
Nahia Sillero, aktorea: «Aktore izateko ikastea nahitaezkoa da»

Galdera asko geratu ziren airean Irabazi arte-ren 3. denboraldian. Horiek argitzeko garaia da, atzo estreinatu baitzen denboraldi berria ETB1en —Makusin, joan den ostiralean—. Noraren rola jokatzen du Nahia Sillerok (Bilbo, 2000), eta esan du telesailak egin duela bere tokia.
Ane Insausti Barandiaran
Hasi da laugarren denboraldia. Zenbat korapilo askatzeko!
Bai. Joan den urtean Alaitzek Printzesak bota zituen taldetik, eta ez dakigu zer gertatuko den futbolarekin; ez dakigu Arenek mugitzea lortuko duen, futbolera itzuliko den; Martxelorekin eta Jonekin gertatutakoa ere hor dago, istripuarena...
Norari dagokionez, zer aurreratu daiteke?
Azken kapituluan ikusi genuen Esti neska laguna AEBetara doala, eta, beraz, pertsonaia ez da egongo denboraldi berrian. Aurreko denboraldietan ikusi denez, Norak maitasuna behar du bizitzeko. Denboraldi honetan, maitasuna presente egongo da, baina ez aurretik ikusi moduan.
Laugarren denboraldia duzue, telesailak egin du bere lekua?
Bai, aurretik zegoen erreferentzia bakarra Go!azen da, eta hori gainditzea ezinezko misioa da. Baina helduagoak diren umeentzako sortu zen Irabazi arte. Uste dut trama aldetik heldutasun puntu bat lortu dela.
Umetatik izan duzu aktore izateko ametsa?
Argi neukan aktore izan nahi nuela; ez nuen beste aukerarik ikusten. 10-12 urterekin hasi nintzen antzerki munduan. Etxean hori esan nuenean, amak esan zidan gauza bakarra izan zen: ‘Aktore izan nahi baduzu, ikasi egingo duzu’. Azkenean, ikasten duzunean konturatzen zara lanbide bat dela, beste guztiak bezala.
Haurra zinela, zein zen zure ikasgairik gustukoena?
Nik uste nire ikasgairik gogokoena beti izan dela plastika. 8 urterekin-edo hasi nintzen margotzen, akademia batean, eta beti gustatu zaizkit arteak eta hizkuntzak. Baina matematika eta horrelako gauzak, uf... Nota onak ateratzen nituen, baina ez zitzaidan gustatzen zientziarekin lotutako unibertso hori.
Asko ikasi behar da, beraz, aktore izateko?
Niretzat ikastea nahitaezkoa da. Bestela, aukera asko daude lanbidea uzteko momenturen batean. Txikia zarenean, interpretazioaren munduan ikusten duzun bide posible bakarra da antzeztearena. Baina, behin ezagututa, ikusten duzu kamera atzean eta antzerkiaren atzean lanbide pila bat daudela. Eta niri hor piztu zitzaizkidan zalantzak.
Zer eman dizu aktore izateak?
Uste dut aktore izateak ematen dizula aukera mundua beste ikuspegi batetik ikusteko; arteak laguntzen du ikuspegi kritikoa izaten. Niri asko lagundu dit gauza asko zalantzan jartzen.
Aurrera begira, zer egitea gustatuko litzaizuke?
Ikerketaren mundua asko gustatu izan zait betidanik; bai antzerkian eta bai zineman. Zinemaldian egiten dut lan, eta gazteriaren epaimahaiko kide izan naiz urte batzuetan. Horretan ikusten dut neure burua. Aktore eta sortzaile mundua ez dut alde batera utzi nahi, baina oinarri baten moduan ikusten dut hori, gero kulturaren arloko zerbait egiteko.
MOTZEAN
- Film edo telesail bat? La La Land eta Foodie Love.
- Plater bat? Patata tortilla eta ramena.
- Kolore bat? Urdina.
- Zenbaki bat? 2 zenbakia.
- Erreferente bat? Irene Escolar.