Odei Barroso, ODEI: «Herri honetan biziki rap kultura gutxi dago»
Hiru CD argitaratu zituen 2zio taldearekin Odei Barrosok (Urruña, Lapurdi, 1988), eta, orain, bakarkako ibilbideari ekin dio Odei rap kantari gisa. Beti maitatu izan du sortzea, baina kosta zaio oholtzan lasai sentitzea. Salatu du rapari leku gutxiago egiten zaiola beste musika estiloei baino.
Odei Barroso zara bertsotan, eta ODEI rapean. Zergatik bi izen?
Ohartu nintzen nire rap pertsonaia bertsolariarekin lotzen zutela, nonbait bertsoa eta rapa hain lotuta baleude bezala. Niretzat ez da batere kasua, ez ditut horrela bizi. Eta, beraz, banandu nahi izan ditut izenetik ere.
Zerk bereizten ditu bi arteak?
Bertsolaritzak oso arau zurrunak ditu: metrikak, silabak eta abar. Rapak, bere arauak baino gehiago, erranen nuke bere kodeak dituela. Alde horretatik, askoz ere libreagoa da idazteko eta errimatzeko orduan. Niri oso ezberdinak egiten zaizkit, nahiz eta hizkuntza erabili bietan.
Nolatan hurbildu zinen rapera?
Rapa biziki gazte nintzela ezagutu nuen, eta erakarri ninduten hitzek, errimek eta rapak duen energia horrek. Gaztetxo ginelarik, haur guztiek rocka eta metala entzuten zuten. Nik, berriz, rapari gustu bat aurkitu nion.
Terapia izeneko diskoa argitaratu zenuen iaz. Biluzteko balio du rapak?
Bai, biluzteko ere bai. Azkenean, bakoitzak erabili dezake rapa, hizkuntza edo artea bera gauza oso desberdinetarako. Izaten ahal da salatzeko, norbere sentimenduak kontatzeko, traumak edo arazoak kanporatzeko... Niri, bai, balio dit barrua husteko eta barne korapiloak askatzeko.
24 kontzertu eman dituzu 2022an. Rapari egiten al zaio tokirik Euskal Herrian?
Herri honetan biziki rap kultura gutxi dago. Egia da zortea dudala beste rap talde batzuei begira. Kontua da, era berean, kontzertuak non eta nola ematen ditugun. Jendeak landu du, eta taldeak badaude, baina rapari ez zaio inoiz ireki egiazko zirkuitu bat.
Abestietan, hegozentrismoa ere salatzen duzu.
Iruditzen zait Ipar Euskal Herrian dagoen aniztasun musikala ez dela inoiz islatu Euskal Herrian: bere txokoan geratzen da. Nik horren aldeko apustua egiten dut, eta jendea animatzen dut horretan segitzera. Gainera, ertzetatik datorrenak beste kutsu bat du, beste zerbait proposatzen du. Eta pena izugarria iruditzen zait ikustea zenbat talde «txiki» deitzen diren, ez txikiak direlako, baizik handi izaten utzi ez zaielako.
Rapa umetatik izan duzu gustuko; jendaurrean aritzea ere bai?
Hori askoz ere gehiago kosta zait. Bertsotan, haurra nintzela, biziki momentu txar anitz pasatutakoa naiz jende aitzinean. Erranen nuke halako beldur bat niola oholtzari, jendaurreari, epaiari eta kritikari. Baina, pixkanaka, esposatzearen esposatzeaz, beldur horri aurre egitea beste aukerarik ez dudanez izan, lortu dut jendaurrean lasai sentitzea.
Nolako ikaslea zinen?
Beti izan naiz beldur anitz dituen norbait, baina hala ere mugitua, bihurria eta soziala. Pilota, musika eta bertsoa maite nituen bereziki. Sortzea maitatu izan dut beti, aski txikitatik. 12 urterekin-edo, jada testuren bat idatzia nuen, rapean errimatuz.
Eta horretan jarraituko duzu?
Bai, behin nire izena daraman proiektu bat sortuta, eta orain bide hau abiatu dudala, segitzeko da.
MOTZEAN
- Plater bat? Txuleta.
- Kolore bat? Gorria.
- Bertsolari bat? Maialen Lujanbio.
- Rap kantari bat? Alpha Wann.
- Abesti bat? Selektah Kolektiboaren UPN West.