Oporretarako hamaika aukera

1. ZER EGIN OPORRETAN?

Oporrak leku berriak ezagutu, kirol berriak probatu eta abentura ederrak bizitzeko garaia izan ohi dira askorentzat. Askotan, kanpora joateko joera dago, baina Euskal Herrian ere badago zer ikusi eta bisitatu. Abuztuan ez denez MANTANGORRIren webgunea berrituko, planen zerrenda duzue gaurkoan. Ea zenbat egiten dituzuen!

2. HONDARTZAK

Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko kostako hondartzak aproposak izan litezke egun eguzkitsuetan lasai egon eta bainua hartzeko. Muskizko Arenatik (Bizkaia) Angeluko Barraraino (Lapurdi), 75 hondartza daude euskal kostaldean. Bizkaikoan, Urdaibaiko biosfera erreserbako Laga eta Laida aukera ona izan litezke, eta inguruan beste hainbat bisita egiteko modua eman dezake: Urdaibai Bird Center, Gaztelugatxe, Omako basoaren erreplika...

3. MENDI BIDEAK

Leku menditsua da Euskal Herria, eta tontor asko igo litezke: Orhi, Hernio, Anboto, Txindoki, Toloño, Gorbeia, Beriain... Guztien artean garaienak, ordea, Pirinioetan daude, eta, horien artean, Hiru Erregeen Mahaia da tontorrik garaiena, 2.446 metro baititu.

4. MUSEOAK

Uda urtarorik beroena izan arren, Euskal Herrian izaten dira egun hodeitsu eta euritsuak ere, hemengo klimagatik. Horrelakoetarako, museoak aukera egokiak izan daitezke: Bilboko Guggenheim eta Arte Ederren Museoa, Donostiako San Telmo, Gasteizko Artium, Altzuzako (Nafarroa) Oteiza museoa, Leitzako (Nafarroa) Peru Harri, Baionako Euskal Museoa... Euskal Herriko historia, artea eta artistak ezagutzeko aukera ematen dute, bakoitzak bere ukituarekin. Gainera, ia denek izaten dituzte haurrentzat egokitutako edukiak eta jarduerak.


5. URETAKO KIROLAK

Uda sasoi ona da uretako kirolen bat probatzeko: surfa, raftinga, piragua, windsurfa, bela... Hamaika tokitan egin litezke. Kostaldeko herri askotan daude surf eskolak: Gipuzkoan, adibidez, Donostian eta Zarautzen; Lapurdin, berriz, Hendaian eta Donibane Lohizunen, eta Bizkaian, bestalde, Sopelan eta Barrikan. Bidarrain (Nafarroa Beherea) raftinga egin liteke, taldean arraun eginez Errobi ibaia zeharkatuz.

6. HERRIETAKO FESTAK

Sanferminak duela aste pare bat amaitu ziren, Baionako bestak asteon ari dira ospatzen, eta Gasteizko, Donostiako eta Bilboko aste nagusiak ate joka daude; beraz, bada parranda giroan murgiltzeko aukerarik. Hiriburuetan ez ezik, hainbat herritan ere ospatzen dira festak udan, oro har, eta abuztuan zehazki: sanestebanak Oiartzunen (Gipuzkoa), Derion (Bizkaia), Beran (Nafarroa) eta Aramaion (Araba); andremariak Amurrion (Araba), Azkoitian (Gipuzkoa), Etxalarren (Nafarroa) eta Bardozen (Lapurdi). Herri horiek bisitatu eta giroaz gozatzeko aitzakia dira festak.

7. ABENTURA PARKEAK

Oreka, trebetasuna, koordinazioa... Gaitasun ugari lantzeko aukera ematen dute abentura parkeek, tirolinetan eta zuhaitzen arteko ibilbideetan barrena. Mendexan (Bizkaian), Baztanen eta Bertizen (Nafarroa) badira halako parkeak; Donostian Canopy parkea dago, eta, Otxandio (Bizkaia) eta Oleta (Araba) artean, berriz, Hontza Extrem izenekoa. Parke horretako Mirugain gunean, zuhaitzen artean ibili daiteke, soken eta sareen artean. Arku tiroa eta orientazio saioak egiteko aukera ere badago.

8. ETA ETXEAN?

Eta etxetik mugitu gabe ere egin litezke milaka kontu: marraztu, irakurri, filmak ikusi... Hemen uzten dizkizuegu webgune interesgarri batzuk:

top