Jorge Oteiza, sortzaile integrala

1. NOR IZAN ZEN JORGE OTEIZA?

Euskal Herriko XX. mendeko artistarik garrantzitsuenetarikoa izan zen Jorge Oteiza, hainbat diziplinatan aritu baitzen. Orion (Gipuzkoa) jaio zen, eta aitaren negozioak porrot egin izanaren ondorioz hasi behar izan zuen lanean, aitak Ameriketara joan behar izan zuenean. Hura itzultzean, familia osoa Madrilera (Espainia) joan zen, eta, lan egin bitartean, medikuntza ikasten hasi zen. Hirugarren ikasturtean utzi zuen, Arte eta Lanbide eskolan izena emateko. 1928an hasi zen eskulturagintzan, eta horretan jardun zuen urte askoan. Etzi beteko dira hogei urte hil zenetik.

2. ZERGATIK IZAN ZEN EZAGUNA?

Oteiza «sortzaile integrala» izan zela esaten dute: oso eskultore ezaguna eta garrantzitsua izan zen, baina idazlea, olerkaria, antropologoa, pentsalaria eta arkitektoa ere izan zen. «Agian galdera ez da Oteiza zer zen, baizik eta zer ez zen», esan du Juan Pablo Huercanos Oteiza museoko zuzendariordeak. «Garaiko artistekin batera, euskal kulturaren mamia berreskuratu zuen. Alde horretatik, esan dezakegu Oteiza gure garaiko kulturaren zutabe garrantzitsua dela», esan du.

3. ZER EZAUGARRI ZITUZTEN HAREN LANEK?

«Artea sorkuntza prozesu edo ikertze prozesu bat zen Oteizarentzat», Huercanosen arabera. Materialei dagokienez, ez zuen material jakin bat lehenesten, lortu nahi zuen hori baizik. Hark esana da: «Materiala mespretxatzen dut, bere izaera formal eta argitsuaz harago». Honela azaldu du museoko zuzendariak: «Ez zituen materialen ezaugarriak bilatzen. Beraz, harria behar bazuen, harria erabiltzen zuen, eta, bestela, klariona, edo alanbreak, edo igeltsua, edo latak».

4. ZER ZEN ESKULTURA OTEIZARENTZAT?

Oteizarentzat, artea, sorkuntza eta eskultura tresna bat ziren, gizakia eta gizartea eraldatzeko. «Haren asmoa zen artea eta kultura gure begiradaren erdigunean jartzea; gero, errealitateari begiratzeko modu berri bat bultzatzeko», adierazi du Huercanosek.


5. ZEINTZUK DIRA HAREN OBRARIK EZAGUNENAK?

Arantzazuko apostoluak: Arantzazuko frantziskotarrek baseliza handitzea erabaki zuten, eta Oteizari esan zioten sarreran eskultura egiteko. Proiektu garrantzitsua zen Oteizarentzat, herriarentzako lan bat zela ulertzen zuelako. Hamalau apostolu agertzen ziren obra diseinatu zuen, eta hori ez zitzaien gustatu hainbat frantziskotarri. Izan ere, erlijio kristauaren arabera, Nazareteko Jesusek hamabi apostolu aukeratu zituen, dotrina kristaua zabaltzeko. Elizak, Oteizaren lana «arte erlijiosotik» urruntzen zela argudiatuta, lanak geldiarazi zituen. Hamabost urtez egon zen geldirik, eta, azkenean, baimena emanda, Oteizak obra bukatzea erabaki zuen. Apostoluen kopuruari buruz, «sartu zitzaizkion guztiak» egin zituela esan zuen, eta baita azken bi horiek traineru bateko arraunlariak zirela ere.

Kutxa metafisikoak: Espazioarekin eta hutsunearekin esperimentatzen zuen Oteizak, eta horren erakusle dira haren Kutxa metafisikoak: masa solidorik eza irudikatzen dute, eta, era berean, hutsune hori energia espiritual eta solidoz betetzen zela defendatzen zuen.

Laborategi esperimentala: 1992an artistak Nafarroari eman zion ondare artistikoaren parte da Laborategi esperimentala. Bertan, 1.700 eskultura eta mila marrazki eta collage daude, baita liburutegia eta artxiboa ere. Oteiza Museoan dago ikusgai, 2003an ireki zenetik.

Nire emaztearen erretratua: Oteizak bere emazte Itziar Carreñoren erretratua egin zuen. «Pieza berezia eta ederra zen Oteizarentzat, oso gustuko zuen», Huercanosen arabera.

6. ZER ZEN 'GAUR' TALDEA?

Hainbat euskal artistak osatutako taldea izan zen Gaur taldea, eta Oteiza zen kideetako bat, Rafael Ruiz Balerdi, Nestor Basterretxea, Amable Arias, Remigio Mendiburu, Eduardo Txillida, Jose Antonio Sistiaga eta Jose Luis Zumetarekin batera. 1966. urtean egin zuten sorrera ekitaldia, Donostiako Barandiaran galerian erakusketa kolektibo bat zabalduta. Garaiko molde estetiko eta artistiko konbentzionalekin apurtu, eta abangoardia berri bat sortzea zuten jomugan. Bi urte iraun zen taldeak, besteak beste, Txillidaren eta Oteizaren arteko desadostasunak medio.

7. NON DAGO OTEIZA MUSEOA?

Altzuzan (Nafarroa) dago Oteiza museoa. Oteizaren bilduma pertsonala bertan jasota dago, eta «ondare artistiko zabala» jasotzen duela esan du zuzendariordeak: 1.800 eskultura, 2.400 pieza laborategi esperimentalean, eta, gutxi gorabehera, 1.000 marrazki eta paperetan egindako obra. Horrez gain, dokumentu sorta zabala dago: 40.000 erreferentziatik gora, eta liburutegi pertsonala, 12.000 erreferentziarekin. Altzuzako etxea ere museoaren parte da, Oteiza haren emazte Itziar Carreñorekin bizi izan zen etxea, hain zuzen. Hori ere bisitatu daiteke, museoaren parte bilakatu baita.

Zer egin daiteke museoan haurrekin?

Eskola kanpaina deiturikoa daukate martxan, haurrak eskoletatik bisitan joan daitezen, taldeka, ikasturtean zehar. Aste Santurako, berriz, udalekuak antolatu dituzte, haurrekin jarduera pedagogikoak egiteko, Oteiza nor zen ezagutu dezaten. Apirilaren 11 eta 14 bitartean, Pentsamendutik objektura eskultura lantegia egingo dute.

BA AL DAKIZU?

Museoak ate irekiak antolatu ditu gaurko, biharko eta etziko. Etzi, igandean, doako bi bisita gidatu ere egingo dituzte. 11:00etan euskaraz, eta 12:30ean gaztelaniaz. Izena emateko, [email protected] helbidera idatzi behar da, lekuak mugatuak baitira.

top