'Irria' eskuan, irribarrez
Ane Insausti Barandiaran
1. ZER DA?
Irrien Lagunen 2-6 urte bitarteko haurrentzako aldizkaria da Irria. Hilabetekaria da, hau da, hilabetean behin jasotzen dute harpidedunek. Umeek irakurketarako, sormenerako, zientziako gaiak lantzeko eta, batez ere, dibertitzeko, ondo pasatzeko aldizkaria da. Denetik topa daiteke bertan: istorioak, ipuinak, komikiak, ilustrazioak, denbora-pasak, jolasak, esperimentuak... Hala azaldu du Agurtzane Ortiz aldizkariko editoreak: «Saiatzen gara ez izaten zerbait estatikoa, baizik eta bide ematea dinamizatzeko, gauzak egiteko umeekin, bai eskoletan, etxean, edo baita hezitzaileekin ere».
2. NOIZ SORTU ZEN?
2010ean sortu zen aldizkaria, hiru eragile elkartuta: Elkar, BERRIA eta Katxiporreta. Horrelako material baten beharra zegoela sinetsita ekin zioten lanari, Ortizen hitzetan: «Garai batean bazegoen Ipurbeltz: komikiak eta horrelakoak biltzen zituen. Baina gero, hutsune bat zegoen, ez zegoen materialik ume txikientzat». Proiektua sortu eta hilabete batzuen buruan argitaratu zuten 0. zenbakia, Ipurbeltz, Kataluniako eta Frantziako aldizkari batzuk eredu gisa hartuta. Aurtengo abenduan, berriz, 140. zenbakia kaleratuko dute.
3. NOLA ALDATU DA ALDIZKARIA?
Hamalau urtean aldaketa ugari bizi izan ditu Irria-k. Atal zaharrak desagertu eta berriak agertu dira, eta kolaboratzaileak joan-etorrian ibili dira, etengabe: sortzaile, marrazkilari eta idazle ugarik parte hartzen dute. Iaz egin zuten azken azalberritzea, eta orduan hartu zuen aldizkariak gaur egun duen itxura: «Bai edukia, bai diseinua eta bai estetika aldatu genuen. Ume txikiez ari garenez, estetika hori behar du: ilustrazio askorekin eta abarrekin».
4. ZER EDUKI BILTZEN DITU?
Irria-ren zenbaki bakoitzak gai bat izaten du ardatz: lanbideak, itsasoa, letrak, loreak, kirola... Eta jolasei eta denbora-pasei tartea emateaz gain, hainbat atal ditu aldizkariak: batzuk finkoak, eta besteak, berriz, aldakorrak.d Pupu eta Lore: Uxue Alberdik idatzi eta Bikain diseinu grafikoak egiten duen atala da. Aldizkariari hasiera eta amaiera ematen dio.
- Ardi eta Behi: Mikel Valverdek Nazkatasuna albumeko irudiak marraztu zituen, eta, bertan, pertsonaia batzuk zeuden atzean, hondoan. Horiei buruzko istorioak sortzea proposatu zioten ilustratzaileari, eta orain, komiki moduan, hitzik gabe, protagonisten abenturak irudien bidez jasotzen dituzte irakurleek.
- Pirritx, Porrotx eta Marimotots: Pailazoen ipuinak ere ezinbesteko bihurtu dira Irria aldizkarian. Ane Labakak idazten ditu istorioak, eta Lotura Filmsek ilustratzen ditu.d Patakon: Pirata ausarta, festazalea eta jakintsua da Patakon, eta Xabier Etxeberria da pertsonaia horren egilea. Istorio eta abentura asko dauzka kontatzeko, Irria aldizkariaren asteko gaiari lotuta.
- Katta eta lagunak: Ardi eta Behirekin bezala, Miren Agur Meaberen Katta liburu bildumako protagonisten lagunei ematen die ahotsa atal honek. Liburuetan katagorria egoten da lehen lerroan, eta Irria-n bere lagunen abenturak ezagutzen dituzte irakurleek. Hilabete bakoitzean pertsonaia baten txanda izaten da.
- Zientziaren txokoa: Edonon dago zientzia, edo edonon topatu liteke zientziarekin lotura. Asteko gaiarekin lotuta, zientziari buruzko zertzeladak ematen ditu Ana Galarraga Elhuyar aldizkariko dibulgatzaileak.
- 'Kuku!' Emozioen txokoa: Ikaselkar argitaletxearen liburu bildumak emozioak landu zituen (haserrea, nazka, irria...). Bilduma horretatik abiatuta, bertako pertsonaiei ere beste bizitza bat eman diete aldizkarian. Bildumako liburuen idazleek ipuinak sortu dituzte pertsonaiekin, eta txandaka argitaratzen dituzte.
5. BA AL DU WEBGUNERIK?
Papera da aldizkariaren euskarri nagusia, 2-6 urte arteko haurrei ez zaielako pantailari begira egotea komeni. «Baina, azkenean, gaur egun, edozer gauzak presentzia edukitzeko, sarean ere egon behar da», esan du Ortizek. Horregatik, Irria.eus helbidean ikus litezke aldizkariko atal guztiak, eta, horiez aparte, eduki gehiago daude: aldizkarian agertzen diren QR kodeen loturek eramaten dute bertara, eta edukiak ikus-entzunezkoetan ikusteko edo audioak entzuteko aukera dago. Eskulanak eta esperimentuen jarraibideak ere badaude, baita aldizkariaren bertsio zaharretako atalak ere.
6. FESTA
Irria-k pandemia garaian bete zituen hamar urte, baina ezin izan zuten ospatu, osasun larrialdi egoeragatik. Horren aitzakian, Irria festa egingo dute bihar, Andoainen (Gipuzkoa). Herriko eragile ugarik parte hartuko dute bertan, eta kolaboratzaile guztiak elkartzeko aitzakia izango da: Musika Eskolako abesbatzakoek kantaldia egingo dute, Klaap dantza taldeak tailerrak antolatu ditu, Lebitonm erraldoi eta buruhandien konpartsaren ikuskizuna izango da... eta nola ez, Pirritx, Porrotx eta Marimotots bertan izango dira. «Ez dakit denak kabituko garen! Festa txikia da», esan du aldizkariko arduradunak, barrez.
7. NOLA EROS LITEKE ALDIZKARIA?
Aldizkari solteak eros litezke, baina, oro har, harpidetzen bidez funtzionatzen du hedapenak: harpidedunek urtean 53 euro ordainduta jasotzen dituzte hamar zenbakiak.