Kaxa bete kantu

‘Txapasen kaxa magikoa’ CD-liburua argitaratu dute Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek, Josu Txapartegi ‘Txapas’ irakaslearen eta musikariaren omenez. Musikaren bidez eman izan die haurrei inguruaren eta gatazken berri.

Ane Insausti Barandiaran

Botila bat aurkituko du Pirritxek Zarauzko hondartzan (Gipuzkoa). Eskuetan hartu, eta barruan mezu bat duela esango dio Txapasi. Txorien eta arrainen gainean, sudur gorrien festara abiatuko dira pailazoak Txapasekin, eta, kaxa magikoan zer dagoen asmatzen ibili ondoren, irakurriko dute botilaren irakaspena: bizitza kantu bat dela. Hori da Txapasen kaxa magikoa izeneko pailazoen azken disko-liburuaren muina. Dagoeneko salgai dago Katxiporreta.eus webgunean eta Euskal Herriko liburu dendetan.


Josu Txapartegi da Txapas, Zarauzko akordeoi jotzaile, irakasle eta musikaria, besteak beste, eta pailazoek duela hogei urtetik ezagutzen dute. 77 urte ditu orain, eta, liburuaren bidez, omenaldi bat egin nahi izan diete pailazoek, beste arrazoi askoren artean, hezkuntzari eta pedagogiari egindako ekarpenagatik, Joxe Mari Agirretxe Porrotx-en arabera: «Zarauzko  eskolakoa izanda, Manolo Urbietarekin-eta batera, egon da belaunaldi bat musika hartu izan duena beraien jardueraren ardatz, pedagogia egiteko».

Belaunaldi horren fruitu dira, besteak beste, Urbietaren Land Roverra abesti ezaguna, edo Txapasen Mimoxa abestia, ikastetxeko patioko mimosa loreari erreferentzia egiten diona. Baina
loreak ez ezik, eguneroko arazoak ere eraman ditu abestietara Txapasek, urtez urte, bere kaxa magikoaren bidez. «Gelara [kaxa bat] eramaten zuen, erdian jartzen zuen, eta haurren artean jolasten ziren asmatzera zer ote zegoen hor barruan. Gero, denen artean zabaltzen zuten, eta denetariko gauzak sortzen ziren barrutik», azaldu du Porrotxek. Kaxa magiko horren bidez ezagutu dituzte haurrek mimosak eta gertuko beste lore batzuk, edo, olibondo baten adaxkaren bidez, Palestinako sarraskia: «Herrian edo munduan gerta daitekeen edozein gai agertzen da gelan kaxa magikotik». Eta hori guztia kantuen bidez azaldu izan die Txapasek.


Erretiroa hartu zuen irakasleak, baina horrek ez du esan nahi geldirik dagoenik: ia egunero joaten da oraindik ikastolara, kantuan aritzen da haurrekin, piano klaseak ematen dizkie...  «Bizi-bizia» dago, Porrotxen arabera, eta abestiei oso lotua bizi da. Ostiraletan, adibidez, jolastokian abesten du haurrekin batera Ostirala abestia; hori ere Txapasek sortua baita. Eta horrek arrastoa uzten du ikasleengan, Porrotxen arabera: «Txapasen ikasle izan diren heldu asko eta asko, elkartzen direnean mahai baten bueltan, kantari aritzen dira, eta gogoan dituzte txikitako abesti horiek. Haien nortasunaren zati bihurtu dira».

Sudur gorrien eguna

Pailazoek harreman estua izan dute urte askoan Txapasekin: elkarrekin joan izan dira ospitaleetara, haurrak bisitatzera, Palestinara bidaiatu zuten elkarrekin duela hamahiru urte, he-
rrigintzan eta aldarrikapenetan bat egin dute hamaika aldiz, eta, urtero-urtero, sudur gorrien festa egiten zuten, Zarauzko ikastolan. Haurrei abisatu gabe agertu, eta pailazoekin goiza igarotzen zuten Zarauzko ikastolako haurrek: haurrei sudur punta gorriz margotu, Txapasen eskusoinuaren doinuz abestu, jolastu, dantzatu... denetarik egiten zuten. «Ezustean egi-
ten genuen hori, transmititzeko edozein une izan litekeela ezuste edo sorpresa baterako egokia», azaldu du pailazoak.

Horregatik guztiagatik erabaki zuten pailazoek disko-liburu berria Txapasi buruzkoa izatea, hainbeste urtean egindako lana eskertzeko, eta irakasleak bezala pailazoek, hezkuntzarekiko duten ikuspegia zabaltzeko: «Azkenean, gela, bizitza eta eskola izan behar delako baita ere leku bat inguruan gertatzen zaizkigun gauzei buruz hitz egiteko, partekatzeko eta begirada kritiko bat sortzeko. Iruditzen zaigu eskolak eta gure lanak ideologia ere izan behar duela, jarrera kritiko horretatik ekintzailetza bultzatu eta pertsona aktiboak sortzeko, munduan
posizio bat hartuko dutenak, beste mundu bat sortze aldera», azaldu du Porrotxek.


Hori guztia da Txapas, Porrotxen arabera, «goxotasunetik, eta urteek ematen duten eskarmentutik», eta, orain, disko-liburuan bildu dituzte haren ikuspegia eta abestiak: Arantxa Urbe ikastolako lankideak idatzi du ipuina, Karmele Gorroño ilustratzaileak egin ditu irudiak, eta Xabier Zabala aritu da Txapasen abestiei moldaketak egiten. Badaukate ikuskizuna sortzeko asmoa ere, baina hori datorren urtean izango da, ziur askorik. Izan ere, estreinatu berri dute Ez gara jaitsiko ikuskizuna, Amazoniari buruzkoa.

Gustura hartu du Txapasek ipuina, eta Zarauzko Modelo aretoan aurkeztu zuten azaroaren 11n, haren senide, ikasle, eta lagun eta herrigintzako kideekin. «Berak esan zuen edozein pertsona zaharrek edo helduk izan beharko lukeela horrelako egun bat eta opari bat bere bizitzan; ipuin bat jasoko dituena bere bizipenak, bere ahaleginak, emandakoak eta partekatutakoak». Bada, Txapasek, behintzat, badu berea.


FITXA

  • Idazlea: Arantxa Urbe Irazusta.
  • Ilustratzaileak: Karmele Gorroño (Irrimarra).
  • Musika: Xabier Zabala.
  • Prezioa: 15 euro.


top