Iker Villa: «Musika egitea da benetan maite dudana»

Musika da Iker Villaren pasioa (Barakaldo, Bizkaia, 1995). Revolta Permanent taldean ateratzen du bere alde iluna, aldarrikapenerako, eta STR taldean, berriz, pertsonala. Bihartik aurrera, telebistara itzuliko da: Ztanda talentu saioko aurkezlea izango da, ETB1en.

Zer eginkizun izango duzu Ztanda-n?
Niretzat erronka berria da. Aritu izan naiz telebistan, baina, oraingoan, Barbara Goenaga da aurkezlea, eta oholtzaren atzean lehiakideak elkarrizketatzea da nire lana.
Gustuko duzu telebista?
Hasieran, beldurra nion telebistaren munduari. Bago!az-en eta Go!azen-en aritu nintzen, eta, gauza guztiek bezala, alde onak eta txarrak ditu. Batetik, lana da, baina, bestetik, zure irudi publikoa sortzen da. Beraz, gustuko bai, baina ez da bokaziozkoa. Musika egitea da nik benetan maite dudana.
Hain zuzen, 12 urterekin sortu zenuten Revolta Permanent taldea. Nolatan sortu zenuten?
Iker Aginagarekin batera sortu nuen. Ez genekien instrumenturik jotzen, rapa entzuten genuen garai horretan, eta rapean aritzen ginen Interneteko doako instrumentalak hartuta. Horrela egiten genituen abestiak. Nire bizitzan sortu dudan lehen proiektu pertsonala da, geure kabuz egiten dugulako dena. Gero, Herri Oihua taldea sortu genuen, eta STRn ere aritzen naiz.
Umea zinenetik izan duzu musikarako grina?
Musika asko entzun izan dut, baina ez naiz txikitatik abesten zuten horietakoa. 12 urterekin-edo hasi nintzen Barakaldoko Hala Dzipo musika eskolan, alboka ikasten.


Nolatan alboka?
Garai hartan musika folklorikoa asko gustatzen zitzaidan. Albokak duen gaitaren antzeko doinu hori interesgarria iruditzen zitzaidan. Hiru edo lau urte egon nintzen ikasten. Gero, gitarra jotzen hasi nintzen musika eskolan, eta, hortik aurrera, autodidakta izan naiz: teklatua ere jotzen dut apur bat.
Haurtzaro ona izan zenuen?
Bai, ikasle ona izan nintzen, nire lagunartea oso osasuntsua izan zen, eta balio oso onak transmititu zizkiguten. Zientzia eta teknologia gustatzen zitzaizkidan, eta Fisikako graduan sartu nintzen unibertsitatean, baina gero ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen.
Euskararekin zer harreman izan duzu?
D ereduan ikasi nuen, dena euskaraz, eta gaztetatik hasi ginen rapa euskaraz egiten. Barakaldokoak gara, eta, garai horretan, herriko okindegi batean ogia euskaraz erostea apur bat utopikoa zen. Gogoan dut kuadrillako batek proposatu zuela gure artean ahalik eta gehien euskaraz hitz egiten saiatzea. Hasieran arraroa egin zitzaigun, baina gehiagora joan zen, eta oraindik ere euskaraz egiten dugu elkarrekin. Polita da hori.
Gaur egun, Gaua estudioan lan egiten duzu. Zertan?
Nire lana da estudioan taldeekin aritzea, musika sortzen. Ekoizpenak, grabaketak, nahasketak eta masterizazioak egiten ditugu.

MOTZEAN

  • Kolore bat? Urdina.
  • Janari bat? Brokolia.
  • Abesti bat? Dire Straitsen Sultans of Swing.
  • Film bat? Michael Hanekeren Amour.
  • Erreferente bat: Eduardo Galeano.

top