Jokin Pinatxo, Janus Lester taldeko abeslaria: «Sentimenduen errusiar mendi bat da 'Lore'»

Bi haur begiak zabal-zabal eginda geratu dira Jokin Pinatxo (Bera, Nafarroa, 1996) Janus Lesterreko abeslaria argazkirako posatzen ikusi dutenean. Kristinaenea parkean sartu, eta lore artean murgildu da; hala baitu izena haren bigarren diskoak: Lore.

Ane Insausti Barandiaran— Donostia

Zer harrera izan du diskoak?

Donostian hasi genuen bira, Viktoria Eugenian, eta osorik bete zen; ikaragarrizko sorpresa izan zen. Hurrengo kontzertuetara ere jende asko etorri da. Urduri nengoen, lehen diskoa dantzagarriagoa baitzen, eta, Lore, kantagarriagoa zen niretzat, ez hain dantzagarria. Baina jendeak lehen kontzertuan jada bazekizkien abestiak; benetan ederra da hori.

«Errusiar mendi» gisa definitu zenuen Lore. Zergatik?

Bai hau eta bai lehena ere. Nik uste dut sentimenduen errusiar mendi bat dela: baditu momentu batzuk behean zaudenak, lasai eta motel, baina, gero, baditu momentu intentsoak ere. Gustatzen zait sortzeko orduan kontraste horietan mugitzea.

Hiru urte baino gutxiagoan, bigarren diskoa atera duzue, eta ezagun egin da taldea. Nola eramaten da aldaketa hori?

Beti izan dut amets hori, kontzertuetan jo eta zu ikustera jende asko joatea. Baina ez nuen espero etxean abesti batzuk egiten hasi, eta azkenean Viktoria Eugenia betetzea. Shock bat da, sentimendu asko kolpean, segurtasun gabezia pila bat, lehen ere ez zenituenak... eta hori bideratzea ere bada errusiar mendi bat. Baina bueno, uste dut kristoren familia, lagunak eta talde sanoa ditudala, eta laguntzen didate sentimendu kontraste horiek kudeatzen.

Umetatik ibili zara musikan?

Etxean oso-oso musikazaleak dira. Arrebak [Estitxu Pinatxo] oso txikitatik abestu du, nire lehengusu Pettik ere bai... Gitarra ikasten musika eskolan hasi nintzen, oso txikitan; gero pianora pasatu nintzen, eta, gero, saxora. Abesten berandu samar hasi nintzen, 18 urterekin edo. Hasieran beldurrez, banekielako etxekoekin konparatuko nindutela. Baina beti izan naiz nahiko ausarta gauza hauetarako, eta ez naiz damutzen; eskerrak hasi nintzen.

«Laborategiko frustrazioetatik ihes egiteko erabili izan dut musika»

Ikasketetan zer moduz moldatzen zinen?

Nahikoa saltseroa nintzen. Gustatzen zitzaidan ahalik eta gehien jakitea denaren inguruan. Gelan ez nintzen isiltzen, jolas orduan gora eta behera ibiltzen nintzen... Lehen Hezkuntzan pila bat gustatzen zitzaidan Historia, haluzinatzen bainuen ikustean haien sinesmenak zer lotuta zeuden artearekin. Gero, Kimika ikasi nuen. Astelehenaz geroztik, Kimikan doktorea ere bazara...

Nola uztartu dituzu bi jarduerak?

Lo gutxi eginda [barrez]. Laborategian ordu asko egin behar nituen tesirako, eta Janus Lesterrek ere ordu asko eskatu dizkit. Laborategiko frustrazioetatik ihes egiteko ibili izan dut musika. Konturatu naiz musika egitea dela benetan desio dudana. Azken bi-hiru urteak ero samarrak izan dira, baina pozik nago. 

Orain, zer duzu esku artean?

Intentzioa da aurten Lore aurkezten jarraitzea. Uda baino lehen, abesti bat aterako dugu, sorpresa gisa, baina, bitartean, saiatu nahi dugu orain arte zapaldu ez ditugun herri edo eszenatoki horietara iristen.

MOTZEAN

  • Lore mota bat? Gerberak.
  • Kolore bat? Gorria.
  • Abesti bat? Xabier Leteren Ni naiz.
  • Plater bat? Alkatxofak.
  • Erreferente bat? Aita.
top