Maria Rivero: «Denok behar dugu hezkuntza emozionala»

Ane Insausti Barandiaran

Zer da Koloreka proiektua?

Emozioak lantzeko sortu den proiektu bat da. Abiapuntua disko-liburu bat izango da. Jada argitaratua dugu disko bat plataforma digital guztietan, zortzi emozio, zortzi kolore eta zortzi kantu biltzen dituena. Zortzi idazle edo bertsolari eta zortzi musikari. Disko-liburua Durangoko Azokan egongo da salgai.

Nolatan sortu duzue proiektua?

Aspaldi geneukan emozioei edo hezkuntza emozionalari buruzko kezka hori. Uste dugu, gainera, Euskal Herrian falta direla hainbat gai familian lantzeko. Aukera handiak ikusten dizkiogu proiektuari, musikalki, pedagogikoki, sozialki eta hezkuntza arloan ere bai. Hau abiapuntua besterik ez da.

Hainbat sortzailek parte hartu dute, ezta?

Idazle lanetan aritu dira Alaia Martin, Itxaso Paya, Unai Elorriaga, Beñat Gaztelumendi, Onintza Enbeita eta Leire Ugadi. Eta, musikari lanetan, La Basu, Miren Narbaiza, Odei Barroso, Zuriñe Hidalgo, Dana Dcapricho, Mikel Bizar, Noa Cliff, Janus Lester, J Martina eta ni neu. Diskoa familian egiten saiatu gara, etxean denok entzuteko. Azken batean, hezkuntza emozionala denok behar dugu.

Nolakoa izan da zuen arteko elkarlana?

Apur bat konplikatua, ez dizut gezurrik esango; koordinazioa, batez ere, oso zaila egiten zaigu, baina oso polita, era berean. Pixkanaka-pixkanaka josi dugu kantu bakoitza. Hitzetatik hasi ginen, hori izan zen abiapuntua. Gero, behin letrak izanda, abestiak konposatzen hasi ginen, eta pentsatzen norekin landu nahi genuen emozio bakoitza, musikari dagokionez.

Unitate didaktikoak ere sortu dituzue, Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako ikasleentzat.

Disko-liburuan zortzi ipuin daude. Letra larriz eta letra txikiz idatzi ditugu, haurrek irakurri ditzaten. Eta gero, hezkuntzara begira, unitate didaktikoak egin ditugu. Azkenean, uste dugu oso tresna potentea izan daitekeela, ez bakarrik etxerako, baita hezkuntzarako ere. Horregatik esan dut disko-liburua abiapuntua dela. Saiatuko gara hainbat tresna ematen, eskoletan ere emozioak lantzeko.

Aurrera begira, ikuskizun bat ere sortu nahi duzue?

Bai, hori dena martxan daukagu. Jendeari diskoa entzuteko denbora utzi ondoren, emozioak landu ondoren, asmoa da datorren urteko maiatzetik aurrera ikuskizuna herrietara eramatea.

FITXA

  • Izenburua: ‘Koloreka’.
  • Egilea: Koloreka ekoizpenak.
  • Emozioak: Urduritasuna, amorrua, nazka, tristura, maitasuna, poztasuna, beldurra eta lasaitasuna.
  • Sortzaileak: Hainbat sortzaile.
  • Adina: Haurrak eta helduak.
  • Prezioa: 15 euro.

top