Minbizia, zelulen jarrera aldaketa

Ane Insausti Barandiaran

1. ZER DA MINBIZIA?

Minbizia gaixotasun gogor bat da; hainbat gorputz ataletan agertu daiteke, eta haren kausa zein den ez da ezaguna oraindik. Nekane Lekuona Aspanogi elkarteko gizarte langileak azaldu du zer den: «Giza gorputza zelula izeneko zati batzuez osatuta dago, eta bakoitzak bere funtzioa du; bat-batean, ordea, zelula batek bere jarrera aldatzen du, eta mutatu egiten da, hau da, aldatu, eta ez du gehiago lan egin nahi». Horrela sortzen da gaixotasuna. Hura pairatzen duten haurrei ikusgaitasuna emateko, Haur Minbizidunen Nazioarteko Eguna ospatzen da gaurko egunez.

2. ZEINTZUK DIRA OHIKOENAK?

Leuzemia da adin txikikoen artean gehien agertzen den minbizia (% 28,5), odoleko minbizia; hezur muina gaixotzean gertatzen da. Buruko tumoreak ere ohikoak dira (%23,6), nerbio sistema zentralarekin lotutakoak. Linfomak izaten dira diagnostikatutako minbizien %11,9; hori nerabeen artean agertzen da batik bat. Eta badaude gehiago: hezur tumoreak, giltzurrunekoak...


3. NOLA ERAGITEN DU UMEEN BIZITZAN?

Minbiziak bizitzako arlo guztietan eragiten du, eta egunerokoa erabat aldatzen zaie gaixoei: bat-batean, ospitaleratu egin behar izaten dituzte, eta proba pila bat egin behar izaten dizkiete. Etxea uztea aldaketa gogorra da emozionalki, erietxea leku arrotza baita; gainera, ezin dira eskolara joan, familia eta lagunak ohi baino gutxiago ikusten dituzte denbora batez... «Helduen mundu batean murgiltzen dira, hemen denak helduak baitira: medikuak, erizainak, laguntzaileak, irakasleak...», azaldu du Lekuonak.

4. SENDATU DAITEKE?

Gaixotasun gogorra izan arren, badago itxaropenerako tartea: minbizi motaren arabera datua aldatzen den arren, gaur egun 0-14 urte bitarteko haurren minbizien ia %84 sendatzen dira. «Duela hogei urterekin konparatuta, asko hobetu da datua. Tratamenduak ere hobetzen ari dira etengabe, ospitaleko egonaldiak ere ez dira hain luzeak... Askoz ere eramangarriagoa da orain; aurrerapen handiak egiten ari dira».

«Minbiziak eragin ikaragarria du: familian, emozionalki, hezkuntzan, sozialki, ekonomian... Laguntza osoa eskaintzen saiatzen gara». NEKANE LEKUONA, ASPANOGIKO GIZARTE LANGILEA

5. ZER TRATAMENDU DAUDE?

  • Kimioterapia: tratamendurik ohikoena da, oso eraginkorra baita minbiziari aurre egiteko. Tumore bat dagoenean, hura txikitzea lortzen du. Hori bai, zelula onei ere kalte egiten die.
  • Erradioterapia: minbizi zelulak suntsitzen ditu energia handiko erradiazioen bidez; minbizi jakin batzuetarako erabiltzen da. Normalean, ondorioak sortzen ditu organoetan eta nerbioetan.
  • Protoien terapia: erradioterapia baino zuzenagoa da, zehatzagoa. Minbizia duen zeluletara joaten da. Donostian hemendik gutxira izango da tratamendu hau egiteko aukera.
  • Hezur muinaren transplantea: kaltetutako hezur muina zelula osasuntsuz ordezkatzeko tratamendua da. Emaile bat behar izaten da, aurrekoa ordezkatzeko.
  • Kirurgia: minbizia kentzean datza, eta, kirurgia egin ostean, ez dago beharrik bestelako tratamendurik jasotzeko.

6. NORA JOAN LAGUNTZA ESKE?

Hainbat elkartek eskaintzen diete laguntza haur minbizidunei eta haien familiei. Aspanogi da Gipuzkoakoa, baina Aspanafoa da Arabakoa, Aspanovas Bizkaikoa... Izan ere, bizipenak konpartituz eta elkar lagunduz minbizia eramangarriagoa da. Aspanogiko langileak azaldu du Donostian, adibidez, diagnostikoa jaso orduko ematen dietela elkartearen kontaktua: «Guk bulegoa ospitalean daukagu, eta psikologoa eta biok bisitan pasatzen gara onkologia unitatetik. Arreta psikologikoa eta soziala eskaintzen diegu. Hasieran, familientzat oso gogorra da, eta ez dakite nondik hasi ere». Esaterako, informazioa ematen diete umeen etxez etxeko irakaskuntza zerbitzuaz, Donostia ospitalean gurasoentzat duten gelaz, gurasoei ordaintzen dieten otorduaz, Amara auzoan duten pisuaz (etxera itzuli ezin badira bertan geratzeko)...


7. MITOAK

Hainbat uste oker zabalduta daude, gaixotasuna tabu izatearen ondorioz. Horien aurkako mezua zabaldu du gizarte langileak:

  • Minbiziak heriotza ekartzen du beti? Batzuetan bai, baina aurretik esan bezala, tratamenduak hobetzen ari dira etengabe, eta geroz eta jende gehiago sendatzen da.
  • Kimioterapia pozoia da? Ez, kimioterapia minbiziari aurre egiteko tratamendu bat da. Gogorra da, eta ondorioak ditu, baina ez da pozoia.
  • Kutsakorra da? Ez da kutsakorra, alderantziz; zaindu egin behar da minbizidun haur hori, besteek kutsatu dezaketelako beren birus eta bakteriekin.
  • Superheroiak dira haur minbizidunak? Minbiziari buruz, askotan, gerra bat balitz bezala hitz egiten da, «gaixotasunari irabazi dio» eta halakoak esanez. Baina minbizia gaixotasun bat da, prozesu bat da, eta egun onak eta txarrak daude. Gaixoek eskubidea dute pozik egoteko, negar egiteko, haserre egoteko...

8. NOLA LAGUNDU MINBIZIA DUEN LAGUN BATI?

Garrantzitsua da lagunaren alboan egotea beti. Enpatia ariketa bat egitea nahikoa dela dio Lekuonak: «Nola nahiko zenuke zu tratatzea, minbiziarekin bazeunde? Egin galdera hori zeure buruari, eta erantzunak ateratzen dira, normaltasunez». Izan liteke bideo dei bat egitea, deitzea, bisitatzera joan zaitezkeen galdetzea, maskararekin bisitan joatea, parkean geratzea aire zabalean egoteko... «Nahiz eta itxura aldatu zaion, ez du pena sentitzerik behar. Babesa da behar duena, eta harekin egotea».

BA AL DAKIZU?

  • Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Eskerrik asko! proiektuan landu zuten haur minbizidunen gaia. Marimototsi mototsak erori zitzaizkion.
  • Nazioarteko egunaren karietara, gaur, 12:00etan, ekitaldia egingo dute Aspanogikoek Donostia ospitalean. Bihar, berriz, ipar martxa egingo dute, Donostian: Saguestik Haize Orrazira joango dira oinez.
top