua Beskoitzeko ikastola finantzatzeko erabiliko dute; txiki geratu zaie eskolak ematen dituzten lekua, eta gatazka luze bat izaten ari dira herriko etxearekin.
2. NOIZ HASI ZEN GATAZKA?
Orain dela bi urte piztu zen herriko etxearen eta ikastolaren arteko gatazka. 2013. urteaz geroztik, Beskoitzeko ikastolan etxola prefabrikatuetan ematen dituzte eskolak, eta Seaskak eraikin sendo bat sortzeko proiektua aurkeztu zuen. Herriko etxeak, ordea, hori egiteko baimena ukatu zion Seaskari. Gurasoek behin eta berriz salatu dute, batetik, aurkeztu dituzten proiektu guztiak errefusatu dizkiela Fabienne Aiensa auzapeza buru zuen hautetsi taldeak, eta, bestetik, ikastolako haur kopurua mugatu nahi dietela etengabe.
3. ZER BILAKAERA IZAN DU ARAZOAK?
Abenduaren 18ko herriko kontseiluan, orain arte erabilgarri izan zituzten lurrak erabiltzeko baimenik gabe utzi zuten Beskoitzeko ikastola. Hilabeteetako protesten ondoren, ordea, beste urtebeterako baimena lortu dute: gaur egun dituen lurrak urtebete gehiago erabiltzeko baimena onartu dio herriko etxeak ikastolari. Erabaki horrekin batera, Aiensa auzapezak dimisioa eman zuen, beste hautetsi batzuekin batera. Hortaz, hauteskundeetara deitu du prefetak, auzapez berria izendatzeko: bozak ekainaren 16an izango dira.
4. ZEIN DA AURTENGO LELOA?
Ortzadarra da aurtengo Herri Urratseko leloa, eta logoa ortzadarraren koloreak dituen arku itxurako harrizko zubi batek osatzen du. Eguzkiarekin eta urarekin egin dute leloa azaltzeko metafora, Herri Urratsi lotuta daudelako, antolatzaileen hitzetan: «Usu negar egin behar izan dugun arren, baikorrak gara, eta ortzadarrak islatzen du baikortasun hori. Ortzadarra irteten denean, ematen du indar bat, ematen du zoriontasun bat, sortzen du irribarre bat». Horrez gain, aniztasunaren eta batasunaren aldeko mezua zabaldu nahi dute, ikastolak zubi izan nahi baitu, ortzadarra den bezalaxe: «Zubiak eraiki ditugu euskara izanik lehengai. Zubiek batu egiten dute, eta guk batasun hori ere islatu nahi dugu aurtengo leloarekin».
5. ZEIN DA AURTENGO EGITARAUA?
Bost gune izango dira aurtengo Herri Urratsen, eta horietako hiruk BERRIArekin lotura izango dute, egunkariak eta Seaskak sinatutako akordioari esker: Araba BERRIA, Nafarroa Badok gunea, Lapurdi MANTANGORRI gunea, Gipuzkoa gunea eta Xiberoa gunea izango dira horien izenak. Ohi bezala, edozein adinetako jendearentzako egitaraua prestatu dute: besteak beste, kontzertuak, haurrentzako emanaldiak, bertsolariak eta dantza emanaldiak antolatu dituzte.
6. MAKETA LEHIAKETA
Aurten, lehen aldiz, euskaraz abesten duten talde berrientzako maketa lehiaketa antolatu du Herri Urratsek. Lakuntzako (Nafarroa) Muga Zero punk-rock laukotea da lehen garailea, eta, horrenbestez, kontzertua emango du biharko festan.
7. AURTENGO KANTUA
Hor gaude du izena aurtengo Herri Urratseko abestiak. Neomak taldeak jarri dio doinua, eta Nerea Ibarzabal bertsolariak hitzak. Honela dio, leloarekin bat eginez: «Zubiak sortzen/ jaikitzen (e)ta erortzen/ ikasi dugu urratsak elkarlotzen. Ortzadarra darizu/ esku-ahurretik/ Zerbait esan nahi dizu/ desagertu aurretik».
8. NOIZ DIRA IKASTOLEN ALDEKO JAIAK?
- Ibilaldia: maiatzaren 26an, Getxon (Bizkaia).
- Araba Euskaraz: ekainaren 16an, Olarizun (Araba).
- Kilometroak: urriaren 6an, Azpeitian (Gipuzkoa).
- Nafarroa Oinez: urriaren 10ean, Zangozan (Nafarroa).
BA AL DAKIZU?
- Ortzadarra hitza esateko hainbat modu daude: ostadarra, uztadarra, ostabarra, ostarkua, Erromako zubia…
- 39. Seaskak zenbat ikastetxe dituen.
- 4.300. Seaskak zenbat haur eskolatzen dituen.