Loa eta Laia: denboraldi berria heltzear
Ane Insausti Barandiaran
Dozenaka abentura bizi izan dituzte Loa eta Laiak marrazki bizidunetan, bi denboraldiz: Gau Beltza landu dute, Euskararen Eguna, San Tomas azoka, oporretan izan dira, dentistarenean... Doinu alaiz betetako istorioak bildu dituzte kantuz kantu eta atalez atal, baina oraindik beste hainbeste geratzen zaizkie bizitzeko: igandean egin zuten denboraldi berriaren aurrestreinaldia, Durangon (Bizkaia).
Aurreko denboraldien ildoari eutsi eta balio ugari landuko dituztela iragarri du Josu Bergarak, proiektuaren koordinatzaileak: «Alde batetik, hirugarren denboraldian, gai berriak jorratuko ditugu. Adibidez, bakeari buruzko abesti bat sortu dugu. Bestetik, aurrekoetan bezala, balio orokorrak edo balio demokratiko unibertsalak landuko ditugu». Era berean, itxura berria izango dute aurten: urtez urte finduz eta zainduz doaz pertsonaien irudiak, eta egokitu egingo dituzte denboraldi honetarako ere, «pertsonaiek ez dezaten betiko kanona errepikatu».
Eta hori guztia euskal kultura ardatz hartuta egingo dute. Hori izan baita hasieratik marrazki bizidun horien helburua, euskarazko eduki digitalak sortzea, 2 eta 7 urte arteko haurrentzat: «Gure kulturatik sortua da, gure hizkuntzan egindakoa, baina, gainera, 2025ean estandarizatuagoak egon beharko luketen balio batzuk biltzen ditu, ikuspegi transbertsal batetik. Gure gaiak geuk jorratzen ez baditugu, ez ditu inork jorratuko».
Musika dute horretarako akuilu, lantaldeko sei pertsonatik bost musikariak baitira. «Erosoa» da haientzat, esan duenez, musikaren bitartez lantzen baitute haien mundua ikusteko modua: «Azken batean, musikak laguntzen dizu mezuak itsasten, hurbiltzen eta finkatzen. Musikak sentimendu bat transmititzen ere laguntzen dizu, laguntzaile izaten alde horretatik. Eta guretzat garrantzitsua da musika eta musikazaletasuna bultzatzea».
Talde lanaren fruitu
Kate bat da marrazki bizidunak sortzeko prozesua. Bergarak berak jartzen du lehen ideia martxan; oinarrizko hitzak eta musika sortzen ditu. Gero, David Sanchezek eta Nerea Alberdik egiten dituzte musika moldaketak, Leire Apariciok eta Ane Martinezek abestien interpretazioa, eta, abestia prest dagoenean, gidoi bat egiten dute. Behin gidoia esku artean dutela, Paul Caballero arduratzen da ilustrazioak egin eta horiek animazio bihurtzeaz.
Hain zuzen, bi abeslariak Haur Hezkuntzako irakasleak dira, eta horrek hainbat tresna eman dizkie sortzeko garaian. «Haiei esker badugu jakintza hori: nola hurbildu 2-7 urte arteko haurrengana eta haien familiengana, eta zer gauza hartu kontuan», esan du koordinatzaileak. Talde barruan guraso direnen kezkak eta esperientziak ere inspirazio iturri izaten dira haientzat: hainbat balio nola transmititu, nola hitz egin haiekin...
Dena den, proiektutik kanpoko jendea ere kate horren parte bihurtu da. Gau Beltzari lotutakoa izan zen atera zuten lehen atala, eta sekulako oihartzuna izan zuen; orduan hasi ziren zenbait ikastetxeren proposamenak eta eskariak jasotzen: zer gai landu dezaketen edo zeren hutsunea sumatzen duten esaten diete. «Batzuetan egingarriak dira, errazak, eta beste batzuetan, agian, oso konplexuak. Baina saiatzen gara esaten dutena entzuten eta erantzun artistiko bat ematen».
Bi egunean 15.000 ikustaldi izan dituzte. Arrakasta hori ikusita, erronka bat ere badute buruan, nahiz eta ez den lehentasuna: nazioartekotzea. Loa eta Laiaren proiektua beste hizkuntza batzuetara egokitzeko modukoa dela uste dute: «Lehenengo eta behin, euskaraz eta euskal komunitatearentzat sortzen dugu, baina Kataluniatik proposamen bat jaso genuen, eta zabalik dago aukera hori ere».
Eta ez da kanpotik jaso duten proposamen bakarra: behin baino gehiagotan eskatu diete zuzeneko ikuskizun bat egiteko. Hori ere bidean da: 2025eko udazkenerako espero dute estreinatzea. «Jendea gogotsu dagoenean, aurrera egin behar da», esan du Bergarak. Hori iritsi bitartean, urtarriletik aurrera, hirugarren denboraldia Youtuben eta Loa eta Laiaren webgunean ikusteko aukera izango da. Eta aurrekoak, baita Makusin eta Primeran-en ere.