Martxoak 8, berriro kalera

Ane Insausti Barandiaran

1. ZER DA M8?

Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen da martxoaren 8an, mugimendu feministaren agendan morez markatutako eguna. Emakumeen protagonista izan arren, zapalkuntza ororen kontra egitea da feminismoaren helburua, dela zapalkuntza matxista, dela arrazista, dela klasista... Aurten, Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak lelopean aterako da Euskal Herriko Mugimendu Feminista kalera, eta manifestazioak egingo dituzte hiri eta herrietan.

2. ZERGATIK MARTXOAREN 8AN?

Hasieran, Sobietar Batasunean eta inguruko herrialdeetan ospatzen zuten Martxoaren 8a. Dena den, askotan New Yorkeko ehungintza fabrika batean gertatutako sutearekin lotu izan da emakumeen borrokaren jatorria. Bertan lan egiten zuten ehunka emakumek protesta egin zuten lan baldintza duinagoak eskatzeko, eta, sutearen ondorioz, 120 emakume hil ziren.


3. ZERGATIK AUKERATU DUTE AURTEN LELO HORI?

Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak da aurtengo Martxoaren 8ko leloa. Mugimendu feministako kideek horren zergatia azaldu zuten aurkezpen prentsaurrekoan: «Eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada ikusten dugu hainbat esparru eta sektoretan: sare sozialetan, prentsan, kalean, diskurtsoetan, proposamen politikoetan...». Horren aurka, dei egin dute feministen arteko sareak sortzeko eta aliantzak egiten jarraitzeko.

4. ZERTAN DABIL MUGIMENTU FEMINISTA?

Mugimendu feminista aspaldian ari da salatzen zaintza emakumeen bizkar gelditzen dela eta zaintza zerbitzuak pribatizatzen ari direla; hots, edo emakumeek egiten dituzte lanok, musu-truk, edo etekina ateratzea helburu duten enpresek egiten dituzte. Are gehiago, lan horiek emakume arrazializatuen gain uzten dira askotan, eta baldintza oso txarretan lan egin behar dute. Pandemiak agerian utzi zuen zaintzaren krisi betean gaudela eta zaintza lanak ezinbestekoak direla; horregatik, mugimendu feminista lanean ari da zaintza guztien ardura izan dadin.


5. ZER EGIN DUTE AURRETIK?

Mugimendu feministak hainbat greba antolatu izan ditu bere aldarriak plazaratzeko. 2018ko eta 2019ko martxoaren 8an greba feministak egin zituzten, eta emakumeak ez ziren lanera joan. Baina ez zen ohiko greba egun bat izan: lanera ez joateaz gain eta ezer ez kontsumitzeaz gain, zaintza greba ere egin zuten. Egun horretan ez zuten haurrik edo adinekorik zaindu, agerian uzteko lan horiek emakumeen bizkar geratzen direla, eta erakusteko mundua gelditu egiten dela zaintza lanik ez badago. Azkenik, 2023ko azaroaren 30ean, greba feminista orokorra egin zuten lehen aldiz, zaintza sistema aldatzea eskatzeko: eredu publiko eta komunitario baten alde egin zuten.

6. ZER DA BILGUNE FEMINISTA?

Euskal Herriko erakunde feminista eta abertzale bat da Bilgune Feminista, eta esparru askotako hainbat emakumeren hausnarketari esker sortu zen, 2002. urtean. Euskal Herri burujabe eta feminista bat lortzea da erakundearen helburua. Zapalkuntza hirukoitza kontuan hartuta aztertzen dute errealitatea: sexu-generoaren zapalkuntza, nazio-kulturaren zapalkuntza eta klase zapalkuntza. Hain zuzen, zapalkuntza horien guztien kontra egiten dute borroka, Euskal Herri burujabe eta feminista baten alde.

HIZTEGIA

  • Soldata arrakala: gizonen batez besteko soldataren eta emakumeen batez besteko soldataren artean dagoen aldea da soldata arrakala. Izan ere, andreek %24 diru gutxiago irabazten dute, lanpostu bera izan arren.
  • Kristalezko sabaia: emakumeei emakume izate hutsagatik beren lan ibilbidean maila jakin batetik gora egitea galarazten dien muga da kristalezko sabaia; hau da, ardura postuak eskuratzeko dituzten zailtasunak. Muga hori ikusezina da; horregatik esaten da kristalezkoa dela, zaila delako ikusten.
  • Zuriketa morea: feminismoaren aldarriak babesteko itxurakeria da zuriketa morea. Adibidez, erakunde batzuek hitzez babesten dituzte mugimendu feministaren aldarrikapenak eta eskaerak, baina gero feminismoaren aurkako neurriak hartzen dituzte: pribatizazioa, ardura postuetan gizonak soilik kokatzea eta abar.
  • Botere harremanak: bi pertsonaren edo askoren arteko elkarrekintzak dira, non horietako batek besteek baino botere handiagoa duen; ondorioz, haren mendeko bihurtzen dira besteak.
  • Intersekzionalitatea: kategoria sozialak eta kulturalak nola lotzen diren aztertzen duen teoria da. Hau da, generoa, arraza, etnia, desgaitasuna, klasea eta gisako kategorien arteko harremanak aztertzen ditu, ikusteko nola elikatzen duten elkar. Zapalkuntza eta pribilegioak identifikatzen saiatzen da, horien guztien aurka egiteko gero.
top