Italia eta Albania, bostekoa emanda
Ane Insausti Barandiaran
1. ZER DIRA MIGRAZIO ITUNAK?
Migrazioa ez da oraingo kontua, beti existitu da, eta egiturazkoa da. Izan ere, pertsonen joan-etorriak ez du inoiz etenik izan, hainbat arrazoi direla medio: gerrak, gosea, etorkizunik eza, hondamendi naturalak... Lekualdatze horiek kudeatzeko, migrazioari lotutako itunak sinatzen dituzte herrialdeetako agintariek, herrialde baten mugen barruan pertsonen fluxua arautzeko. Horietako bat da Italiak eta Albaniak berriki sinatu dutena.
2. ZERTAN DATZA ITUNA?
Italiak eta Albaniak akordio bat sinatu dute, Mediterraneotik etorritako migranteak Albaniako zentro batzuetan egon daitezen asiloa* eskatu eta erantzun bat jaso bitartean. Urtean 36.000 migrante iritsiko direla aurreikusi zuten, eta gutxi gorabehera hilabete baterainoko egonaldia egingo du han bakoitzak, asilo eskaera egin bitartean. Urriaren 16an iritsi ziren lehen migratzaileak Albaniako zentro horietara.
* Asiloa: Estatu batek atzerritik bere herrialdera joandako iheslariei ematen dien babesa da asiloa, herrialde horretan gera daitezen.
3. ZER ERAIKI DUTE ZEHAZKI?
Migratzaileentzako hiru zentro eraiki ditu Italiak Albanian. Lehena: 880 asilo eskatzailerentzako lekua duen egoitza bat. Bigarrena: asilo eskaera lortu ezean jatorrizko herrialdera itzuli artean aterpe hartzeko 144 toki dituen beste egoitza bat. Hirugarrena: hogei pertsonarentzako kartzela bat. Gero, asilo eskaeran ezezkoa jasotzen duten migranteak euren jatorrizko herrialdeetara itzuliko dituzte.
4. ZER DAGO HORREN ATZEAN?
Bost urterako kontratua adostu dute Italiak eta Albaniak, eta, denera, 670 milioi euroko kostua izango du Italiako Gobernuarentzat. Hau da, Italiak dirutza hori ordainduko du migratzaileak herrialdetik kanporatzeko eta «begi bistatik kentzeko». Horren truke, Italiak Albaniari agindu dio ahal duen guztia egingo duela Albania EB Europako Batasuneko kide bihurtzeko.
5. ITUNAK BA AL DU GABEZIARIK?
Italiak «herrialde seguruetatik» datozen migranteak soilik eraman ditzake Albanian eraikitako zentroetara, akordioan adostu zutenez. Horretarako, Italiak 22 herrialdeko zerrenda bat osatu zuen, jatorrizko herrialde segurutzat jo zituenak. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen, ordea, EBtik kanpoko herrialderik ezin dela segurutzat jo, «erabat arriskuz kanpo» egon ezean. Hortaz, Albaniara eraman zituzten lehen migratzaile horiek Italiara itzuli zituzten. Izan ere, Egiptokoak eta Bangladeshkoak ziren, eta herrialde horiek ez zituzten segurutzat jo.
6. ZER EGOTZI DIOTE?
Giza eskubideen elkarteek ohartarazi dute jokabide horrek «urratu» egiten duela nazioarteko zuzenbidea. Eta Italiako oposizioak eta GKE gobernuz kanpoko erakundeek gaitzetsi egin dute Giorgia Meloni Italiako lehen ministroaren erabakia. Salatu dutenez, diru hori bera erabil zezakeen migranteei baliabideak emateko, haien arta hobetzeko eta herrialdean ondo bizitzeko, horiek kanporatzeko eta baztertzeko erabili beharrean.
7. ZER DIOTE GAINERAKO HERRIALDEEK?
Europako hainbat herrialdek begi onez ikusi dute Italiak hartutako bidea. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak esan zuen Italiaren eta Albaniaren arteko akordioa litzatekeela legez kanpoko migrazioari aurre egiteko «eredurik aproposenetako bat», eta ados agertu dira herrialde asko. Migratzaileentzako zentroak Europako Batasunetik kanpo eraikitzearen ideia «aztertzeko prest» daudela jakinarazi dute, besteak beste, Greziak, Esloveniak, Irlandak eta Finlandiak. Antzeko aukerak aztertzen ari dira Alemania Afganistanekin eta Herbehereak Ugandarekin ere.