Iker Irribarria: «Asko gozatu dut pilotan»

Belauneko lesio batek behartu du Iker Irribarria (Arama, Gipuzkoa, 1996) pilotari ibilbidea amaitzera. Martxoaren 4an esan zien agur praka zuriei, zortzi urtean hiru txapel lortuta. «Harro» dago egindako ibilbideaz.

Duela pare bat aste izan zen azken partida. Zer moduz zaude?

Ondo, oraindik ez zaigu beheraldirik etorri. Baina belauneko mina hor dago oraindik; hori ez da desagertu.

Gogorra izan al da erabakia hartzea?

Asimilatzea izan da gogorra. Azkenean, lau edo bost espezialistak esaten baldin badizute horrela ezin duzula jarraitu, zaila da asimilatzea. Baina erabakia ez dut nik hartu; nik behintzat hala uste dut.

Agurreko prentsaurrekoan, arlo psikologikoaren garrantzia nabarmendu zenuen. Zergatik?

Kirolari profesional gisa arlo batzuk (teknikoa eta fisikoa) lantzen ditugu, eta psikologikoari ez diogu inoiz garrantzirik ematen. Baina beste biak bezainbesteko garrantzia dauka.

Atzera begiratuta, gustura zaude egindako lanarekin?

Bai, harro egotekoa da, nik uste. Pena da utzi behar izatea, baina zortzi urte hauek ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatu naiz. Oso ibilbide motza baina bizia izan da, eta gustura nago. Beste hamar bat urtez jarraitu nahiko nuke, eta beste bost bat final jokatu, baina ezin da.

Zer eman dizu pilotak?

Lagun minak: jende asko ezagutu dut. Asko gozatu dut pilotan, baita afizionatu mailan ere. Bestalde, profesional izateak diziplina eskatzen du. Hori asko landu behar izan dut.

Lagun horiek guztiak joan ziren agurreko partidara.

Aurkariak baino gehiago, lagunak dira. Kantxa barruan bakoitzak bereari begiratzen dio, baina kantxatik kanpo bukatu egiten da hori. Niretzat oso hunkigarria eta inportantea izan zen azkeneko partidan denak hor egotea.

Aramako frontoian hasi zinen pilotan?

Ez naiz oso ondo akordatzen; gurasoek eta aitona-amonek esaten didate 3 urterekin frontoian ibiltzen nintzela, jo eta ke, ez nuela besterik nahi. Aitarekin, amarekin, aitona-amonekin, osabarekin... Nahikoa gogaitu nituela uste dut. Pixkanaka-pixkanaka hasi nintzen, Araman, bai frontoi handian, eta baita eliza ondoan dagoen frontoi txikian ere. Han pasatu ditut haurtzaroko ordurik gehienak.

Ikasle ona zinen?

Beti eduki izan ditut dohainak ikasteko, baina horrek esan nahi du alferra ere izan naizela. Noten aldetik, ondo moldatzen nintzen, baina ez naiz oso langilea izan berandura arte. Arlo teknikoa gustatu izan zait beti, eta, hor barruan, marrazketa.

Pilotari profesionala izan arren, ikasketei eutsi zenien.

Eta orain eskerrak horri. Gaztea zarenean, burua beste gauza batzuetan daukazu, baina etxean behin eta berriz esaten zidaten ikasketekin jarraitzeko, beste erritmo batean bazen ere. Ingeniaritza eta irakasle izateko masterra amaitu nituen. Egoskorkeria puntu batekin, baina, orain, eskerrak eman behar dizkiet.

Aurrerantzean zer egiteko asmoa daukazu?

Orain, atseden hartu. Ondoren, irakaskuntza edo ingeniaritza arloan beste zerbait ateratzen baldin bada, helduko diogu. Aholkulari psikologiko izateko ikasten ere ari naiz, eta horretan jarraitu nahiko nuke. Kirolaz gain, behar dutenei laguntza eskaintzeko.

MOTZEAN

Kolore bat? Gorria.

Abesti bat? Laja eta Landakandaren Mendien edertasuna.

Pilotari bat? Juan Martinez de Irujo.

Plater bat? Txuleta.

Erreferente bat? Gurasoak.

top