Musikaren erritmoan

Ikusgarria bada ere, kirol ezezaguna da igeriketa artistikoa. Euskal Herrian ere egiten da, ordea: Etxebarriko kiroldegian, adibidez, 60 neskato aritzen dira. Gaitasun ugari lantzen dituzte, entrenatzaileen arabera: malgutasuna, indarra, erresistentzia, biriken gaitasuna...

Besoak tolestuz eta mugituz, koreografia moduko bat egiten ari da neska talde bat Etxebarriko (Bizkaia) kiroldegiaren kanpoaldean. Tiktokeko dantza bat dela dirudi, baina ez da hala: kamiseta gorriak eta motxilak daramatzate soinean, eta Uribarri-Etxebarriko igeriketa artistikoko taldekideak dira. Urpean hankekin egiten duten koreografia besoekin errepasatzen ari dira.

2010ean sortu zen igeriketa artistikoko taldea. Ordura arte, kiroldegiko ekintza puntual bat izaten zen, tarteka egiten zena. Handik denbora batera, ordea, guraso talde bat elkartu zen, kirol talde pribatu gisa taldea sortzeko. 60 neska inguru daude izena emanda gaur egun, 6 urtetik hasi eta 21 urtekoetara arte. Gazteenak lau orduz entrenatzen dira astean, eta, helduenak, berriz, hamazazpi.


Taldekideetako bi dira Enara Soteta Malen Arza. 12 urte ditu lehenak, eta 7 zituenean probatu zuen kirola: «Igeriketa eta balleta egiten nituen. Biak asko gustatzen zitzaizkidan, eta, igeriketa artistikoa bien arteko nahasketa denez, probatu egin nuen». Arza, berriz, 9 urterekin hasi zen: «Proba egin nuen, Malenek gomendatu zidalako, eta asko gustatu zitzaidan». Ordu askoz entrenatu behar bada ere, ez zaizkie luzeak egiten, oso ondo pasatzen dutelako.

Gaitasun ugari lantzeko aukera ematen du kirolak Yrama Simarro eta Maider Garcia entrenatzaileen arabera. «Malgutasuna, indarra, erresistentzia, biriken gaitasun handia, azkartasuna...», esan du Simarrok. Dena den, oinarri bat behar dute horretarako, eta, batzuk oso gazte hasten direnez, igeri egiten irakastea izaten dute lehenengo zeregina. Gerora, kontatzen irakasten dietela azaldu du Garciak: «Guk musika kontatzen dugulako, besteak beste. Erritmo bakoitzak zenbaki bat dauka, eta oinarrizkoa erakusten diegu lehenik».


Kirol ikusgarria da kanpotik ikusteko: oso ondo koordinatu behar dira, urpean, erritmo bera eraman eta mugimendu berak egiteko. Horregatik da beharrezkoa hainbeste entrenatzea: «Gurasoek, batzuetan, galdetzen digute: ‘baina, hainbeste ordu, zertarako?’. Hanka luzatuta edukitzeko soilik, ordu askoz entrenatu behar da». Dena den, modu progresiboan egiten dute: ez dira kolpetik hasten hamazazpi ordu entrenatzen astean.

URETARA SALTO

Astearte bateko 17:30 dira, eta hasi dute bi neska taldek entrenamendua, igerilekuko bi kale soilik hartuta. Aste honetan, gainera, Yaiza Marrero joan zaie, Kanarietatik (Espainia), saio tekniko bat egitera. Harekin dago bietatik talderik helduena, «koreografia egituratu eta fintzeko» xedez.

Beroketak egin ondoren, sudurrean pintzak eta gerrian flotagailu bat jarri, eta hasi dira koreografia entseatzen, Marrerok burdinazko makila batekin erritmoa markatzen duela. Amaitutakoan, zertan huts egin duten azaltzen die, besoekin hanketako mugimendua irudikatuta. Pausoz pauso, erraztasunak kenduz doaz: flotagailua kentzen dute, gero makila, eta azkenik, musikarekin soilik egiten dute.

Igerilekuaren kanpoaldean dago oraindik beste taldea, gazteagoena. Estera gainean ariketak egiten ari dira, Simarrorekin: luzaketak, etzanda daudela hankak zabaldu eta itxi, besoak eta hankak lurrean jarriz zubi moduko bat osatu... «Lehenik eta behin, lehorrean ikasten da: egiten den mugimendu bakoitzak zenbaki bat dauka, eta uretan hankekin egin behar duten guztia lehorrean eskuekin egiten dute», esan du Simarrok. Gerora egin dute uretara salto, eta makilaren kolpeei jarraiki hasi dira koreografia egiten haiek ere.


Baina erraza ote da zortzi edo hamar pertsona koordinatzea? «Helduak direnean, bai. Txikiagoekin gehiago kostatzen da [barrez]. Ez dutelako irauten ur azpian, edo ez dakitelako kontatzen, badaude belarririk ez dutenak ere...», esan du Marrerok. Horregatik da garrantzitsua ahalik eta azkarrena hastea: «12 urterekin ematen badute izena, hobetuko dute zerbait, baina maila jakin batera iristea zaila da. Kirol honetan, 16 urterekin, ia-ia erretiroa hartzen duzu».

Ekainaren 17an jokatuko dute, Zornotzan (Bizkaia), Euskal Herriko igeriketa artistikoko txapelketa. Triste daude, 10 urtekoei ez dietelako parte hartzen utzi, adingabeak babesteko legea dela eta. Lehiaketarako bi aste falta direla jaso dute berria: «Aurten ate guztiak itxi dizkigute. Gure kirolarekiko ezjakintasuna erakusten du neurriak, haurrak babestu beharrean, kalte egiten ari direlako», salatu du Simarrok.

Kirola eta taldea ezagunagoak egitea dute helburu, jende gehiagok izena eman dezan. Hala azaldu du Simarrok: «Neskak eta mutilak ikasteko gogoz etortzea nahi dugu, haur bakoitzari bere onena ateratzeko». Bihar, adibidez, erakustaldi bat egingo dute Etxebarriko kiroldegian. Izan liteke inori probatzeko gogoa pizteko amua.

top