Mario Unamuno, itzultzailea: «Etengabe aritu izan gara eskubide berriak aldarrikatzen»
Ane Insausti Barandiaran
Giza eskubideak luze eta zabal lantzen dituen liburua itzuli duzu.
Giza eskubideen alderdi jakin bat jorratu beharrean, aurkezpen orokor bat egiten du liburuak, batez ere gazteei zuzenduta, pilula moduan. Eskubide bakoitzaren inguruan Yayok [Herrero, idazlea] lau edo bost adibide hautatu ditu, eta modu laburrean eman ditu, bakoitza ilustrazio batekin.
Osagarriak dira testuak eta irudiak?
Argitaletxeak nahi du egon dadila diskurtso idatzia, baina, hortik aparte, testuari begiratu gabe ere, aipatzen diren eskubideak islatzen dituzte irudiek. Adierazkorrak dira testurik gabe ere.
75 urte bete dira adierazpen unibertsala sortu zela; oraindik badago zer egina?
Asko dago egiteko, eta seguru asko bizitza guztian izango da horrela. Etengabe aritu izan gara eskubide berriak aldarrikatzen.
Aldatuz doaz beharrak etengabe?
Esaterako, Espainiako Estatuan duela oso gutxi onartu da eutanasia, nahi duenak nahi duen momentuan eta eran lasai hiltzeko eskubidea. Munduan oso estatu gutxik onartu dute hori. Eskubide hori bezala, beste batzuk etorriko dira, igual oraindik imajinatzen ez ditugunak.
Eta aurrekoak osatzeko balio izan dute berriek?
1948a da liburuaren abiapuntua, Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortutako aldarrikapen horrekin. Gerora beste belaunaldi batzuek osatu egin dute jatorrizko hura. Orrialde batetik bestera, aukera ematen du konparatzeko: honek balio al du, beste hori gabe, duin bizitzeko? Seguru asko ez. Seguru asko biak lotu beharko dira.
Erreferenteak ere lantzen ditu, ezta?
Liburuaren amaieran, hainbat pertsona aipatzen dira guztiontzako eskubideak lortzeko bide horretan nabarmendu direnak, eta zer egin duten azaltzen da. Batzuk ezagunak dira: Nelson Mandela eta Rigoberta Menchu, esaterako. Baina beste batzuk ez hainbeste: nik Rosa Cortes ijito espainiarra liburu honen bitartez ezagutu dut.
Eta biharko erronkak daude liburu amaieran. Zergatik?
Eskubideak lortuta ere ez direlako betiko. Baliteke atzerapausoak egotea, eta horrek lana eskatuko du. Pentsatu nahi dut eskubideak pixkanaka sendotu egiten direla, harea urarekin gogortzen den bezala. Baina etorriko da hurrengo olatua eta bigunduko du berriro. Adi egotea inportantea da.
FITXA
- Izenburua: Giza eskubideak.
- Idazlea: Yayo Herrero.
- Ilustratzailea: Luis Demano.
- Itzultzailea: Mario Unamuno.
- Orrialde kopurua: 72 orrialde.
- Prezioa: 23 euro.
- Adina: 10 urtetik aurrera.
- Argitaletxea: Litera.