Ikasturteari ekiteko prest!

Uda atzean utzi, eta ikasturtea agurtzeko unea iritsi da: astelehenean itzuli ziren Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikasleak ikasgeletara. Nafarroan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, herenegun izan zen itzulera eguna. Lagunak eta irakasleak agurtu, eta erronka eta ikasgai berriei aurre egiten ari dira dagoeneko Euskal Herriko ikasleak.

1. ZENBAT IKASLEK IKASIKO DUTE EUSKARAZ?

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan, ikasleen %70ek D ereduan ikasiko dute, eta ia %17k B ereduan. Nafarroan, berriz, ikasleen ia %24k ikasiko dute D edo B ereduan. Ipar Euskal Herrian, ikasleen %14,8 inguru arituko dira irakaskuntza orduetan osoki euskaraz, ikastolak eta eskola publiko eta pribatuak kontuan izanda.

2. HEZKUNTZA, ESKUBIDEA

Hezkuntza oinarrizko eskubideetako bat da, Nazio Batuen Erakundeak 1948an onartutako zerrendan ageri dena. Bertan zehazten denez,  «pertsona orok» du hezkuntza eskubidea. Hezkuntza «doakoa» izan behar da, oinarrizko ikasketei dagokienez behintzat. Eta oinarrizko ikasketak egitea, berriz, «derrigorrezkoa» dela jasota dago.

3. BETI BETETZEN AL DA ESKUBIDE HORI?

Eskubide hori ez da beti betetzen, ordea. Hain justu, Nazio Batuen Erakundeak 2020an egindako txosten baten arabera, 670 milioi analfabeto daude munduan. Liberian, Afganistanen, Sudanen, Nigerren eta Nigerian urratzen dute gehien hezkuntza eskubidea. Horien artean, gehienak emakumeak dira, gizonek baino aukera gutxiago izaten dutelako eskolak hartzeko hainbat lekutan. Afganistanen, adibidez, talibanek eskubide hori ukatu egin diete neskei: ezin dute bigarren hezkuntzatik gorako ikasketarik egin.

4. ZER ZAILTASUN DAUDE EUSKARAZ IKASTEKO?

Euskaraz ikastea ez da erraza Euskal Herriko hainbat lekutan. Nafarroako euskararen legeak, adibidez, eremu ez-euskalduna deritzonean, euskara ez du ofizialtzat jotzen, eta, hortaz, eremu horretan euskarazko eskaintza eskasa da irakaskuntza publikoan. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, urteak daramatzate baxoa eta brebeta euskaraz egiteko aldarrikatzen. Gaur egun, brebetako zientzietako proba frantsesez egitera derrigortuta daude. Baxoan, aldiz, proba guztiak egin behar dituzte frantsesez, nahitaez.

BA AL DAKIZU?

Analfabeto deitzen zaie irakurtzen eta idazten ez dakien pertsonei, hau da, alfabetatu gabeei.


5. ZER DAKAR LEGEAK?

Aurten, nobedade bat ere egon daiteke: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Hezkuntza Lege berria egin nahian ari da Eusko Jaurlaritza. Hainbat gauza arautzeko balio dute hezkuntza legeek; adibidez, eskolak zer hizkuntzatan hartu. Oraingoan, lege proiektuaren arabera, sistema «eleaniztuna» izango da, «euskararen inguruan artikulatua». Legearen beste xede bat da ikasle zaurgarriak modu orekatuan banatzea, eskolatze «inklusiboagoa eta orekatuagoa» lortzeko. Lege proiektuari buruzko eztabaidak izan dira, ordea, eta zalantzak daude onartuko duten edo ez.

6. NON DAGO SEASKAREN KOLEGIO BERRIA?

Ikasle kopurua handitzearen ondorioz, bosgarren kolegioa ireki du Seaskak, Senperen (Lapurdi). Zazpi hilabetez egon dira hura eraikitzen, eta astelehenean estreinatu zuten Kattalin Elizalde kolegioa, hain justu ere, Senpereko lakutik 200 metro ingurura. Seigarren eta bosgarren mailako ikasleak hartuko dituzte bertan, oraingoz; aurten, 82 ikasle inguruk hartuko dituzte eskolak bertan. Senperekoarekin, 39 ikastetxe ditu Seaskak: 33 lehen mailan, bost kolegio eta lizeo bat. 

7. NOLA EMATEN DIRA ESKOLAK?

Azken urteetan, eskolek urrats ugari egin dituzte digitalizaziorantz: geroz eta ordu gehiago egiten zituzten pantailetan. Herrialde batzuk, ordea, hori mugatzen hasi dira, haurren ikasketa prozesuari kalte egin diezaiokeelakoan: Suedian, adibidez, pantailak alde batera utziko dituzte, eta berriro liburuen bidez ikasten hasiko dira ikasleak. «Oinarrizko gaitasunetan zentratu behar da, hala nola irakurketan, idazketan eta kalkuluan», esan zuen, erabakia arrazoitzeko, Lotta Edholm Suediako Hezkuntza ministroak.

8. NOLA ERRAZTU ESKOLARA ITZULTZEA?

Eskolara itzultzea gogorra izan daiteke askorentzat, ez baita erraza denbora libre ugari izateari utzi eta berriro errutinaren zurrunbiloan murgiltzea. Hori errazteko, hainbat aholku ematen dituzte adituek: lotara goiz eta beti ordu berean joatea da horietako bat, deskantsatuta esnatzeko. Beste aholku bat, berriz, pantailen aurrean ordu gutxiago ematea: 2 eta 5 urte bitarteko haurrei ordu eta erdiko muga jartzea gomendatzen dute, eta, 6 urtetik aurrerakoei, bi ordukoa.

BA AL DAKIZU?

Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsa da, Nazio Batuen erakundearen barruan garabidean diren herrialdeetako haurrei eta amei laguntza humanitarioa eskaintzen diena.

top