Miren Zeberio: «Gure hizkuntza eta ondarea munduan zabaldu nahi ditugu»

Zer da Euskelelea?

Euskelelea, batetik, musika tresna bat da, pilotako pala itxura duen ukelele bat, eta, bestetik, horren inguruan egindako ipuin musikatu bat. Kontatzen da nola sortu ziren musika tresna desberdinak, eta, azkenean, Euskelelea. Istorio sinplea da, baina oso polita. 

Elkarlan baten emaitza da, ezta?

Enrikeri [Solinis] bururatu zitzaion instrumentua sortzea, eta, gero, Juan Kruz Igerabidek jarri zien hitza gure ideiei. Istorio horretan tartekatzeko, hainbat kantu barroko eta herrikoi aukeratu genituen Euskal Barrokensemblekoek, eta Irrimarrak egin ditu ilustrazioak. Eta hori dena zuzenekora ere eramaten dugu, irudiak proiektatutako kontzertu bat eginez; Maika Etxekoparrek kontatzen du istorioa. Familia guztiarentzako ipuin musikatu bat bilakatu da azkenean.

Erlea argitaletxea sortu duzue. Zertarako?

Orain arte, Euskal Barrokensemblerekin, gure lanak beste argitaletxe batzuekin argitaratu ditugu. Gure zigilu propioa sortzea erabaki genuen, eta gure lanak argitaratzeko euskarri plataforma izango da Erlea argitaletxea, askatasuna edukitzeko guk nahi dugun hori nahi dugunean argitaratzeko.

Euskal Barrokensembleren espiritua du argitaletxeak?

Gure ondarea arakatzea gustatzen zaigu: bai musika herrikoia, bai kultura... Gure hizkuntza eta ondarea munduan zabaldu nahi ditugu. Gureak direlako, eta harro gaudelako gurea den horretaz. Jende askok ez du ezagutzen, eta hori ezagutaraztea interesgarria da.

Euskeleleak ere eraiki dituzue.

Lehen Euskelelea Enrikeri egin zion bere lagun batek, eta orain, Gasteizen bizi den Guillermo Camachok egiten ditu. Lihoarekin saiatu ginen, baina azkenean egurrezko instrumentuak dira, oso soinu polita daukatenak. Gutizia bat da, eskuz egindako tresna bat. Partiturak ere badaude liburu barruan, norbaitek liburuko kantak jo nahi baditu.

Baduzue beste proiekturik esku artean?

Subh, al Andalus gobernatu zuen gatibu baskoia disko-liburua ere kaleratu dugu, eta aurten ziur aski grabatuko dugu beste diskoren bat. Agian Euskelelea ere itzuliko dugu, gaztelerara itzultzea eskatu baitigute. Ideiak badauzkagu, baina gero denbora behar da horiek aurrera eramateko.

FITXA
  • Izenburua: ‘Euskelelea’.
  • Jatorrizko ideia: Enrike Solinis.
  • Idazlea: Juan Kruz Igerabide.
  • Musika: Euskal Barrokensemble.
  • Ilustrazioak: Irrimarra.
  • Prezioa: 15 euro.
  • Argitaletxea: Erlea.


top