Maskaradak, maskararik gabe
1. ZER DIRA MASKARADAK?
Zuberoan, neguko herri inauteriak dira maskaradak, eta udaberriaren etorrera ospatzeko sinesmenei lotuta dago festa. Bihar egingo dute aurtengo lehenengoa, Maulen. Musika, dantza, antzerkia eta kantua uztartzen dituzte parte hartzaileek ikuskizunean, eta egun osoko festa egiten dute, maskarada egingo duten herrian konpartsa koloretsua osatuz. Izenak dioenaren aurka, maskararik gabe egiten dute festa.
2. NORK PARTE HARTZEN DU?
Urtero, Zuberoako herri bateko gazteek antolatzen dute maskarada, eta herriz herri ibiltzen dira festa egiten. Aurten, Maule-Lextarreko 35 gazte ariko dira bihartik apirilaren amaiera arte, asteburuero, herriak girotzen. Ez da erronka makala izaten, Zuberoako herriek oso biztanle gutxi baitituzte, eta, maskaradak aurrera ateratzeko, herriko gazte gehienek parte hartu behar izaten baitute. Maule, adibidez, ez da 3.000 biztanlera iristen.
3. ZEIN DIRA PERTSONAIA NAGUSIAK?
Maskarada guztietan pertsona berak mantentzen dira gutxi gorabehera, urtero pertsona desberdinek antzezten badituzte ere. Bi taldetan banatzen dira: gorriak eta beltzak.
GORRIAK
Jantzi ederrekin ibiltzen dira, eta dantzari finak izaten dira: aitzindariek (Entseinaria, Txerreroa, Gathuzaina, Zamaltzaina eta Kantiniersa), jaunak eta andereak, laborariak eta laboristak, manexalek (ferratzaileak) eta kukuileroek (gandorradunak) osatzen dute.
BELTZAK
Talde beltzekoak, aldiz, basatiak, zirikatzaileak eta zalapartatsuak izaten dira: kereztuek (zirikatzaileak), xorrotxek (zorroztaileak), buhameek (ijitoen tribua), kauterek (galdaragileak) eta medezinek (medikua) osatzen dute taldea.
4. ZER ZATI DITUZTE MASKARADEK?
BARRIKADAK
Goizetan, barrikadak egiten dituzte. Herritarrek oztopoak jartzen dituzte herrian, eta horiek gainditu behar dituzte antzezleek. Herriko etxe nagusiak bisitatzen dituzte, eta jaten eta edaten ematen diete horietan. Halere, ohitura hori aldatzen ari da, eta geroz eta gehiagotan, bazkari bat egiten dute. Aurten, ordea, saiakera berezia egin dute, eta ia herri guztietan jango dute jendearen etxeetan.
OFIZIOA
Arratsaldeko saioari deitzen zaio ofizioa, eta bertan egiten dute antzezlan nagusia. 15:30ean hasten da gutxi gorabehera, nahiz eta sarri geroago hasten duten, bazkaria dela eta. Guztira, bi ordu eta erdi inguru irauten du. Aurten, berrikuntza gisa, testua ere egingo dute goizean, azken barrikadan.
BA AL DAKIZU?
Arizale deitzen zaie maskaradako antzezleei.
2023ko MASKARADEN EMANALDIAK
- Urtarrilak 15: Maule-Lextarre (Lextarreko plazan).
- Urtarrilak 22, igandea: Atharratze.
- Urtarrilak 29, igandea: Pagola.
- Otsailak 5, igandea: Mendikota.
- Otsailak 11, larunbata: Gamere.
- Otsailak 19, igandea: Ürrüstoi.
- Otsailak 25, larunbata: Altzürükü.
- Martxoak 4, larunbata: Muskildi.
- Martxoak 11, larunbata: Idauze-Mendi.
- Martxoak 19, igandea: Zalgize.
- Martxoak 26, igandea: Urdiñarbe.
- Apirilak 2, igandea: Larraine.
- Apirilak 9, igandea: Barkoxe.
- Apirilak 16, igandea: Sohüta (Hokin).Apirilak 22, larunbata: Maule-Lextarre (Maule gaineko arrabotuan).
MAIANA LIGETX, MASKARADAKO ANTZEZLEA: «OFIZIO MOMENTUTIK HARAGO DOA MASKARADA»
Xorrotxaren rola jokatuko du Maiana Ligetxek (Ezpeleta, Lapurdi, 1997) aurtengo maskaradan. Gogotsu dago, eta «gozatzea» espero du, euskara Zuberoan zabalduz.
Zergatik animatu zinen maskaradan parte hartzera?
2018an egin genuen pastorala Maulen, eta motibatu ginen gazte batzuekin adina bagenuela urte batzuen buruan maskarada egiteko. Orduan, izena eman genuen 2023rako. Nik dantza egiten dut betidanik Maulen, eta gero, euskalduna izanik, gure ihauteri bakarrak horiek dira Zuberoan. Horrek gaitu motibatu parte hartzera.
Jai tradizionala da, baina oraindik badu indarra?
Urteak eta urteak ditu, betidanik ikastolan lantzen dugu eta baita eskola publikoetan ere. Negu guztian hori ikusten dugu igande guztiz, gurasoekin abian gira, eta, beraz, enbeia ematen du behin gure bizian horren egitea.
Zer giro sortzen da egun horietan?
Beti hotz egiten du, negua baita. Baina besta giro bat sortzen du, denak biziki kontent gira hor izateaz. Gu, arizale gisa, baina ikusle gisa ere bai. Bada besta giro bat eta euskal giro bat ere Zuberoan, ez dena usu agertzen.
Herri osoa blaituko du festak, ezta?
Bai, hori segur, eta beste herrietatik ere heldu da jendea, beste probintzietatik... Bada jende anitz, egun jendetsuak dira usu. Bada bazkari bat, barrikada da goizean... Herritarrekin ere partekatzen dugu anitz.
Zer da maskarada zuretzat?
Maskarada niretzat ihauteriak dira, publikoa parte harrarazi behar da, ez da guk eskaintzen dugun gauza bat publikoari bortxaz. Pixka bat da nahastea beste herritarrekin, une gozoak partekatzea, kantatzea... Ez da bakarrik ofizioa, goizetan ere bada barrikada, eta, gero, herritarrekin festa egitea. Ofizio momentutik harago joaten da.
Zer espero duzu maskaradatik?
Aro ederra, lehenik. Eta euskara pixka bat gehiago zabaltzea Zuberoan, eta ohiduraz aldatzea hizkuntzarekiko pixka bat. Hori da ene ametsa. Goza dezagun jende guztiekin.