Liburuak goratzeko eguna
Ane Insausti Barandiaran
1. NOIZ DA LIBURUEN NAZIOARTEKO EGUNA?
Apirilaren 23an ospatzen da Liburuaren Nazioarteko Eguna. 1995. urtean hasi zen Unesco ospakizun egun hori bultzatzen, eta 2008. urterako, ehundik gora herrialdek bat egin zuten ospakizunarekin. Hiru idazle ezagun egun horren inguruan hil ziren, eta horregatik ospatzen da egun horretan: Miguel de Cervantes, William Shakespeare eta Inca Garcilaso de la Vega. Asteartean ospatuko dute, hortaz, aurtengoa.
2. ZER EGITEN DA?
Euskal Herrian, nazioarteko egun horren aitzakian, liburugintza indartzeko eta irakurzaletasuna bultzatzeko hamaika tailer, jarduera eta ekintza antolatzen dituzte hainbat hiri eta herritan. Adibidez, Donostiako Gipuzkoa plazan liburu azoka izango da, eta zenbait ekintza antolatu dituzte aurreko eta ondoko egunetarako. Gasteizen, Liburu Egunak egitasmoa egingo dute, apirilaren 26ra bitartean. Bilbon, berriz, ipuin kontalarien saioak egingo dituzte, auzoz auzo. Iruñeko liburutegiek ere kalera aterako dituzte liburuak, eta azoka bat osatu.
3. ZER ONURA DITU IRAKURTZEAK?
Asko eta asko dira irakurtzeak dakartzan onurak: istorioetan murgildu eta horietako pertsonaiekin bat egitean, enpatia, irudimena eta arreta mantentzeko gaitasunak lantzen dira, besteak beste. Hiztegi aberatsagoa edukitzen eta hobeto adierazten ere laguntzen du. Horrez gain, memoriarekin eta dementziarekin lotutako buruko gaixotasunen sintomak atzeratzen lagundu dezake.
4. JENDEAK IRAKURTZEN AL DU?
Onurak begi bistakoak izan arren, ordea, jendea irakurtzeko ohitura galtzen ari dela diote datuek, askotan pantailek ordezkatu ohi baitituzte liburuak. Dena den, modu asko dago liburuez gozatzeko: irakurtzeaz gain, ipuin musikatuak, ipuin kontaketak... eta liburuak irakurtzeko moduak ere zabaldu dira, liburu elektronikoak sortu zirenetik. Batzuek nahiago dute oraindik liburuak paperean irakurri, eskuak tinta gainetik pasatuz; beste batzuek, aldiz, uste dute erosoagoa dela gailu elektroniko berean hainbat liburu eramatea eta hala irakurtzea.
5. ZER DIRA EGILE ESKUBIDEAK?
Aldarrikapen eguna ere bada Liburuaren Eguna, hein batean. Izan ere, irakurketa eta liburugintza sustatzeaz gain, egile eskubideak defendatzeko baliatzen dute eguna: liburu bat edo beste obra bat sortzeagatik egileek dituzten arau eta baldintzen multzoa dira egile eskubideak. Sortutako lan horren egileak direla adierazteko eta obrak babesteko balio dute. Era berean, egilearen esku uzten du obra horien kopiak egiteko baimena. Plagioak eta baimenik gabeko kopiak egitea saihestea da horien helburua.
6. NOLA HARTU IRAKURTZEKO OHITURA?
Irakurtzea erosoa izan dadin, leku lasai batera joatea komeni da, isila eta argitasun nahikoa duena. Telefonoak edo gailu elektronikoak itzali, eta albo batera utzi. Egunero irakurtzeko tarte bat hartzeak lagundu dezake, irakurketa errutinan sartzeak, alegia. Garraio publikoko tarteak edota zerbaitetarako zain zauden uneak egokiak izan daitezke. Baita lo aurreko uneak ere.
7. ZEIN DIRA EUSKAL HERRIKO ARGITALETXEAK?
Euskal Herrian asko dira liburuak kaleratu daitezen lan egiten duten argitaletxeak. Euskarazko literatur genero, gai eta mota guztietako liburuak sortzeko lan egiten dute egunez egun. Hauek dira horietako batzuk: Elkar, Susa, Ttarttalo, Txalaparta, Pamiela, Igela, Maiatz, Denonartean, Balea Zuria, Alberdania, Ibaizabal, Katakrak...
BA AL DAKIZU?
- Euskaraz idatzitako lehen liburua Linguae Vasconum Primitiae da. Bernat Etxeparek idatzi zuen. Hamabost poemaz osatutako liburu bat da, 52 orrialde ditu guztira, eskaintza moduko hitzaurre batekin.
- Unescok urtero Liburuaren Munduko Hiriburu hautatzen du munduko hiri bat, irakurketa zabaltzeko egiten duten lana aitortzeko. Aurten, Estrasburgo (Frantzia) izango da, eta hurrengo urtean, berriz, Rio de Janeiro (Brasil).