Mitoen bizitokia
Irati filmean ikus daitekeen bezala, pertsonaia ugarik osatzen dute euskal mitologia. Izaki mitologiko bakoitzak hainbat bizileku ditu, edo hala sinetsi izan da, behintzat. Horietara iristeko, mendi eta basoak zeharkatu behar dira. Bizileku horietako batzuk aurkituko dituzue gaur Mantangorri-n.
MARI
Euskal mitologiako pertsonaiarik garrantzitsuena da Mari, beste jeinu guztien jainkoa edo nagusia. Mendiei, lurrari eta leize zuloei lotutako pertsonaia da; horietako askotan bizi da. Justiziaren jainkoa da, zintzotasunaren defendatzailea, eta injustizien aurka borrokatzen duena.
Ibilbidea: Mendikuteko leizea
Albizturko (Gipuzkoa) plazan hasten da Mari bizi den kobazulora eramaten duen ibilbidea. PR GI-81 izeneko bidexkaren seinaleei jarraituta gora egin behar da, eta, San Gregorioko ermita pasatu ondoren, Urrutume etxearekin egiten da topo, harrizko eskulturak eta lorategi zainduak dituena. Mendikuteko tontorra baino lehenago dago leizea, hurritzez eta arrokaz osatutako bidearen erdian. Kopeta argi batekin sartu daiteke bertara.
LAMINAK
Uretako emakume jainkoak dira lamiak edo laminak, ezohiko edertasuna dutenak. Itsasoa, iturriak, putzuak, errekastoak, aintzirak eta itsasoa dituzte bizileku. Urrezko orrazi batekin orrazten dute ile luzea, begirada galdu edo limurtzailearekin. Ahate edo oilo oinak izaten dituzte.
Ibilbidea: Abaunzko leizea
Arraitzen (Nafarroa) iparraldean dago Abaunzko leizea, eta bertan laminak bizi zirela kontatu zion bertako andre batek Jose Migel Barandiarani. Han topatu zituzten, 1996an, hiru karezko harri, zirrimarra batzuk irarrita. Duela 13.000 urtekoak dira, eta Abaunzko Mapa deitzen diete. Herritik abiatuta, elizatik zementuzko pista bat hartu, eta aurrera egin behar da, Zaldizain errekako bidea zehazten duen seinalea ikusi arte. Errekak sortutako haitzartera joan eta agertzen den bidexkari jarraituz iristen da laminen leizera.
JENTILAK
Izaki erraldoiak dira jentilak, oso indartsuak. Mendietan bizi dira, eta oso xaloak dira. Mendi batetik bestera harri erraldoiak jaurtitzea atsegin dute. Esaten dutenez, lehenengoak izan ziren nekazaritza ikasten, eta gauza asko irakatsi zizkieten gizakiei.
Ibilbidea: Jentilarriko trikuharria
Zaldibiako (Gipuzkoa) Olariagako Saroiaren bidetik abiatuta joaten da jentilen bizilekuetako batera, Jentilarriko trikuharrira. Galtzada zaharrari jarraitu behar zaio, Ausa-Gaztelurako bidea albo batera utzita. Pistaren amaieran, borda bat dago, eta, bertatik gorantz jarraituz, Pikoetako lepora iristen da. Lurrezko pista markatu bat dago, Ondarretako harana eskuinetara utzita. Pagadiari jarraituz iristen da Jentilarriko trikuharrira. Ibilbideari jarraituz gero, Supitaizko menhirra ikusteko aukera dago, eta Ondarreko haranetik itzuli.
TARTALO
Begi bakarreko pertsonaia mitologikoa da Tartalo, gizon erraldoia eta lanbidez artzaina. Beldurra eragiten du, herrietako gazteak bahitzen eta jaten dituela uste baitu jendeak. Jeinu handia eta indartsua izan arren, ez omen da oso buruargia, eta gizakiak maiz irabazten omen zion, adimen aldetik.
Ibilbidea: Santa Eufemia ermita
Urregaraiko eta Bedartzandiko tontorrekin lotzen da Tartalo, Lea-Artibaiko lurretan (Bizkaia), eta Alarabi deitzen diote pertsonaiari. Horra iristeko, Markina-Xemeindik (Bizkaia) abiatu eta Boluko zubia igaro behar da, Artibai gurutzatzeko. Ituarte baserria igarotakoan, hormigoizko pista bat hartu eta gorantz abiatu behar da. Behin Igotz etxea igarota, pistak Santa Eufemiako zelaira eramaten du, Urregarai eta Bedartzandi artean. Bertatik ikusten da Santa Eufemia ermita ere. Handik aurrera, txangoa pasiera bat da, Alarabiren inguruetan barrena, Urregaraiko puntaraino.
BASAJAUN
Basajaun, izenak dioen bezala, basoko jauna da, jaun basatia, indar ikaragarriko izakia. Gorputza ilez estalita dauka, belaunetaraino, aurretik zein atzetik. Oin bat gizakiaren modukoa dauka, eta bestea, berriz, oinatz borobil batez osatua. Leizeetan bizi da, eta, daukan itxuragatik ikara sor badezake ere, artaldeak zaintzen dituen jeinu babeslea da.
Ibilbidea: Iratiko oihana
Iratiko oihanean ikusi omen zituzten behin baino gehiagotan basajaun eta basandere. Hainbat ibilbide egiteko aukera dago oihanean, batzuk lasaiagoak, eta besteak gogorragoak. Iratiko etxoletatik abiatuta, Urbeltzeko errekari jarraituz, interpretazio panelak daude, basoko zura zertarako erabiltzen zen azaltzeko. Saihesbidea hartuz gero, Kubo ur jauziarekin egiten da topo. Pistara itzulita, aurrera egin eta GR-12 bidearen markei jarraituta, Uthurtxarreko lepora iristen da. Bidean aurrera jarraitu daiteke, Bizkarzeko leporaino, eta baita handik aurrera ere, Iratiko gailur handiak igotzeko.
HERENSUGE
Euskal mitologiako dragoia da herensuge, suari lotua. Sugaarrekin nahastu izan da sarri, haren ezaugarri morfologiko antzekoak izan dituelako. Elezahar batzuetan zazpi buru dituela esan izan da, baina, gehienetan, bakarrarekin irudikatu dute. Ahozko literaturaren arabera, kobazulo sakonetan bizi da, eta gosez dagoenean soilik irteten da, mendietako animaliak jatera.
Ibilbidea: Done Mikel Aralarkoa
Kondaira baten arabera, Done Mikel santutegia Iraunsuge izeneko leize zuloaren gainean eraikita dago. Uharte Arakiletik (Nafarroa) igo daiteke santutegira, besteak beste. Arakil ibaia gurutzatu eta saihesbide bat hartu behar da, asfaltozko pista batetik. Koloretako marrei jarraituz gero, basoa zeharkatuz, iristen da Done Mikel Aralarkoaren santutegira.
BA AL DAKIZU?
Mitologiari buruzko webgune interesgarriak: euskalmitologia.com eta amaroa.com. Informazio hau osatzeko iturria: Euskal Herriko ibilbide mitologikoak liburua. Imanol Bueno eta Aitor Ventureira dira idazleak, eta Markel Lizasoain itzultzailea.