Nerea Mazo: «Txikitatik nahi nuen aktore izan»

Aita eta alaba baten arteko harremana da Itxaso telesailaren ardatza. Itxaso da, hain zuzen, protagonista, eta Nerea Mazo aktoreak (Bilbo, 1998) jokatzen du haren rola. Ostegunaz geroztik, telesaila ikusgai dago osorik, Primeran plataforman. «Mimo handiz» egin dutela dio.

Zer kontatzen du Itxaso telesailak?

Aita eta alaba baten arteko maitasun harremana da oinarria. Itxasok, nire pertsonaiak, 17 urte ditu, Mexikon bizi da amarekin, eta aita ez du sekula ezagutu. Ama hilzorian dago, eta esango dio aitarekin bizitzera joan behar duela, nahiz eta ordura arte ez duen ezagutu. Gero, badago thriller trama bat ere...

Surf eskola batean girotuta dago, ezta?

Surfa aitzakia bat da, istorioa girotzeko eta tramak lotzeko: aita, gazteak, Itxaso... Itxaso surfean ikasten saiatzen da, aitari erakusteko ondo moldatzen ari dela herrian.

Surfean zer moduz moldatu zara?

Itxasok ez daki surfean, beraz, ni nintzen surfean jakin behar ez zuen aktore bakarra, baina baita benetan surfean zekien bakarra ere. Pena da; nik surfean aritu nahi nuen!

Ume-umetatik ezagutzen duzu aktore mundua, ezta?

Bai. Azkenean, aitaren erreferentzia eduki dut betidanik, aktorea baitzen, eta nik txikitatik nahi nuen aktore izan. Gaztetatik egon naiz antzerkietan, banbalina artean, esaten den bezala, galdetuz: «Aita, badago zerbait niretzat eskuragarri?».

Go!azen-en egin zenuen saltoa, ordea.
kus-entzunezko Komunikazioko gradua amaitu nuen arte, ez nintzen buru-belarri sartu mundu horretan. Go!azen eskola handia izan da, mimo handiz tratatzen gaituzte. Ia ezer ere jakin gabe iristen gara gehienok hara, intuizio onarekin eta gogotsu, baina galduta. Horri esker etorri da ondorengo guztia.


Zer sentitzen duzu amestutako lekura iritsita?

Nahikoa normalizatuta daukat: Madrilen bizi naiz, aktore giroan murgilduta nago. Egia da, baita ere, oso puntualki lan egiten dugunez ez nagoela etengabe aktore lanean, aktorea naizela sentitzeko. Oraindik hasten ari naizen irudipena daukat.

Aktoreen bizitza oso gorabeheratsua dela diote. Hala da?

Bai, orain nahikoa baikor nago, telesailaren estreinaldiarekin, baina urtebete daramat aktore lanik egin gabe. Azkenean, konturatzen zara ez dela batere erraza aktore izatetik bizitzea.

Eta gustura zaude Madrilen?

Bai, antzerki eskolan aritzen naiz, eta aktore euskaldunen kuadrilla polita daukagu hemen; berrehun metro koadrotan bizi gara denok. Joan-etorrian ibiltzen gara, baina eskertzen da, denok egoera berean gaudelako. Asko laguntzen diogu elkarri, komunitate polita daukagu euskal aktoreen artean. Pozik nago Madrilen. Euskal Herrian ikusten dut neure burua, baina hemen asko gozatzen ari naiz.

Itxaso-ren olatuaren ondoren, zer egin nahiko zenuke?

Gauza berriak probatzeko prest nago: antzerki gehiago egitea gustatuko litzaidake, telesailen bat ere egin nahiko nuke, eta erdaraz ere probatu nahiko nuke rolen bat, erronka moduan. Ikasteko eta neure burua nola moldatzen den ikusteko, azken batean.

MOTZEAN

  • Plater bat? Patata tortilla, tipularekin!
  • Abesti bat? Miley Cyrusen Used to be young.
  • Erreferente bat? Nire ama.
  • Oholtza bat? Arriagan beti ondo.
  • Film bat? La máquina de pintar nubes.
top