Hamarkada bi, egunkari bat

1. ZER DA BERRIA?

Euskal Herri osoan banatzen den euskarazko egunkari bakarra da BERRIA. Andoainen (Gipuzkoa) du egoitza nagusia, eta Baionan, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen ere baditu delegazioak. Egunero-egunero euskaraz munduan gertatzen denaren berri ematea da haren funtzioa, euskaldunei mundua ulertzeko gakoak emateko, euskara ardatz hartuta.

2. NOIZ SORTU ZEN?

2003ko ekainaren 21ean argitaratu zuen BERRIAk lehen alea. Dena den, hori baino lehenago hasi zuen ibilbidea, Euskaldunon Egunkaria-rekin. Guardia Zibilak urte horretako otsailaren 20an itxi zuen Euskaldunon Egunkaria, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz. ETA erakunde armatuaren tresna izatea leporatzen zion komunikabideari, gerora epaitegiek hala ez zela argi utzi eta Egunkaria-ri arrazoia eman arren.

3. ZERTAN ALDATU DA KAZETARITZA?

Kazetaritza egiteko eta jasotzeko modua asko aldatu da azken hogei urteetan. Geroz eta jende gutxiagok erosten du papereko egunkaria, eta, aldiz, geroz eta jende gehiagok edizio digitaletan irakurtzen ditu berriak. Ikus-entzunezko edukiak ere areagotu dira. Sare sozialen bidez, albisteak azkarrago zabaltzeko aukera dago. Dena den, aukerak bezala, arriskuak ekarri ditu digitalizazioak: informazioa oso erraz zabaltzen da bolo-bolo, eta ez da zertan fidagarria izan. Horregatik, informazio fidagarria eta kalitatezkoa sortzea inoiz baino beharrezkoagoa da. Hori da BERRIAren helburu nagusia.


4. ZERTAN ALDATU DA BERRIA?

Hogei urtean, aldaketa horietara guztietara egokitu behar izan du BERRIAk, ezinbestean. Papereko eta webguneko edizioez gain, podcastak, ikus-entzunezkoak eta gai jakin batzuei buruzko buletinak sortzen ditu, irakurleek informazioa hainbat euskarritan jaso dezaten. Horrez gain, BERRIAren oinarrian dauden balio eta gai batzuk sakonean landu eta bultzatzeko apustu berezia egin du kazetak: feminismoa, ekologismoa, euskara...

5. ZER ERRONKA DITU BERRIAK?

Hogeigarren urteurrena gogoetarako eta etorkizunera begira jarrita hartu dute BERRIAko langile eta arduradunek, eta, aurrera begira, euskarriak hobetzea da asmoa, informazioa kalitatez ematen jarraitzeko: digitalean eta paperean aldaketa handiak etorriko dira, informazioa modu argiago eta arinagoan emateko. Oinarriak berbera izaten jarraituko du, ordea: kazetaritza independentea egitea, euskaraz, irakurleei mundua ulertzeko tresnak emateko.

6. ETA 'MANTANGORRI'-N EZER ALDATUKO AL DA?

BERRIAko haur eta gaztetxoen gehigarriak ere izango du aldaketaren bat. Hasteko, abuztuan, Mantangorri-k oporrak hartuko ditu, eguzkipean deskantsatu eta irailean ikasturte berriari indarrez ekiteko. Dena den, ez da hori izango berrikuntza bakarra: udazkenetik aurrera, Mantangorri-k webgunea izango du. BERRIAren webgunetik sartu ahal izango da bertara, eta gehigarriko eduki nagusiak egongo dira bertan: erreportajeak, elkarrizketak eta posterrak, ipuinak, denbora-pasak, Belardoren komikiak... Beraz, ADI EGON, eta EZ GALDU!


AMAGOIA MUJIKA TOLARETXIPI: «'MANTANGORRI'-REN IRAKURLEENGAN PENTSATU BEHAR DUGU, HAIEK BAITIRA GURE ETORKIZUNA»

Urteurrenak dakarren beste aldaketa bat BERRIAren zuzendariBaldaketa da: Amagoia Mujika Tolaretxipik hartuko du MartxeloBOtamendiren lekukoa arduraBpostu horretan. Mujikak urte asko eman ditu egunkarian, bai erredakzioan eta baita arduraBpostuetan ere.

Betidanik izan nahi izan duzu kazetari?

Egia esan, kazetari ez, baina umetatik gustatu izan zait idaztea, eta nik beti esaten nuen idazle izan nahi nuela. Idaztearekin zerikusia zuen zerbait egin nahi nuela txikitatik izan dut argi.

Non egin zenituen kazetaritza ikasketak?

Euskal Herriko Unibertsitatearen Leioako [Bizkaia] campusean. Urte haien oso oroitzapen onak ditut. Ikasteko ez ezik, etxetik joan eta lagunekin bizitzeko aukera izan nuen.

Ikasle ona al zinen?

Beti izan naiz ikasle ona, baina beti izan dut gauzak azken ordurako uzteko joera, ez bakarrik ikasketekin. Asko gustatu izan zait beti ikastea, eta fakultatean nengoela ematen zizkiguten liburu guztiak irakurtzen nituen.

Gogotsu al zaude zuzendari izateko?

Bai. Hasieran beldur pixka batekin hartu nuen, baina orain ilusioz eta gogotsu hartzen dut ardura. Taldean sinesten dut, oso talde ona daukagu BERRIAn, eta horren alde egingo dut.

Hemendik aurrera, zer aldaketa izango ditu BERRIAk?

Erabat aldatzera goaz. Mundua asko aldatu da, eta informazio asko jasotzen dugu. Prozesu luze bat egin dugu, digitalizazioan urrats handi bat egiteko. Hori bai, papera ahaztu gabe. Diseinu aldaketa bat egingo dugu bietan.

Eta Mantangorri-k?

Mantangorri-ren webgunea martxan jarriko dugu. Etxeko txikienek Internet bidez ere eskuragarri izango dute paperean jasotzen dutena. Eskertzekoa da haurrak gure irakurleak izatea. Haiengan pentsatu behar dugu, haiek baitira gure etorkizuna.

top