Kameren atzeko aldea josten
Aktoreak dira filmetan eta oro har ikus-entzunezkoetan ikusgaitasun handiena duten langileak: zinemako besaulkian edo etxeko sofan eseri eta film bat ikustean, haiek dira protagonistak. Halere, jende askoz ere gehiagok egiten du lan film bat aurrera atera ahal izateko. Eszena, elkarrizketa eta irudi bakoitza zehatz-mehatz diseinatu eta lantzen dute, gero ikus-entzuleek gozatzeko.
ZUZENDARIA
Ikuspegi artistikotik eta narratibotik, filmaren kalitateaz arduratzen dira zuzendariak. Baita filmaren tonua erabakitzeaz ere: interpretazio motak, erritmoak, koloreak, argazkiak, eszenaratzea... Aktoreen azken aukeraketan eta gidoiaren zuzenketa posibleetan esku hartzen dute, eta filmaketetan adi egoten dira, langileei jarraibideak eta zehaztapenak ematen.
ZUZENDARI LAGUNTZAILEA
Filmaketetako seta antolatzen du, hau da, ikus-entzunezko eduki bat posible egiteko elementuak antolatzen ditu. Dena kontrolpean izan behar du, eta une bakoitzeko beharrez jabetu behar da. Haren funtzioa filmerako daukaten denbora eta baliabideak modu egokian banatzea da. Lan erabat teknikoa da zuzendari laguntzailearena: ez du filma zuzentzen; aitzitik, dena prestatzen du, zuzendariak egin behar duena eroso egin ahal izan dezan.
GIDOILARIA
Filmean gertatzen den istorioa gidoilariak idazten du: hari bururatutako istorio bat izan liteke, edo baita beste lan batean (liburu batean, esate baterako) oinarritutakoa ere. Eszena bakoitzeko testuingurua, giroa eta aktoreen arteko elkarrizketak idazten ditu.
KAMERARIAK ETA SOINU TEKNIKARIAK
Eszenak kameren bidez grabatzen dituzte. Oso adi egon behar dute, dena planifikatu bezala grabatzen ari dela ziurtatzeko eta soinuak eta pertsonaien ahotsa ondo entzuten direla egiaztatzeko.
EKOIZLEAK
Filmerako dirua jartzen dutenak edo finantzaketa lortzeaz arduratzen direnak dira ekoizleak. Horregatik, behin gidoia esku artean izandakoan, erabaki ugari hartu behar dituzte: gauza bakoitzean zenbat diru inbertitu, zer zuzendari kontratatu, zer baimen eskuratu... Azken batean, daukaten diru kopuruarekin zer egin daitekeen aztertzen dute, eta horrekin lotutako erabakiak hartzen dituzte.
EKOIZPEN BURUA
Filmatzea egin bitartean filmaren ekoizpenaz arduratzen den pertsona. Sortzen diren arazoak eta eragozpenak konpontzeaz arduratzen da, filmaketa gelditu ez dadin. Lana modu egokian egiten ez duten horiek kanporatzeko boterea dauka.
CASTING ARDURADUNA
Filma grabatu aurretik bertan parte hartuko duten aktoreak aukeratzen dituen pertsona da. Horretarako, casting bat egin ohi dute sarri: aktoreak banaka joan ohi dira filmeko eszena jakin bat antzeztera, eta arduradunekin elkarrizketa bat izatera. Horren ondoren erabakitzen dute zer aktorek jokatuko duen rol bakoitza.
ARGAZKI ZUZENDARIA
Filmeko irudia lantzea da argazki zuzendariaren zeregina: kameraburua da, eta baita argiztapen ekipoen burua ere. Irudiarekin lotutako erabaki artistiko eta tekniko guztiak hartzen ditu.
ARTE ZUZENDARIA
Filmeko eszenatokiaz arduratzen da. Etengabe egon behar du argazki zuzendariarekin harremanetan, sortzen ari diren laneko irudi eta pertsonaia guztien itxurak zentzu bera izan dezan. Grabaketetako tokien dekorazioa diseinatzeaz arduratzen da, eta, ondoren, atrezzoko langileak behar den lekuan kokatzen ditu altzari eta osagarriak, grabatzen hasterako adostutako itxura hori izan dezaten.
MAKILLATZAILEAK, ILE APAINTZAILEAK ETA JANTZIEN ARDURADUNAK
Aktoreen itxura zaintzeaz arduratzen diren profesionalak dira: horiek makillatu, orraztu eta jantzi egiten dituzte, beren rola jokatzeko behar duten itxura izan dezaten. Gainera, oso garrantzitsua da aktoreek beti itxura bera izatea. Izan ere, posible da elkarren jarraian doazen bi eszena egun desberdinetan grabatzea, baina bietan aktoreek itxura bera izan behar dute. Batzuetan, aktorearen itxura erabat eraldatzen dute: Errementari filmean, adibidez, Eneko Sagardoiri deabru itxura eman zioten. Orduak eta orduak eman behar izaten zituzten hura makillatzen.
MUNTATZAILEAK
Postprodukzioko
langileak dira; hau da, behin grabaketak amaitu ondoren filma
muntatzeaz arduratzen direnak. Alde batetik, irudien muntaketa egiten
dute, eta, beste alde batetik, soinuarena. Hala, beharrezko efektuak
gehitzen dituzte, filmari amaierako itxura eman arte lan eginez. Ordu
asko eta asko grabatzen dituzte, eta grabatutako eduki horien artean
aukeraketa egin behar izaten dute. Zuzendari askok esaten dute filma
orduan sortzen dela, aurretik buruan
daukaten ideiak askotan beste forma bat hartzen baitu materiala esku artean izandakoan.
MUSIKARIAK
Soinu
banda sortzeaz arduratzen dira. Behin filma muntatuta dagoenean hasi
ohi dira lanean. Izan ere, orduan konposatzen dituzte filmeko eszena
bakoitzera ahalik eta zehatzena egokitzen den doinuak: irudiari begiratu
eta musikak nolakoa izan behar duen irudikatutakoan.
BA AL DAKIZU?
‘Raccord’-a edo jarraitutasuna deitzen zaio film bateko planoen arteko erlazioari. Hortaz, plano baten ondorengo planoan aurrekoarekin bat egiten ez duen ezaugarriren bat baldin badago, jarraitutasunean huts bat dagoela esaten da. Shrek filmean, adibidez, lehen planoan armarri bat ikusten da horma batean zintzilik; bigarrenean, berriz, horma berean ez dago armarririk.