Iñigo Etxezarreta: «Gitarrak eta musikak lasaitu egiten naute»

Duela hemezortzi urte sortu zen ETS En Tol Sarmiento, eta taldeko abeslaria eta gitarra jolea da ordutik Iñigo Etxezarreta (Gasteiz, 1988). Taldearen estiloa asko aldatu da, eta, esan duenez, lan asko egin dute horretarako: «Inoiz ez dut hainbeste lan izan».

Euskal talderik ezagunenetako bat bihurtu da ETS. Espero zenuten halakorik?

Inolaz ere ez. Hasi ginenean, taldekide gehienek ez genekien musikako kontzepturik. Hutsetik hasi ginen; lagunartean sortu zen proiektua.

Nola gogoratzen duzu hasiera?

Ekoran [Araba] bildu ginen hainbat lagun. Aita hangoa da, eta baxu jolea, Ruben, nire kuadrillakoa. Gogoan dut lehen entseguan ez ginela gai izan abesti oso bat jotzeko ere. Urtebete geroago, 2005ean, berriro elkartu ginen, eta, hortik aurrera, jarraitutasuna eman genion proiektuari.

Entzule gazteak erakartzen dituzue bereziki. Hori zen xedea?

Denborarekin ikusi genuen gure musika, beharbada, gehiago entzuten zutela gazteek. Halere, pandemia ondoren aldaketa nabarmena izan da: familiak etortzen ziren, umeak, gurasoak, aitona-amonak... Hori da ETSren arrakastaren arrazoietako bat: lehen, gazteak erakartzen genituen; orain, belaunaldi askotako entzuleak erakartzea lortu dugu.

Asko aldatu duzue estiloa hasi zinetenetik.

Ska-rockarekin eta punk-rockarekin hasi ginen, baina hogei urte asko dira, eta bakoitzaren gustuak eta erreferenteak aldatuz joan dira. Nekatu samar geunden, eta guretzat ez zuen merezi aurreko bide berari eusteak.

Oso ezagunak egin dira abesti batzuk. Abuela maitea, adibidez.

Inolaz ere ez nuen uste kantu horrek hainbesteko oihartzuna izango zuenik. Amonari konposatu nion, eta hari jotzeko aukera izan nuen, hil aurretik. Kaleratu orduko ikusi nuen jendearen feedback-a oso hunkigarria zela. Konturatu nintzen kontzeptu unibertsal bat landu nuela, nahi gabe. Gainera, umeek eskolan lantzen dute abesti hori, dolua jorratzeko.

Haurtzaroan, nolakoa zinen?

Nahikoa bihurria, Lehen Hezkuntzara pasatu arte behintzat bai. Gogoratzen dut 12 urterekin, institutura pasatu nintzenean, formaldu egin nintzela, aldatu. Gerora, ikasle ona izan nintzen.

Zein zen zure ikasgai kuttuna?

Askok hau entzuten baldin badute, esango dute... [barrez] Baina, orokorrean, zenbakiekin nahiko ona izan naiz. Matematika-eta asko gustatu zaizkit, letrak baino gehiago. Gero, ingeniaritza ikasi nuen, jada utzia dudan arren.

Eta gitarra jotzen noiz ikasi zenuen?

16 urterekin. Inguruan ikusi nuen jendea instrumentuak jotzen hasi zela, eta nik ere hala nahi nuen. Hasieran, gitarra eskolak hartu nituen, hilabetez. Segituan ikusi nuen gitarrak eta musikak nola lasaitzen ninduten, eta nola ematen zidaten modua barruko gauzak ateratzeko. Askotan, hitzez kontatu ezin diren gauzak abestiekin konta daitezke.

Kontzertuetan, lortzen duzu gozatzea?

Beti jartzen naiz urduri samar. Batzuetan, lo egitea ere kostatzen zait. Eszenatokian kontzentratuta egon behar dugu, dena oso neurtuta dagoelako. Baina kontzertuak opariak dira guretzat. Abestietan jartzen dugun maitasuna horrelakoetan jasotzen dugu bueltan.

MOTZEAN

  • Abesti bat? Hold My Girl, George Ezrarena.
  • Film bat? The Pianist.
  • Plater bat? Patata tortilla.
  • Oholtza kuttun bat? Gasteizko Foru plaza.
  • Kolore bat? Arrosa.
top