Oldarraldiari erantzuna
Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, eta euskararen aurkako oldarraldi judiziala salatzeko asmoz, kalera aterako dira gaur euskaldun asko eta asko, Bilbon. Maiatzean jarri zuten eguna, «euskararen normalizazio prozesua trabatzeko olatuari» aurka egiteko. «Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat» izango da leloa.
1. ZER EGOERATAN DAGO EUSKARA EUSKAL HERRIAN?
Euskara, legez, ez dago debekatuta gaur egun, baina bigarren mailako hizkuntzatzat jotzen da sarri: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herritarrak derrigortuta daude gazteleraz jakitera, baina euskara jakitea hautazkoa da, Espainiako Konstituzioaren aginduz. Nafarroan, Euskararen Legeak hiru eremutan banatzen du lurraldea: eremu euskalduna, eremu mistoa eta eremu erdalduna. Eremu erdalduna deritzonean, adibidez, euskara ez da ofizialtzat jotzen. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, euskara ez da hizkuntza ofiziala.
2. ZERGATIK ANTOLATU DUTE PROTESTA?
Azken hilabete hauetan, ohi baino neurri gehiago hartu dira euskararen aurka; batez ere, epaitegietan. Horri, hain zuzen, euskararen aurkako oldarraldia deitu diote, eta horregatik aterako da jendea gaur kalera protestatzera. Hona hemen hainbat adibide:
2021
IRUN, 2021eko MAIATZA
Irungo Udalak (Gipuzkoa) Udaltzaingo zerbitzurako hamabi lanpostu betetzeko deialdia egin zuen, eta, horiek betetzeko, langileek bete beharreko baldintzetako bat euskaraz jakitea zen. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, ordea, hizkuntza eskakizun horiek bertan behera uzteko agindua eman zuen, euskara ez dakitenentzako «diskriminatzailea» dela argudiatuta. Kontrara, epaiak ez zuen ezer ere esan euskaldunak udaltzainekin gazteleraz hitz egitera behartzeari buruz; hori ez zuen bazterketatzat jo.
2022
LAUDIO, 2022ko OTSAILA
Nola sailkatu daitezke hizkuntza errazak eta zailak? Gasteizko epaile batek euskara «munduko hizkuntzarik zailenen zerrendan bosgarrena» zela esan zuen, euskaraz ez dakien langile bat kanporatzea «diskriminatzailea» zela arrazoitzeko. Gainera, argudio horiek sareko zenbait ataritatik hartu zituen, fidagarritzat jota, eta hitzez hitz kopiatu, hori arrazoitzeko inolako frogarik ez bazuten ere. Baina ez al dute, bada, milaka eta milaka haurrek, gaztek eta helduk hizkuntza ikasi, batzuek ziztu bizian eta besteek denbora gehiagoan?
2023
BARAKALDO, 2023ko URTARRILA
Zer irudituko litzaizuke eskolara eramaten zaituen autobus gidariak euskaraz jakingo ez balu, eta egunero harekin gazteleraz hitz egin beharko bazenu? Eskola garraioari lotuta ere izan da euskararen aurkako epai bat. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Barakaldoko Udalaren (Bizkaia) aurka egin zuen. Udalak azpikontratatutako zerbitzu bat izanik, bertako langileei euskaraz jakiteko eskatu izana «inposizio bat» zela ebatsi zuen.
UZTAILA
Udaletan hainbat urrats egin dira azken urteetan, batetik, herritarrak euskaraz artatzea ziurtatzeko, langileek euskaraz jakin dezaten, eta, bestetik, barne funtzionamendua euskara hutsean izan dadin. Bada, udalei euskara hutsean funtzionatzea ahalbidetzen dien EAEko Udal legearen aurka ere egin zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, herririk euskaldunenetako udalak ere bi hizkuntzetan aritzera behartuz. UEMA* osatzen duten udalek, adibidez, esan dute ez dutela beteko, eta euskaraz dakien ororekin euskara hutsean funtzionatuko dutela aurrerantzean ere.
* UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea da. Erakundearen parte diren herrietan, gutxienez herritarren %70 euskalduna da.
3. ZEINTZUK DIRA NEURRION ONDORIOAK?
«Oraintxe bertan auzitegiak hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzakete urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan», azaldu zuen Kontseiluak, mobilizaziorako deia egitean. Langileak kontratatzeko orduan euskara jakitea baldintza gisa onartzen ez badute, besteak beste, udaltzainekin, eskolako autobuseko gidariekin, udal langileekin eta abarrekin gaztelaniaz hitz egitera behartuko dituzte herritarrak. Zerbitzu publikoetako langileekin euskaraz egitea herritarren eskubidea da, ordea. Horrez gain, herri euskaldunetan bozgorailuetako informazioa gazteleraz izatea ere ekarriko luke.
4. ZER DA EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA?
1998. urtean sortu zen Euskalgintzaren Kontseilua, euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeak eta eragileak biltzeko asmoz. Guztira, 30 taldek baino gehiagok osatzen dute, eta haien helburu nagusia da hizkuntza politiketan eragitea, euskararen normalizazioa azkartzeko, indarrak batuta. Haien aburuz, euskara baita «gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat» eraikitzeko tresna. Idurre Eskisabel dute idazkari nagusia.