Mara-mara goian behean

Ane Insausti Barandiaran

1. ZER DA ELURRA?

Elur urte, gari urte dio esaera zaharrak. Elur asko egiten duen urtea oparoa izango dela esan nahi du. Ezin jakin aurtengoa hala izango ote den, Euskal Herriko tontorrak ez baitaude oso zurituta oraintxe; halere, atzo ospatu zen Elurraren Munduko Eguna. Lainoetatik malutatan erortzen den ur izoztua da elurra, eta, lurrean erortzean pilatzen bada, zuriz margotzen du paisaia.

2. NOLA SORTZEN DA?

Airearen tenperatura 0 gradutik beherakoa bada, eta hezetasun nahikoa badago, izotzezko kristal txikiak sortzen hasten dira. Kristal horiek elkartzean, hodeiaren barruan haziz joaten dira, eta elur malutak eratzen dituzte. Tamaina handia dutenean, grabitatearen eraginez erori egiten dira, eta elurra egiten hasten da.


3. ZER DA ELUR MAILA?

Eguraldia iragartzerakoan, «elur maila 700 metroan kokatuko da» esan ohi da, adibidez. Elurra metatzen den gutxieneko altuerari deitzen zaio elur maila. Hau da, elurra pilatu eta leku bat zuritzeko, lurrak nahikoa hotz egon behar du. Beraz, ze altueratan zurituko duen zehazten du elur mailak. Izan ere, hortik behera, elurra egin dezake, baina normalean ez du zuritzen.

4. ZEIN DA ELURRAREN SINBOLOA?

Duen forma eta itxura bereziagatik, jende askori sortzen diote lilura elur malutek. Baina ba al dakizu horiek irudikatzeko erabiltzen den sinboloa benetako elur maluta batena dela? Elur kristalak —elur malutak kristal askok osatzen baitituzte—hauts-partikula txikietatik sortzen dira, eta horien gainean ur molekulak kondentsatzen dira, horretarako tenperatura egokia dagoenean. Hexagono itxurako kristaletatik sortzen dira, eta, gero, elkartu egiten dira, maluta handiagoak sortuz.


5. ELURRA ZURIA AL DA?

Elurra zuria dela esan ohi den arren, berez, ez dauka kolorerik. Eguzki argia elur malutetan islatzearen ondorioz ikusten da elurtutako paisaia zuria. Gauza bera gertatzen da itsasoarekin. Itsasoko ura urdina dela ematen du, baina zeruaren kolorea uretan islatzearen ondorioz ikusten du jendeak urdin kolorekoa.


6. ZER GERTATZEN DA SOINUAREKIN?

Erori berria den elurrak soinu uhinak xurgatzen ditu, isiltasun giroa zabalduz. Elur hori urtzen eta berrizozten bada, ordea, izotzak soinu uhinak islatu ditzake, soinua hedatzen den bidaia luzatuz eta argiago bihurtuz.

7. ZER ERAGOZPEN SORTZEN DITU?

Elur asko egitearen ondorioz, elur geruza handiak pilatu daitezke, eta jendea etxetik atera ezinik gera liteke. Horregatik, elur planak jartzen dira abian:

Errepide batzuk itxi egiten dituzte, horietan gidatzea arriskutsuegia izan daitekeelako. Oso eguraldi txarra egiten duenean, ahalik eta gutxien erabili behar da autoa.

Elur makinak jartzen dituzte errepide estrategikoetan, horiek garbitu ditzaten eskolara edo lanera joateko ezinbestekoa duten horientzat. Ibilgailua egoera onean eta baliabide egokiekin erabili behar da horrelako kasuetan; neguko gurpilekin edo kateekin, adibidez.


Gatza erabiltzen da elurrari aurre egin eta irrist ez egiteko. Gatz tona asko eta asko gordetzen dira biltokietan, eta horiek banatzen dira, beharrezko diren tokietan botatzeko.

8. ZER DIRA ELUR JAUSIAK?

Elur asko aldapan behera erortzeari deitzen zaio elur jausia. Normalean, ekaitzen ondorioz sortzen dira, baina higadurak edo elurteen ondorioz zama areagotzeak ere eragin ditzake. Bat-batean tenperatura aldatzeak ere bai. Neguan, albistegietan jakinarazi ohi dute mendialdeetan elur-jausi arriskurik ote dagoen. Bost puntuko eskalaren arabera daude arrisku mailak bereizita: 1ak arrisku txikia dagoela esan nahi du, eta, 5ak, berriz, oso handia.

BA AL DAKIZU?

Elurrari beldurra izateari kionofobia deitzen zaio.

top