Irati Peluaga, ilustratzailea: «Kontraste handia dago mendiaren eta gaztearen artean»

Ane Insausti Barandiaran

Zer kontatzen du liburuak?

Gaztetxo baten eta mendi baten arteko elkarrizketa dago liburuan, eta irakur dezakegu nola hitz egiten duten gai desberdinei buruz. Bakoitzak bere ikuspuntutik egiten du hori, eta horrela ezagutzen dute elkar.

Alde handia dago bi pertsonaien artean?

Bai, kontraste handia dago mendiaren eta gaztearen artean, eta interesgarria iruditzen zitzaidan hori.

Teknologiaren erabilerez hitz egiten dute, adibidez. 

Bai, denok ikusi dugu teknologien bitartez zenbat aldatu den gure bizimodua urte gutxian. Azkenean, nik uste naturak ere horri buruz hausnartzera eramaten zaituela, kontraste horrengatik.

Bukaeran mendiari bere orbainei buruzko galdera egiten dio gazteak, baina ez dio erantzuten... Zergatik?

Erantzuna airean geratzen da, misterioa mantentzeko. Badago istorio bat orbainen atzean, eta jolasten gara pixka bat: zenbat gauza bizi izan dituen mendi horrek, nola sortu den... Orbainek mendi baten atzean dagoen istorioaz pentsarazten digute. 

Islandian dago girotuta istorioa. Zergatik?

Edurne Urrestarazu idazleak Islandian egin zuen Erasmus, duela hamar urte, eta istorio hau idatzi zuen mendi hori ezagutu ondoren. Handik urte batzuetara ezagutu genuen guk elkar, eta nik album bat sortzeko gogoa neukan, berak istorio hau, eta horrela hasi zen dena.

Zer hartu duzu kontuan ilustrazioak sortzerakoan?

Pertsonaien tamainarekin jokatu dut: gaztetxoa batzuetan handiagoa da, eta, besteetan, txikiagoa... Alizia herrialde miresgarrian liburuan jolas hori egiten da: txikitasunak edo handitasunak eman diezazuke ikuspuntu desberdina.

Bion lehen lan argitaratua izan da. Zer moduz moldatu zarete?

Bidean ikasiz joan gara, eta zorte handia izan dugu Ikas argitaletxearekin ere, oso gertuko harremana izan baitugu haiekin. Gainera, Ikasek argitaratzen dituen liburu guztiak Iparraldeko eskoletan doan banatzen dituzte; hori oso polita iruditzen zait.

Aurrera begira, baduzue beste proiekturik martxan?

Ni Edurneren atzetik nabil, idaztera animatzen, oso gustura egin dudalako lan harekin. Bitartean, nik badaukat beste lan bat esku artean Oihane Jakarekin. Haurrentzako proiektu bat izango da.


FITXA

  • Izenburua: Mendia eta ni.
  • Idazlea: Edurne Urrestarazu.
  • Ilustratzailea: Irati Peluaga.
  • Orrialde kopurua: 48 orrialde.
  • Argitaletxea: Ikas euskal pedagogia.
  • Prezioa: 9 euro.
  • Adina: 9 urtetik aurrera.

top