Lorea Etxabe, arraunlaria: «Urteak pasata ohartuko gara egin dugunaz»
Denboraldi biribila egin dute Arraun Lagunak-eko arraunlariek. Denboraldiko bandera guztietan gailendu dira, eta Kontxako Bandera eta Euskotren Liga hirugarrenez irabazi dituzte. Bertako arraunlaria da Lorea Etxabe (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 2000), eta emaitzez harago, denboraldia ederra izan dela nabarmendu du.
Ane Insausti Barandiaran
Sinetsi al duzue lortutakoa dagoeneko?
Uste dut urteak pasatuta ohartuko garela zer egin dugun. Helduagoak garenean, esango dugu: «2024ko denboraldian dena irabazi genuen». Baina oso pozik gaude, eta kalean oraindik ere jendea zoriontzera hurbiltzen zait, pentsa; Pasai Donibanen asko bizitzen da arrauna.
Zein izan da emaitza horiek lortzeko gakoa?
Gogor entrenatzea. Neguan sutan aritu ginen ergometroan eta pisuak egiten. Horrez gain, kristoren talde kohesioa izan dugu, oso erlazio ona eduki dugu aurten. Eta, noski, aldaketa gutxi izan ditugu, blokea mantentzeak asko-asko lagundu digu.
Arraunean hasi zinenean, imajinatuko zenukeen halako denboraldi bat egingo zenuela?
Ez. Pentsa, ni arraunean hasi nintzen San Juanen traineruan neskarik gabe geratu zirelako, eta nire kuadrillako batzuek bertan arraun egiten zutenez, laguntzeko.
Erdi-kasualitatez, orduan?
Bai, ni, momentu horretan, judoan aritzen nintzen, eta justu denboraldi bukaerarekin bat egin zidan. Hurrengo urtean deitu zidaten Arraun Lagunak-etik, eta esan nuen: «Bueno, trena behin bakarrik pasatzen da». Eta hemen nago.