Oihana Lizarralde: «Elkarteen lana plazaratzeko beste modu bat da bideoklipa»

Ume Alaia elkarteko gizarte langilea da Oihana Lizarralde.

Bizipoza Elkarteak aste honetan argitaratu du zuen elkartearen bideoklipa. Nola jaso zenuten proposamena?

Gure lana ikusarazteko beste egitasmo bat izan da. Oso positibotzat jotzen dugu, elkarteen lana plazaratzeko beste modu bat delako, nolabait. Pertsona ezagunekin eginda, gainera.

Adopzio familien elkartea da Ume Alaia. Zer egiten duzue zehazki?

Babesik gabe dagoen haur batentzako babes neurri gisa ulertzen dugu adopzioa. Nolabait, baliabideak eskaintzea da gure helburua, adoptatzeko interesa daukaten familiekin hasi eta etxean haurrak dauzkaten familietaraino. Aholkularitza, informazioa eta orientazioa eskaini nahi dizkiegu, eta babes sare informal bat sortu nahi dugu familien artean.

Ulertuak senti daitezen?

Hori da, bai. Ulertzen dugu oso garrantzitsua dela erreferenteak izatea, eta horietako batzuk ez dira profesionalak. Garrantzitsua da haientzako gune bat izatea, errespetatuak eta entzunak sentitzeko, eta haien kezkak adierazi ahal izateko bizipen berak dituztenekin.

Zer ekintza antolatzen dituzue?

Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Adobide izeneko programa bat daukagu martxan, eta, hartan, guraso taldeen elkartzeak, nerabeen tailerrak, hezkuntza eremuko aholkularitza, hitzaldien programa eta liburutegi zerbitzuak ditugu. Eta bestetik, irteerak antolatzen ditugu elkarteko nerabe eta familientzat. Aniztasuna eta gure haurrek jasaten duten arrazakeria lantzeko programak ere baditugu, bestalde.

Zer erronka izaten dituzte adopzio familiek?

Askotarikoak izan daitezke, haur biologikoekin gertatzen den bezala. Adoptatu izate horrek ekartzen du umearen jatorria integratu behar dela, eta aztertu egunerokoan zer eragin eduki dezakeen haren aurretiko esperientzia horrek. Prozesuan parte hartzea erabakitzen duten familiek ohartu egin behar dute horretaz, eta familia horrek, noski, bere esperientziak eta ezaugarriak ditu. Beharrak askotarikoak dira, eta prozesu bakoitzak behar bat edo beste izan dezake.

Pozik geratu zarete abestiaren emaitzarekin?

Oso pozik gaude; oso garrantzitsua da elkartean parte hartzen duten familiek itxura jartzea elkarte honi, eta uste dut hori lortu dugula bideokliparekin, haiek direlako haien bizipenak kontatzen dituztenak. Itxura oso ona daukate, eta oso gustura gelditu gara.

LIBURUA

  • Izenburua: Bizipoza. Mundu berri bat guztiontzat 3.
  • Ekoizpena: Bizipoza elkartea.
  • Abesti kopurua: 12.
  • Musika: Xabier Zabala.
  • Ilustratzailea: Eñaut Aiartzaguena.
  • Prezioa: 15 euro (BERRIA dendan, 13 euro, BERRIAlagunentzat).
top