Jaiegunetan... lanera
Urte osoan jaiegun ugari izaten dira: Gabonak, Aste Santua, inauteriak, tokian tokiko jaiak, udako oporrak... Eskolak, lantegiak eta denda gehienak itxita egoten dira, eta langile gehienek jai izaten dute. Dena den, zenbaitek lan egin behar izaten dute egun horietan ere. Zein lanbidetakoek?
1. ZERGATIK EGOTEN DIRA DENDAK ITXITA?
Dendak, oro har, jaiegunetan eta igandeetan ixtera behartuta daude, langileei opor egunak izatea bermatzeko. Bestela, etengabe kontsumitzen egongo litzateke jendea, eta langileek ez lukete deskantsurako egunik izango. Dena den, Euskal Herrian ere geroz eta ohikoagoa da dendei merkataritza ordutegien mugak lausotzea: irekita egongo diren egun eta orduak erabakitzeko baimena daukate, gune turistikoetan bereziki.
2. OSASUN LANGILEAK
Jaiegunetan ere gaixotasunek eta osasun arazoek ez dute etenik. Edonork izan dezake larrialdi bat, eta edonor gaixotu daiteke. Horregatik, osasun langileek lan egin behar izaten dute jaiegunetan ere: erizainak, medikuak, farmazietako langileak... beti egon behar du prest norbaitek, edonori larrialdiren bat gertatuz gero pertsona hori artatzeko. Ospitaleak irekita daude urteko 365 egunetan, eta larrialdi zerbitzuak ez dira inoiz ixten; farmaziak ere txandaka egoten dira irekita, botikak eskuratu ahal izateko.
3. SUHILTZAILEAK
Suhiltzaileek ere lan egin behar dute jaiegunetan. Izan ere, osasun langileekin gertatzen den bezala, larrialdiei ezin zaie itxaroteko eskatu. Horiek konpontzen lan egiten dutenek ere lan egin behar izaten dute beste guztiek jai daukatenean. Suhiltzaileek beti egon behar dute alerta, alarma piztuz gero —suteak, uholdeak, ezbeharrak...—, buzoak jantzi eta korrika eta presaka lekualdatzeko.
4. GARBITZAILEAK
Zikinkeriak ez du oporrik hartzen, eta, jaiegun askotan, ohi baino zabor gehiago pilatzen da herrietan, opariak biltzeko paper asko erabiltzen delako eta ospakizunetan ohi baino gehiago jaten eta edaten delako; baita parranda giroan zabor asko sortzen delako ere. Ondorioz, garbitzaileak eta zabor bilketan aritzen diren beharginak ez dira gelditzen jaiegunetan. Emakumeek lan egiten dute gehienbat garbiketa sektorean, eta, askotan, lan gutxietsiak izan ohi dira, ikusezinak, eta gizarteak ez ditu aintzat hartzen.
5. ZAINTZAILEAK
Adinekoen, desgaitasunak dituztenen edo zaintza bereziren bat behar duten pertsonen beharrak asetzeko, zaintza sektoreko langileek ere jaiegunetan lan egin behar izaten dute. Zahar etxeetan, eguneko zentroetan edo arreta behar duten horien etxeetan; gainerakoek jai izan arren, lan egin behar izaten dute askotan. Garbitzaileena ez ezik, zaintza lanena ere sektore feminizatua da, eta lan baldintza txarrak eta ikusezintasuna salatu izan dituzte maiz: gainerakoen bizitzek martxan jarraitzeko, ezinbesteko lanak egiten dituzte.
6. OKINAK
Ospakizun garaietan ohikoak izaten dira gozoak, pastelak eta tartak, eta ogia ere otordu gehienetan egoten da mahaiaren bueltan. Etenik gabeko lana da okinena, eta urtean bi egunetan soilik egoten dira itxita okindegiak: abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean. Urteko gainerako egun guztietan egiten dute ogia, eta gauez aritzen dira lanean, gainera, goizean goizetik hasita okindegietako erakusleihoak askotariko ogiz, gozoz eta produktuz betetzeko.
7. GARRAIO PUBLIKOKO GIDARIAK
Ordutegi murriztuetan bada ere, garraio publikoko zerbitzuak martxan egoten dira jaiegunetan: trena, autobusa, metroa, tranbia... Batetik bestera ibiltzen dira gidariak, mugitu beharra duten pertsonek bidaiak garraiobide publikoaren bidez egiteko aukera izan dezaten. Ez dago garraio publikorik gabeko egunik; beraz, beti egin behar du lan gidariren batek.
BA AL DAKIZU?
Langile bakoitzak, oro har, urtean 30 jaiegun izateko eskubidea dauka. Jaiegunetan lan egiteagatik, beste opor egun bat gehitzen zaie langileei, edo, bestela, jaiegunean lan egiteagatik diru gehiago irabazten dute.