Manu Lopez, itzultzailea: «Anitzak dira liburu honen irakurketak»
Ane Insausti Barandiaran
Honela hasten da ipuina: «Bazen behin gorila oso berezi bat...». Nor da gorila hori?
Album honetako gorilak ez du izenik, eta haren ezaugarri nabarmenena keinu hizkuntzan mintzatzeko gaitasuna da. Bestalde, giza ezaugarriekin agertzen da: egongelako sofan eserita, komunean, eta abar.
Baina triste dago. Zergatik?
Frogatu da animaliek ere emozioak dituztela, eta, kasu honetan, gorila triste dago, bakarrik dagoelako.
Nola konponduko dute arazoa?
Gorilak berak eskatzen du lagun bat, eta kateme txiki bat ekartzen diote: Eder.
Lagun minak egingo dira, baina banandu egin nahiko dituzte, ezta?
Browne-ren beste albumetan bezala, hemen ere testuartekotasun asko agertzen dira. Gau batean bi lagunak telebista ikusten ari direla, King Kong filma agertu zaie. Gorila famatuari egiten dizkiotenak ikusita, izugarri haserretzen da gure gorila, telebista txikitzeraino. Haserrealdi hori ikusita, bi lagunak banatzea proposatzen dute zaintzaileek.
Adiskidetasuna da gai nagusia?
Anitzak dira album honen irakurketak. Adiskidetasuna izan daiteke, baina baita elkartasuna ere; maitasuna izan daiteke, baina baita aita-alaba harremana ere…
Benetako istorio batean oinarrituta dago, ezta?
Bai, benetan izan zen Koko izeneko gorila bat, keinu hizkuntza erabiltzeko trebatua Standford unibertsitatean, katu bat eskatu zuena kume moduan zaintzeko. Halako batean, katua desagertu egin zen, eta Kokok tristezia adierazi zuen keinu bidez. Horixe izan zen Browne-ren inspirazio-iturria album honetarako, oraingoan amaiera zoriontsu batekin.
Gorilak hartu ditu hizpide oraingo honetan ere Anthony Brownek.
Browne-k gorilen bidez egin ditu bere album garrantzitsuenak, animalia horiek aldi berean indartsuak eta samurrak izatearen kontrastearekin liluratuta. Esan liteke “gizon berriak” moldearen aurretik asmatu zuela Brownek kontzeptua, hain zuzen ere gorilen bitartez. Liburu honetan ere, kontraste horixe irudikatzen da.
Ilustrazioen bidez, txiki eta handien arteko kontrasteak egiten ditu, ezta?
Beste kontraste-jolas bat da hori, bai. Gorila protagonista handi-handia agertzen da irudietan, eta Eder katutxoa, berriz, txikia, eta irudi batzuetan arretaz begiratu behar da katua aurkitzeko.
FITXA
- Liburuaren izenburua: Eder Txikia
- Egilea: Anthony Browne
- Itzultzailea: Manu Lopez
- Orrialde kopurua: 32 orrialde
- Bilduma: Amets egiteko liburuak
- Argitaletxea: Pamiela eta Kalandraka