Maite Idirin herriari kantari
Ane Insausti Barandiaran
1. NOR ZEN?
Euskal kantagintzaren ahots garrantzitsuenetariko bat itzali zen duela bi aste, urtarrilaren 20an: Maite Idirinena. Ugaon (Bizkaia) jaio zen, eta Euskal Kantagintza Berria mugimenduko kide izan zen. Ibilbidearen azken urteetan, berriz, musika klasikoan aritu zen buru-belarri. Ikur bat izan da bai musikan, bai euskararen eta feminismoaren alde egindako lanengatik.
2. NOLA HASI ZEN MUSIKAN?
Maite Idirinek Atahualpa Yupanqui kantari argentinarraren kontzertu bat ikusi zuen Bilbon, eta txundituta geratu zen. Amak gitarra bat oparitu zion, eta lilura hark bultzatuta hasi zen ikasten. Plazetan kantari, berriz, 1968an hasi zen, gitarrak lagunduta: Zeberion (Bizkaia) eman zuen lehen kontzertua, gurasoen jaioterrian. Oholtzatik jaistean eskaini zioten lehen diskoa grabatzea. Bere abestirik ez zeukanez, Yupanquirenak euskaratu zituen. Herrikoi taldea ere sortu zuen, beste hainbat kiderekin batera.
3. ZER DA EUSKAL KANTAGINTZA BERRIA?
Euskal Kantagintza Berria mugimenduko kidea izan zen Idirin. Euskal abesti herrikoiak eguneratu, eta kantu berriak sortu zituzten partaideek; are gehiago, frankismo garaia zen, eta kantuak gizarteko eta politikako gaiak zabaltzeko eta aldarrikapenak egiteko erabiltzen hasi ziren, euskaraz, debekuen gainetik. 1970eko hamarkadan, kantari asko eta asko sortu ziren Euskal Herrian, eta txanpinoien aroa deitu izan zaio ugaltze horri: Idirinek berak, Gontzal Mendibilek, Miren Aranburuk, Pantxoak eta Peiok, Lourdes Iriondok... orduan egin zituzten lehen urratsak musikaren alorrean.
4. NOIZ ERBESTERATU ZEN?
1969an, ordea, erbesteratu egin zen Idirin, frankismo garaiko zentsura zela eta. Parisera joan zen. Frantziako hiriburuan, neskame eta atezain jardun zuen, eta, aurrerago, auzo latinoko Candelaria izeneko kafe-teatroan hasi zen atzera ere abesten. Han ere euskaraz abesten zuen, bere izaera abertzalearen ondorioz.
5. NOIZ ITZULI ZEN?
1973an itzuli zen Euskal Herrira, Donibane Lohizunera (Lapurdi). Musika ikasketak hasi zituen orduan, eta gerora, «kuriositatez», kantaera lirikora hurbildu zen; hasieran, bere kabuz aritu zen esperimentatzen, eta, gero, musika kontserbatoriora joatea erabaki zuen. «Azkenean, zure bizitza hari batean doa; eta beti gauza bera egitea ez da interesgarria», azaldu zuen ETB1en, Onintza Enbeitak egindako elkarrizketa batean. Idirinek abesti klasikoak lantzen egin zituen musikari ibilbideko gainerako urteak.
6. EKARPENA FEMINISMOA
Maite Idirinek ate asko zabaldu zizkien atzetik zetozen emakumeei, garai hartan ere ez baitzen ohikoa emakumeek plaza publikoa hartzea. Estitxu Robles, Lourdes Iriondo eta Idirin bera izan ziren lehenetarikoak horretan, beste batzuen artean. Gainera, Parisen ezagututako mugimenduak kutsatuta, feminismoaren aldeko mezuak zabaldu zituen. Horren erakusgarri, Ahizpatasuna izeneko disko bat argitaratu zuen, eta, Argia aldizkariak egindako elkarrizketa batean, adierazpen hauek egin zituen: «Nire, ustez abestian emakumezkoak gizonezkoak baino gutxiago izateak badu zerikusirik beste ofizio edo langintzetan gertatzen denarekin. Ez da emakumezkoa prestatu, bultzatu profesio batera. Ez da plazarazten gizona bezala».
7. ZER EGIN ZUEN IRRATIAN?
Dibulgazioan ere aritu zen Idirin, musikari buruzko saioak gidatu baitzituen zenbait irratitan. Lehena Radio Adour-Navarre programan izan zen. Etxean zituen bildumako diskoak eramaten zituen, irratiak ez zeukalako horiek erosteko baliabiderik, eta abestiok zabaltzen zituen, uhinen bidez. Gerora, Gure Irratian Allegro Vivace programa egin zuen. Irulegi irratian, euskal musikaren historiari buruzko saio bat ere izan zuen, eta Egin irratian ere kolaboratu zuen, antzeko formatu batekin. Azkenik, Euskadi Irratian ere musika klasikoari buruzko saio bat gidatu zuen, sei urtez.
8. ZER SARI JASO ZITUEN?
2011n, Eusko Ikaskuntza-Baiona Hiria ohorezko saria jaso zuen. Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2014an, euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanari balioa emanda. Izan ere, Ipar Euskal Herriko ikastolen sorreran lagundu zuen, eta baita horien aldeko hainbat kantalditan parte hartu ere. Horrez gain, Baionako Zabal liburu dendaren sortzaileetako bat izan zen, eta Elkar argitaletxearen sorreran ere parte hartu zuen.
BA AL DAKIZU?
Haren abestiak entzungai daude Badok atarian.