Inklusioaren kopa

Donosti Cupen barruan, kirol egokituari leku egin diote Authentics Cup antolatuta, hirugarren urtez. Mexikoko Gladiatoreak taldeko eta Eibarko jokalariek horrelako torneoetan jokatzeko aukera izatea goraipatu dute.

Ozen entzuten da turuten hotsa Hernaniko (Gipuzkoa) Zubipe futbol zelaian. Hiru aldiz putz egiten dute harmailetako zaleek, eta «Mexiko!» oihukatzen dute atzetik. Jokalariak zelaian daude; kolore gorri, berde eta zuriak dituzte beren jantziek, eta, Hernanikoak diruditen arren, Mexikotik datoz. Donosti Cupera gonbidatutako Gladiatoreak taldeko zaleak dira, eta haien jokalariak Eibarren aurka jokatzen ikusteko zain daude.

Hiru urte daramatza txapelketak Authentics Cup antolatzen. Desgaitasun fisiko edo psikikoren bat duten jokalariek hartzen dute parte, eta horiek dira, hain justu, Hernaniko zelaian jokatzear direnak. Beroketa ariketak egiten ari dira, biribilean jarrita. Entrenatzailearen aginduei jarraituz, zenbait mugimendu egiten dituzte behin eta berriz, besoak gora eta behera mugituz.

Obed Aguilar da taldeko entrenatzailea, eta bidaia «luzea» izan dela esan du: «Egia esan, nekatuta iritsi gara. Baina, era berean, oso gogobetegarria izaten ari da. Oso harrera ona egin digute, izugarria izan da». 9 eta 28 urte bitarteko jokalariek osatzen dute Mexikoko taldea.

Urtero, Donosti Cup fundazioak talde pare bat gonbidatzen ditu lehiaketara, gastuak bere gain hartuz. Baliabide faltagatik parte hartzeko aukerarik izango ez luketen taldeak izan ohi dira. Hain zuzen ere, Gladiatoreak taldea da horietako bat. «Oso pozik eta gogotsu hartu genuen gonbidapena, kopaz gozatzeko, eta, batez ere, gazteek ahaztuko ez duten bizi esperientzia hau bizitzeko. Nazioarteko taldeekin harremanak izateak pozez eta harrotasunez betetzen gaitu, Mexikoren izena eta ospea agerian uzteko», esan du entrenatzaileak.

Baionako Olagarroak taldearen aurka jokatzekoak ziren mexikarrak, baina, agertu ez direnez, Eibar taldeko jokalarien zain daude. Bitartean, zelaiaren beste erdian ari dira jokatzen Ingalaterrako Newcastle taldea eta Reala, eta, tarteka, entzuten dira golak ospatzeko oihuak. Eibarrekoak aldageletatik ateratzean, aulkian dagoen jokalari mexikar batek zera esan du, larrituta: «Zeinen handiak diren!». Izan ere, 17tik 50 urtera arteko jokalariak daude Eibarreko taldean. Entrenatzaileak, ordea, lasaitzeko mezua zabaldu die: «Fisikoki oso desberdin ikusten ditugu, baina gogo handiz jokatuko dugu».

Denak irabazle

Taldeko argazkia atera ondoren hasi da partida, txilibituaren hotsa entzun orduko. Berehala hartu dute aurre Eibarreko jokalariek markagailuan, eta, lehen zatian, hiruzpalau gol sartu dizkiete. Hamar minutuko bi zati jokatzen dituzte, ordea, eta Gladiatoreen taldekoek ez dute amore eman: taldekide batek gola sartu du, eta pozez zoratzen gerturatu da entrenatzailearengana, hura besarkatzera. Taldekideak batu zaizkio atzetik, eta elkarrekin ospatu dute gola.

Epaileak hiru bider jo du txilibitua, partidaren amaiera iragartzeko. Kopetako izerdia lehortzen ari da Iñigo Ugarteburu Eibarreko kapitaina. Esan duenez, gustura jokatu du aurreko urteetan, sortzen den giroagatik, eta horregatik etorri da gogoz gaur ere: «Oso garrantzitsua da niretzat hemen parte hartzea, eta nire familiarentzat ere bai. Ni ikustera etorri dira, eta oso hunkigarria da».

Partida bukatu orduko, hurrengoa dauka buruan Ugarteburuk, ia atsedenik hartu gabe. «Beste partida bat geratzen zaigunez, horretan jarriko ditugu orain indarrak», adierazi du kapitainak.

Dena den, partidak partida, eta lehiak lehia, emaitzagatik baino gehiago, jokalariek txapelketa bizi duten moduagatik parte hartzen dutela nabarmendu du Joxe Santainesek, Eibarreko entrenatzaileetako batek. «Denek parte hartzea da garrantzitsuena. Genuine Ligan parte hartzen dugu guk bestela, eta hori da garrantzitsua guretzat: denek jokatzea, giro ona izatea, denen argazki bat ateratzea...».

«Oso polita da guretzat»

Hiru urte daramatzate txapelketan parte hartzen Eibarrekoek, Authentics Cup hasi zenetik. Horrelako egitasmoak txalotu ditu Santainesek: «Geroz eta espazio gehiago daude gurea bezalako taldeentzat. Lehen urtean, Espainiako eta Euskal Herriko taldeen aurka jokatu genuen, eta iaz hasi ziren nazioartekoak ere sartzen. Oso polita da guretzat».

Mexikoko entrenatzaileak jokalari guztiak bildu ditu zelaiaren erdian, eta Eibarreko kapitainari gerturatzeko eskatu dio. Eskuetan daukan zorro batetik, Mexikoko maskara bat atera du: «Opari bat ekarri dizuegu, emandako aukera eskertzeko. Nahiko genuke guk ere liga bat izan, bertan jokatzeko». Maskara jantzi du Eibarreko jokalariak, eta zelaian korrika ospatu du oparia.

top