Memoriaren txoriak ihesi
Ane Insausti Barandiaran
1. ZER DA?
Milioika pertsonak pairatzen duten gaixotasuna da alzheimerra, eta, batez ere, adineko pertsonengan agertzen da —baina ez soilik haiengan—. 65 urtetik gora handituz joaten da hura pairatzeko arriskua. Pertsona baten gaitasun intelektualak —memoria, hitz egiteko eta orientatzeko gaitasuna— okertzean datza alzheimerra, eta horren atzean gaitz bat dago. Gaur da gaixotasunaren nazioarteko eguna.
2. ZAHARTZEA EZ DA MEMORIA GALTZEA
Adinekoengan agertzen den gaixotasuna izan arren, zahartzea ez da memoria galtzearen arrazoia, gaixotasuna baizik. Ideia horren garrantzia nabarmendu du Miren Altuna neurologoak: «Zahartzeak ez dakar memoria galera edo autonomia galera. Hori gertatzen baldin bada, atzean gaixotasun bat dagoelako da. Adina da gaitz horren arrisku nagusia, baina ez bakarra».
3. ZEINTZUK DIRA SINTOMA NAGUSIAK?
Sintomarik ohikoena da behin eta berriz errepikatzea galdera bera, gaixotasuna duen pertsona ez delako oroitzen galdera egin izana; edo ez gogoratzea giltzak non utzi dituen, poltsikokoa non utzi duen; edo bere auzotik irtetean, garraio publikoa nola hartu behar duen ez jakitea; edo hitzak topatzeko orduan zailtasunak izatea. Adibide bat jarri du neurologoak: «Ez da bakarrik ez gogoratzea auzokidearen izenaz, baizik eta bat-batean hitz egiten aritzea, eta ez ateratzea boligrafo hitza».
4. ZEINTZUK DIRA GAIXOTASUNAREN FASEAK?
Gaitza ez da bat-batean agertzen, urte askoren poderioz baizik. Hauek dira gaixotasunaren hiru faseak, Miren Altunaren arabera:
Sintomen aurreko fasea: Hasierako urte luzeetan, buruan aldaketak sortzen dira, baina oraindik ez dute aurpegirik ematen, ez da sintomarik nabaritzen.
Sintomen fasea: Bigarren fasean, sintomak agertzen dira, memoria arazoak hasten dira, baina posible da eguneroko bizitza egitea. Lanean ari denak lanean jarraitu dezake, edo aitona-amonek arazorik gabe zaindu dezakete eguneroko errutinaren barruan beren biloba.
Dementzia fasea: Hirugarren fasean dauden pertsonek ezin dituzte besteak zaindu, eta, pixkanaka, geroz eta laguntza gehiago behar dute. Aurrena, beharko dute laguntza botikak jartzeko orduan; gero, dirua kudeatzeko orduan, eta, azkenik, baita gauza sinpleetarako ere: dutxatzeko, arropa aukeratzeko...
5. NOLA PREBENI LITEKE?
Hainbat neurrik lagundu dezakete gaixotasuna prebenitzen. Hasteko, arrisku faktoreak kontrolatuta izateak: tentsioa, kolesterola edo azukrea neurtzea, ez erretzea, alkoholik ez edatea, elikadura osasuntsua eramatea... Bestalde, ariketa fisikoa egitea garrantzitsua da, bihotzaren taupadak areagotuz. Aktibo mantendu behar dira, zentzu guztietan: «Ondo dago errutina bat mantentzea, baina beti erronka berriak jarri behar dira: haurrak eskolara joan behar diren bezala, adin batetik gora gauza berriak ikasi behar dira».
6. ZER GARRANTZI DUTE IKERKETEK?
Gaitzaren inguruko ikerketak garrantzitsuak direla nabarmendu du neurologoak: «Batetik, hain garrantzitsua den diagnosi goiztiar hori nola hobetu dezakegun jakiteko, eta leku guztietara iristeko; eta, bestetik, gaur egun oso gauza gutxi dagoelako gaitza eraldatzeko gaitasuna duena; beraz, botika berriak deskubritzeko garrantzitsua da. Ez bakarrik sintomak hobetzeko, baizik eta gaitza beranduago agertzeko eta motelago joan ahal izateko». Horretarako, baliabideak behar direla nabarmendu du: bai ekonomikoak, bai eta pertsonalak ere, pertsonek ikerketetan kolaboratzea ezinbestekoa delako.
7. BA AL DAGO TRATAMENDURIK?
Udan, EMA Sendagaien Europako Agentziak Leqembi izeneko botikari atea itxi zion, hainbat arrazoi zirela eta. Dena dela, duela hogei urtetik badaude sintomak hobetu ditzaketen botikak. «Ez dute lortuko gaitza motelago joatea, baina bai hura sufritzen duen pertsonak arreta maila hobea izatea, urduritasun gutxiago izatea, eta, era berean, iniziatiba gehiago izatea eguneroko erronkei aurre egiteko», azaldu du Altunak. Botikak hartzeaz gain, nabarmendu du garrantzitsua dela estimulazio kognitiboa, hau da, burua lantzea.
8. ZER GARRANTZI DU DIAGNOSI GOIZTIARRAK?
Gaixotasuna ahalik eta azkarrena atzematen bada, tratamendu aukera gehiago daude, bai botika aldetik, bai estimulazioari dagokionez ere. Baina hortik harago ere garrantzitsua da, gaixoak etorkizunerako erabakiak ondo dauden garaian hartzeko gai izan daitezen: «Beren nahiak adierazteko gaitasuna izan dezakete, eta baita erabakiak hartzeko ere: zer egin nahiko luketen, non bizi nahiko luketen, norekin bizi nahiko luketen, etorkizuneko botikak probatu eta entsegu klinikoetan parte hartu nahiko luketen...».
9. NOLA LAGUNDU ALZHEIMERRA DUTENEI?
Haurrek ere lagundu diezaiekete gaixotasuna duten aitona-amonei. Epaitu eta haiekiko konfiantza falta izan beharrean, horiek goxo tratatzea garrantzitsua da, Altunaren hitzetan: «Behar duten maitasuna ematea garrantzitsua da, horrek antsietatea gutxituko baitie, eta, hala, sintomak hobeto eramango baitituzte». Era berean, haurrekin erronka eta estimulu berriak dituzte egunero, eta ona da egunero gauza ezberdinak egitea.