Lapurrak zeruan eta ostiralak kantuan
Argi kutsadurari buruzko CD-liburu berria argitaratu dute Katxiporretako pailazoek: ‘Zerua lapurtu dute!’. Emanaldi berriarekin ere hasi dira herriz herri, iazko liburua oinarri hartuta: ‘Ostirala iritsi da!’.
Ane Insausti Barandiaran
Izarrak, konstelazioak, galaxiak, planetak, sateliteak... zerua sorpresaz eta bitxikeriaz beterik dago. Sorpresaz, baina baita jakintzaz ere. Izan ere, zerua informazio iturri zen lehen: «Antzina, jendea zeruari esker gidatzen zen: GPS gisa erabiltzen zuten marinelek; eguneko zikloak eguzkiak markatzen zituen, hilabetekoak ilargiak, eta urtekoak konstelazioek; segun eta zer konstelazio ikusten ziren zeruan, bazekiten zer garaitan zeuden, eta nekazaritzarako oso garrantzitsua zen», hala azaldu du Virginia Garcia Aranzadi zientzia elkarteko astronomia saileko dibulgatzaileak.
Gaur egun, ordea, oztopo nabarmen bat dago pertsonen eta zeruaren artean: argi kutsadura. Etxeetako, kaleetako, dendetako eta eraikin handietako argiek zeruko ondare naturala begien bistatik ezkutatzen dute. «Ez gara kontziente, baina zerua ondare naturala da; ondare naturala da galdu duguna. Gaur egungo umeek ez dute zerua ikusi, ez dakite zer den Esne Bidea... Lapurtu diegu izarrak ikusteko eskubidea», azaldu du astronomoak.
Hain zuzen ere, gai horri heldu diote Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek azken CD-liburuan: Zerua lapurtu dute!. Baina nork lapurtu du zerua? Erantzukizuna denena dela nabarmendu du astronomoak: «Ezin zaio bota errua bati edo besteari. Duela gutxira arte esaten genuen argi kutsaduraren arazoa argi publikoa zela, baina, gaur egun, argi pribatuak dira arazo nagusia: dendetan, enpresetan eta etxe partikularretan, izugarrizko fokuak eta argiak daude, normalean behetik kanpora apuntatzen, fatxadak argiztatzeko... hori arazo larria da, eta ez dago inolako kontrolik».
Gainera, izarrak ikusteko ezintasun horrek naturan ere eragiten du; biodibertsitatearen galera dakar, esaterako. Ipurtargiak, adibidez, desagertzen ari dira, ipuinean ere aipatzen dutenez: «Ipurtargietan argia ematen dutenak emeak dira, eta emeak geldirik egoten dira normalean, toki batean. Arrek, aldiz, ez dute argirik ematen, baina hegan egiten dute, emeen argia bilatuz, ugaltzeko. Noski, argi kutsadurarekin, emeen argia ez dute ikusten, eta, horregatik, desagertzen ari dira».
Ipuinean, pailazoek txapelak jartzen dizkiete kaleko farolei, argia gorantz egin ez dezaten. Eta Garciak hainbat neurri proposatu ditu argi kutsadura murrizteko. Lehena: argiak beharrezkoak diren orduetan bakarrik piztea. Bigarrena: argi publikoak beherantz orientatzea. Eta, batez ere, hirugarrena: argiaren tenperatura kontrolatzea. «Azken urteetan sartzen ari dira LED argiak; oso argi zuria ematen dute, eta hori askoz ere okerragoa da, bai argi kutsadurarentzat, bai biodibertsitaterako eta bai gure osasunerako».
Baina ez da argi kutsadura izan landu duten gai bakarra: pantailen gehiegizko erabilerari buruz ere aritu dira. Altxa burua! egitasmoari egin diote keinu: «Ikusten ditut ume pila bat dauzkatenak aplikazioak, izarrak-eta ikusteko. Baina benetako zerua askoz ere politagoa da. Inguruan erraz ikusi ahalko genukeena, gaur egun pantaila baten bitartez begiratzen da. Eta tristea da».
Leire Bilbaok sortu du ipuina, Xabier Zabalak musika, Karmele Gorroñok ilustrazioak, eta pailazoek biribildu dute istorioa. Garciak berak egin ditu ipuineko grabazioak; bera da Birtxi farozaina. Izan ere, idazleak farozainaren pertsonaia proposatu orduko, Porrotxek esan zion bera izan behar zela pertsonaia horri ahotsa jarriko ziona. Esperientzia «desberdina» izan dela aitortu du barrez, inoiz ez baitu horrelakorik egin orain arte. Haiekin lan egitea «oso erraza» izan dela ere esan du, ordea; «gozamena».
Emanaldi berria martxan
Ipuin liburu berriak bidea egin bitartean, ikuskizun berria ere estreinatu dute pailazoek: Ostirala iritsi da!. Iazko liburuko istorioan dago oinarrituta, Txapasen kaxa magikoan, eta eskola bateko irakaslearen azken eguna kontatzen du. Oholtzan izango dira Porrotx, Marimotots, Pupu, Lore eta Txapas bera —Pirritxek atseden hartuko du aurten, eta ez da emanaldietan izango—.
Josu Txapartegi Txapas Zarauzko ikastolako (Gipuzkoa) irakasle ohia omentzeko sortu zuten CD-liburua. Horrelakorik merezi ez duenaren sentipena du oraindik ere. Pertsona inportantea sentiarazi dutela esan du, baita hala sentitzen dela kalean haurrek agurtzen dutenean ere. «Nik uste dut, nolabait, errepresentatzen dudala estilo bat irakaskuntzan, herriarekin lotuagoa bezala, eta haurren defentsan. Balio badu ildo hori sendotzeko, ondo dago».
Manolo Urbietaren eskolako estiloa da hori, hain zuzen; abestien bidez, euskara bultzatu eta haurrei balio positiboak transmititzean datzana. Txapasek nabarmendu du harena dela «meritu guztia»: «Nik hortik edan dut, eta bizitza guztian horren jarraipen bat egin dut. Abestien bidez ikasten diren gauzak hobeto gelditzen dira zerebroan ere; txertatuagoak. Neuronek badaukate adiskidetasun berezi bat musikarekin, eta ez hizkuntza monotono horrekin».
Badira urte batzuk erretiroa hartu zuela, baina Txapasek ikastolara joaten jarraitzen du ostiralero, haurrekin kantuan aritzera, 77 urterekin. Berak sortua da, esate baterako, Ostirala abesti ezaguna, eta poza ematen dio haurrak hori kantatzen entzuteak. Baina ez du aukera galtzen zenbait mezu helarazteko ere: «Esaten diet euskaldunok sortu dugun asmakizunik ederrena dela gure hizkuntza, hori ez duela beste inork egin. Hizkuntza oso berezi bat daukagula. Ahaleginak egin behar ditugula, aberastasuna delako mundu guztiarentzat». Pailazoek mezu hori zabaltzen jarraituko dute, herriz herri eta irriz irri.
CD-LIBURUAREN FITXA
- Izenburua: 'Zerua lapurtu dute!'.
- Idazlea: Leire Bilbao.
- Ilustratzailea: Karmele Gorroño (Irrimarra).
- Musika: Xabier Zabala.
- Prezioa: 16 euro.
HURRENGO EMANALDIAK
- Abenduaren 21a: Bermeo (Bizkaia). 16:00 eta 18:30.
- Abenduaren 22a: Barakaldo (Bizkaia). 16:30 eta 19:00.
- Abenduaren 23a: Azkoitia (Gipuzkoa). 16:00 eta 18:30.
- Abenduaren 26a: Durango (Bizkaia). 16:00 eta 19:00.
- Abenduaren 27a: Gasteiz. 12:00 eta 18:30.
- Abenduaren 28a: Ordizia (Gipuzkoa). 16:00 eta 18:30.
- Abenduaren 30a: Zarautz (Gipuzkoa). 16:00 eta 18:30.