Gorputza bare-bare

1. ZER DA HIBERNAZIOA?

Zenbait animalia espeziek muturreko baldintza meteorologikoetatik babesteko egiten duten prozesua da hibernazioa. Bereziki neguan egiten dute, tenperatura hotzei aurre egiteko, eta bizitza kontserbatzea eta zaintzea du helburu. Horren bidez, gorputzeko tenperatura eta funtzio metabolikoak oso maila apalean mantentzea lortzen dute.

2. ZERGATIK EGITEN DUTE?

Tenperaturak hoztearen ondorioz, animalia asko inguruan dituzten elikagairik gabe geratzen dira, inguruko landareetatik edo animalietatik elikatzen direlako. Baina landare horiek izoztuta geratzen badira, edo animalia horiek emigratzen badute, jatekorik gabe geratzen dira animaliak, eta ezin dira jan gabe bizi. Horregatik, aldez aurretik prestatu behar dira egoera horretarako, eta abagunea iristen denean, hibernatu.

3. HOTZETIK IHES EGITEN DUTE?

Hotzari aurre egiteko modu bat da hibernatzea, baina horrek ez du esan nahi hotzetik salbu daudenik. Izan ere, hibernatzen duten inguruan tenperaturak gehiegi hoztuz gero, eta animalia horiek babesguneetatik kanpo hibernatzen badute, izozteko arrisku handia dute. Horregatik, animalia asko eta asko estalki sendoetan babesten dira. Hala, baliteke inguruak izoztea, baina haiek babestuta  daude.


ZER ALDAKETA EKARTZEN DIZKIO GORPUTZARI?

Animalien gorputzeko jarduera guztiak mantsotzen dira hibernazioan. Bihotzaren maiztasuna minutuko taupada batzuetara mugatzen da, eta gorputzaren tenperatura eta arnas maiztasuna ere asko jaisten dira. Hori dela eta, hibernazio prozesuan dagoen animaliaren bat ukituz gero, azala hotza izaten dute. Askotan, animalia hilda dagoela ematen du, eta batzuk ez dira esnatzen hura astindu edo mugimendu zakarrak eginda ere.

BA AL DU ARRISKURIK?

Hibernatzeak arriskuak ere badakartza, ordea. Izan ere, animalia batek ezin badu behar adina gantz gorde, edo ezin baldin badu janari nahikoa aurkitu esnatzen denean, baliteke ez irautea bizirik. Aldiz, animalia bat behar baino lehenago esnatzen baldin bada, baliteke gordetako gantz erreserbak azkarregi amaitzea, eta hiltzea.

NOIZ SARTZEN DIRA HIBERNAZIOAN?

Animalia guztiek ez dute batera hibernatzen, bakoitzak bere hibernazio epeak baititu. Halere, gehienek behintzat, urria eta martxoa artean hibernatzen dute, orduan egiten baitu hotz handien.

NORK?

Normalean hibernatzen duten animaliak txikiak izan ohi dira. Proportzioan, animalia handiak baino gorputz azalera handiagoa eta, elikadura gordetzeko leku gutxiago izaten dute. Hibernazioa da elikadura erreserbak hobekien baliatzeko bidea.

4. ZER ANIMALIAK HIBERNATZEN DUTE?

HARTZA

Hartzak dira hibernatzen duten animalia ezagunenak. Udazkenean, hibernatu aurretik, balio kaloriko handiko elikagai asko kontsumitzen dituzte, negurako gantz geruza handitzeko. Lo moduko egoera batean sartzen dira, eta bihotz erritmoa minutuko 40-50 pultsaziotik hamar pultsaziora jaisten da. Arnas erritmoa ere erdira jaisten da, eta gorputzeko tenperatura, berriz, lauzpabost gradu. Jateari, edateari eta txiza egiteari uzten diote.

TRIKUAK

Euskal Herrian triku asko eta asko aurkitu daitezke baso, errepide eta sastraka artean. Urte osoan egoten dira horietan. Animalia negutarrak dira, eta azarotik martxora bitartean hibernatzen dute; gainerako hilabeteetan aktibo mantentzen dira. Tarteka, tenperatura aldaketen ondorioz, loalditik esnatu, eta hibernazioa bertan behera utz dezakete. Horregatik, udazken amaieran eta neguan ere
posible da trikuak ikustea. Hibernatzeko eta ugalketa garairako, habiak egiten dituzte, bertan babesteko.


OILAGORRAK

Udazkenean iristen dira oilagorrak Euskal Herrira, eta, negua bertan pasatu ostean, iparralderantz migratzen dute martxo inguruan. Basoetan aurkitzea da ohikoena, baina orbel artean ezkutatzeko moduko kolorea daukanez, sarri zaila izaten da horiek ikustea. Moko luze eta estua daukate, lurreko zizareak jatera iristeko. Iberiar penintsula garrantzitsua da Europa erdialdeko, iparraldeko eta mendebaldeko populazioentzat, askok bertan burutzen baitute hibernazioa.

MARMOTAK

Pirinioetako animaliarik ezagunenetariko bat dira marmotak, oso ohikoa baita horiekin mendian topo egitea. Urriaren amaieratik apirilaren amaierara hibernatzen dute. Lur azpiko gordelekuetan babesten dira hotzetik, eta gorputzeko tenperatura 4,6-7,6 arteko tenperaturara jaisten da. Bihotz taupada bakarra izaten dute hamar minutuko. Negurako erreserbak gordetzeko, landare askoren zurtoinak eta sustraiak jaten dituzte, eta gantz geruza lodia eratzen dute larruazalaren azpian.


BARRASKILOAK

Normalean, barraskiloek klima hotz eta epeletan hibernatzen dute, baina udan ere eten dezakete beren jarduera, lehortea badago. Hibernatu bitartean heze mantentzeko, oskoleko irekidura ixten dute, muki kapa moduko batekin.

SAGUZARRAK

Saguzarrek babeslekuetan igarotzen dituzte neguak, udazkeneko erreserbez baliatuta: kobetan edo zuhaitz zuloetan gordetzea izaten da ohikoena. Migrazio luzeak egiten dituzte, bizitzeko baldintza egokien bila. Iluntzean ibiltzen dira gehienbat, gauez ehizatzen baitituzte intsektuak. Egunsentian, aldiz, haien jarduera nabarmen jaisten da. Bakarka ehizatzera ohituta daude, baina taldean ere ikus daitezke.


top