Ikusi Mikusi, liburuak altxortzat
Datorren ostiralean eta larunbatean egingo dute Ikusi Mikusi haur eta gazte literaturako azoka, Saran. Ikasleek hainbat lan egin dituzte, bertan parte hartzeko; besteak beste, Sarako ikastolako haurrek.
Ane Insausti Barandiaran
Errotuladoreak eta margoak hartu, eta paper zuriaren parean jarri dira Sarako (Lapurdi) Olhain ikastolako ikasleak: Ā«Zer da altxor bat?Ā» galderaren erantzunaren bila. Horixe baita aurtengo Ikusi Mikusi haur eta gazte literaturako azokako gaia: Gure baitan bizi diren altxorrak. Idatzizko lan bat edo lan grafiko bat egin behar izan dute ikasleek, hara eramateko. Urriaren 11n eta 12an izango da azoka, eta herriko mediatekan izango dira Euskal Herri osoko ikasleen lanak ikusgai.
Altxorraren mapa bat marraztu dute ikasleek, eta ikastola, natura, lagunak, euskara eta beste zenbait hitz idatzi dituzte inguruan. Hasieran kosta zaien arren, txukun erantzun diote erronkari, Sarako Olhabide ikastolako zuzendari Pettan Anduezak adierazi duenez: Ā«Horrelako gai zabalekin, zaila da haurrek aurrez irudikatzea; emaitza biziki zabala izan daiteke, eta lagundu behar izan ditugu zentratzen. Baina olerkiak, argazkiak eta altxorraren mapak egin dituzte azkeneanĀ».
Duela lau urte sortu zuten azoka, eta urtero izan dira bertan, hutsik egin gabe. Aurtengoa ez da salbuespena izango. Ā«Herrian bertan izaki, gainera, errazten baitu aferaĀ», onartu du zuzendariak. Gustura irteten dira haurrak ikastolako eremutik, eta gogoz parte hartzen dute hitzaldi eta ikuskizunetan: Ā«Haien unibertsoa da, haiei zuzendutako liburuak proposatzen dira; beraz, biziki gogotsu dira. Uste dut gehien pozten dituena dela hori: liburu berri batekin etxeratzeaĀ».
Liburu bana eramango baitute etxera ikasleek azokatik, bertan jasotzen duten bonu bati esker. Haien kasuan, Sarako herriko etxeak lagundu ditu diruz: herriko hiru ikastetxeetako 243 haur joango dira azokara, eta bakoitzak hamabost euroko bonu bat izango du, azokan liburu bat erosteko. Eskertuta agertu da zuzendaria: Ā«Zinez erran dezakegu Sarako Herriko Etxeak indar handia egiten duela euskararen erabileraren hariraĀ».
Euskara, euskal literatura eta irakurzaletasuna bultzatzea baita, finean, Ikusi Mikusiren helburuetako bat. Eta horrek bete-betean bat egiten du ikastolako jardunarekin: Ā«Badira urte batzuk ikastolan literaturari toki handia ematen diogula, eta, beraz, biziki ongi heldu zaigu azokako hori, indartzen baitu gure proiektuaĀ».
Euskara belarrietan
Baina ez da liburu bat ikasleek azokatik etxera eramaten duten gauza bakarra; Euskal Herriko beste ikasle batzuekin batera haien hizkuntzak inguratutako egun oso bat bizitzeko aukera ere ematen die azokak: Ā«Euskaraz bizitzeko aukera eskaintzen digu ikastolatik kanpo ereĀ». Besteak beste, Igorreko (Bizkaia) ikasleak, Alegiakoak (Gipuzkoa) eta Arraiozkoak (Nafarroa) ikusiko dituzte. Eta euskararen kolore eta doinu askotarikoak entzungo dituzte egun osoan haien belarriek.
Ikasleen eguna izango da ostiralean, eta publiko orokorrari irekia larunbatean. Bertan egingo dute topo guztiek, gainerako ikastetxeetako ikasleekin egoteko denbora askorik izango ez badute ere, egun bete-betea izaten baita: Ā«Gure ikasle guztiek ikusgarri bat ikusiko dute, ikastolako elkarteak ordainduta: Haur Hezkuntzakoek bat, eta Lehen Hezkuntzakoek beste bat. Eta, gero, bi taldek parte hartuko dute Ikusi Mikusik idazleekin, ilustratzaileekin edo antzezleekin proposatzen dituen tailerretanĀ».
Sarako Biltzarretik harago, herria haur eta gazte literaturaren erdigunean ere jartzen du Ikusi Mikusik, asteburu batez. Literaturaren eta liburuen mundu horretan murgiltzeko aukera eskaintzen die haurrei. Ā«Zinez merezi du azokara hurbiltzea. Eskaintza handia da, bai liburu aldetik, bai ikusgarri aldetikĀ», berretsi du Anduezak. Aurtengo gaiak dioen bezala, altxor txiki bat baita Ikusi Mikusi bera ere.