Herria txondorraren bueltan

Hainbat hilabetez Txondorraren Bueltan egitasmoan buru-belarri aritu ostean, larunbatean piztu zuten txondorra, Oñatin. Ikazkintzatik bizi izandakoen lanari aitortza egitea eta antzinako jakintza transmititzea da helburua.

Ane Insausti Barandiaran / Oñati

Erre usaina nabaritzen da Oñatiko (Gipuzkoa) San Martin parkeko zuhaiztian murgildu ahala. Izen bereko ermitara gerturatu ahala, areagotuz doa usaina, eta parean, belardian, ohiko paisaiari beste hainbat eraikin batu dizkiote: ikazkinen txabola, sua berotzeko egitura, eta, azkenik, eguneko protagonista, txondorra. Joan den larunbatean piztu zuten, hilabeteetako lanketaren ostean.

Goizuetan (Nafarroa) dago proiektuaren sorburua. Txondorra piztu zuten iaz, eta Oñatiko hainbat lagun hara joan ziren bisitan, hura ikustera. Handik itzultzean, jakin-mina eta lanerako gogoa batu, eta Oñatin txondorra piztu behar zutela erabaki zuten. Pixkanaka-pixkanaka interesa zeukan jendea elkartu, eta hamar bat laguneko taldea osatu zuten; pareko txondorra da egindako lanaren emaitza.


Inguratutako jendea txondorra behatzen ari da. «Azpiko zulo horietatik emango diote su, pizteko, ezta?», galdetu dio gazte batek besteari. Hauxe da despedidia entzun da bozgorailuetatik, eta joandako jendetzari hesitutako gunetik kanpo jartzeko eskatu diote: hasi da ekitaldia. «Enrike, brasa gertu al zegok?». Baiezkoa jaso, eta aurrera: txalo zaparradaren atzetik hasi dira, txandaka, egurrez eraikitako eskaileratik txondorraren puntara igotzen, ikatzez beteriko palak eskuan. Goiko zulotik piztu behar baita txondorra, ez behetik.

Helburu bikoitza du Txondorraren Bueltan egitasmoak, Arantzazu Sagarzazu antolatzailearen esanetan. Bata, ohitura zaharra ezagutaraztea: «Ikatza zelan egiten den jakintza transmititzea, haria oso etenda dago eta». Bestea, berriz, ikazkintzatik bizi izandako guztiak omentzea: «Hasi ikazkinetatik, baina baita basoko lanetan ibiltzen zirenak ere, eta ikatza saltzen, edo dena delakoa egiten».


Txondorra egiteaz gain, beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte azarotik hona: basoaren historiari buruzko irteera, Tasio filmaren emanaldia, hitzaldiak, orbela biltzeko irteerak, ikazkintzarekin loturiko jarduerak eskuz nola egiten zituzten jakiteko egitasmoak... Askok ez zekiten txondor bat zer zen ere, baina, auzolanean, lortu dute ikastea, eta bat egitea. «Hemen ari gara, 2024. urtean, egur ikatza eta beste gauza asko egiten», aldarrikatu dute piztuz joan ahala.

Ikatzaren garrantzia

Bi metro eta hamar zentimetro inguruko altuera eta bost metroko diametroa ditu txondorrak. Lur eta guzti jartzean, ordea, gehixeago hartzen du. Aspaldi ordezkatu zuen elektrizitateak edo argindarrak ikatza. Baina lehen, ezinbesteko erregaia zen, eta ikazkinek egindako txondorren bidez lortzen zuten hori.

Sagarzazuk kontatu du nola egin duten, pausoz pauso: egurrik sendoenak barruan kokatu dituzte lehenik, «erditik pizten denez denbora gehiago egongo direlako ikazten»; gero, kanpoaldean, egur txikiagoak jarri dituzte, «gehienbat zuloak betetzeko»; azkenik, orbelarekin zuloak guztiz estali dituzte, eta kanpotik lurra gehitu.


Auzolanean parte hartu duten haur eta gurasoak izan dira txondorraren ingurura joaten lehenak: kalejira egin dute, eta dantzan aritu dira, txistu doinuek lagunduta. Ondoren, zahagi dantza egin dute Goizuetako dantzariek. Piztu dute txondorra, amaitu dute dantza, ospatu dute orain arte egindako bidea, eta txondorrari kea dario, etengabe.


Eguna «urduri» hasi dutela onartu du antolatzaileak, baina baita «gogotsu» ere, hainbeste hilabeteko lanaren emaitza ikusteko. «Orain, aldatuz joango da egunetik egunera, txikitu egingo da, zuritu egingo da... eta ea surik ez digun hartzen!», esan du, barrez.


Piztu dute, bai, baina oraindik lana dago egiteko: bizpahiru aste beharko ditu txondorrak egosteko, ikatz bihurtzen den arte. Prozesu hori ondo egiten ari dela ziurtatzeko, 24 orduko zaintzak antolatu dituzte boluntarioek. Hain zuzen, txondor ondoan eraikitako txabolan egingo dute lo, eta San Joan ingururako ikatza eginda egotea espero dute. Datozen egunetan bisitan joatera gonbidatu dituzte herritarrak: «Gaur asko zarete, eta ez sartzea komeni da. Bi astez hemen egongo gara: etorri nahi duzuenean!».

top