Jabier Muguruza: «Haurrei opariak egiteko asmoz sortzen dut azken urteotan»
Txitxarroa eta atuna diskoa kaleratu du Jabier Muguruza musikariak. Leire Bilbaok idatzi ditu kantuen hitzak.
Haurrentzat argitaratu duzun zazpigarren diskoa da hau. Nolakoa izan da prozesua?
Nahikoa ohikoa izan da. Praktika aldetik, talde bertsua izanik badago lan egiteko modu bat zehaztuta. Ohikoa izan da, baina, hala ere, ilusio handiz egin dugu diskoa.
Umeentzako opari gisa definitu zenituen abestiak aurkezpenean. Zergatik?
Bi modutara ulertu daiteke hori. Ez nuen opari hitza harrokeriaz esan nahi; adierazi nahi nuen haurrei opariak egitea dela nire intentzioa azken urteotan. Horretarako, musikari zoragarriz inguratzen naiz, idazle oso onez ere bai, eta modu horretara egiten ditut opariak.
Haurrak zaurgarri direla ere aipatu zenuen. Gai hori landu duzu diskoan?
Nire ustez, umea ez da bakarrik batzuk aurkezten saiatzen ari diren hori: norbait librea, dena dakiena eta askatasuna duena... Ni izan nintzen umearengana jauzi egin nuen, eta, nire ustez, ni izandako umeak helduleku bat nahi zuen askatasuna baino gehiago, eta konpainia, eta laguntza, zenbaitetan bizitzako tristeziatik eta abandonutik ateratzen laguntzeko.
Mantangorriak, hontzak, kilkerrak... dira protagonistak. Animalien bidez errazagoa da gai horiek lantzea?
Aurreko diskoan ere, Dodoa-n, animaliak agertzen ziren. Karramarroa, txitxarroa, atuna... agertzen dira oraingoan. Askotan, haurrek errazago identifikatzen dituzte beren sentimenduak animalien bidez.
Leire Bilbaok egin ditu hitzak. Zer moduz moldatu zarete?
Oso ondo, egia esan. Nire ezagunak diren idazleak aukeratzen ditut normalean, eta sintonia minimo bat egoten da gure artean. Leire Bilbaoren Irene poema musikatu nuen aspaldian, eta sari bat ere eman ziguten. Harreman ona daukagu arlo pertsonalean ere.
Bideoklip bat ere egin duzue, ilustrazioekin.
Bideoklip xumea da, ez daukagu izugarrizko baliabiderik, eta nahikoa produkzio xumeak izaten dira nireak. Hori bai, maila handiko musikari eta ilustratzaileekin lan egin dut. Pedro Balmaseda ilustratzaileak berak egin zigun bideo xume bat, aurrekoan bezala. Uste dut txukun geratu dela. Gaur egun, irudirik gabe oso zaila da haurren munduan sartzea. Aurrerago ere sortuko dugu beste bideoklip bat.
DISKOA
- Izenburua: Txitxarroa eta atuna.
- Musika: Jabier Muguruza.
- Hitzen egilea: Leire Bilbao.
- Abesti kopurua: 10.
- Adina: 9 urtera arteko haurrentzat.
- Musikariak: Nieves Arilla, Mikel Azpiroz, Jean Marie Ekai eta Karlos Aranzegi.
- Azaleko ilustrazioa: Pedro Balmaseda.
- Prezioa: 14,5 euro.